Vianako Printzea Erakundeak oniritzia eman dio Sarasate pasealekua eta ondoko kaleak berrurbanizatzeari, euri-uren sarea berritzeari eta hondakinen bilketa pneumatikoa instalatzeari

Vianako Printzea Erakundeak oniritzia eman dio Sarasate pasealekua eta ondoko kaleak berrurbanizatzeari, euri-uren sarea berritzeari eta hondakinen bilketa pneumatikoa instalatzeari
Urriaren 8an argitaratutako azken txostenean, Foruen monumentua egun dagoen tokian mantendu dadila zehazten da
Sarasate


Vianako Printzea Erakundeak Sarasate pasealekua eta inguruko kaleak berrurbanizatzeko proiektua baimendu du, eta ideia-lehiaketa irabazi zuen Isolineak proiektuari jarraikiz gauzatuko da. Hala jasotzen du urriaren 8ko txostenak. Bertan proposatzen da, beste xedapen batzuen artean, Foruen monumentua egungo kokapenean mantentzea eta iparraldeko espaloiko farolek egungo estetika kontserbatzea, hiriko erdiguneko gainontzekoekin bat egiteko.

Lehenengo gaiari dagokienez, txostenaren arabera, Foruen monumentuaren inguruko jardineraren eta kateen egituraketa mantendu behar da, katalogatutako elementuaren parte direlako. Isolineak proiektuak egoera hori planteatzen zuen dagoeneko, hala ere, inguruko harmailak eta modiloiak aldatzea aurreikusten zuen oinarria topografia berrira egokitzeko. Halaber, proiektuak jardineren ingerada igotzea planteatzen du, modiloien goiko aldea gainditzen ez duen altuera batera. Bi jarduketek Vianako Printzea Erakundearen babesa dute.

Bigarrenik, farolei dagokienez, azken txostenean jasotakoaren arabera, Sarasate pasealekuaren ingurua, iparraldeko espaloia salbu, ez da Kultur Intereseko Ondare izendatutako hirigune historikoaren parte, baina, luminarien kasuan, kontuan hartu behar da jarraitutasuna ahalbidetzen dutela beste hiri-espazio batzuetakoekin, hala nola Gazteluko plazakoekin. Hori dela eta, Udalak berrurbanizazio-proiektuan horiek erabil ditzala planteatzen da, behintzat iparraldeko espaloian.

Lanak azkartzea Comedias kalean Erdi Aroko harresiaren hondakinak aurkitzeko
Txostenean, halaber, Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologiako Sailaren iritzia dago jasota, eta iritzi horren arabera, bilketa pneumatikoa egiteko aurkitutako irtenbideak Erdi Aroko harresiaren trazaduratik urruntzeko eskakizuna betetzen du. Testuaren arabera, Comedias kalearen eta Sarasate pasealekuaren arteko lotunean, litekeena da harresiaren eta haren errefortzuen aztarnak aurkitzea. Nolanahi ere, ez dakigu horien kota eta kontserbazio-egoera zein den. Hori dela eta, obrak eragindako eremuan indusketa egiteko eskatzen dute, modu independentean eta ahalik eta aurrerapen handienarekin, defentsa-egiturak aurkitu, horiek induskatu eta baloratzeko txostena aurkeztu arte.

Lanen gainontzekoan Ondare Arkeologikoari egindako kalteak bateragarriak dira, aurretik egindako zundaketa arkeologikoei esker eskuragarri dauden datuen arabera. Gauzatzeko baldintza teknikoetan jada jasota dago, erakundeak planteatzen duen bezala, egungo zoladuraren azpian egiten diren lur-iraultze guztiak eta horien prestaketak kontrol arkeologikopean egin behar direla. Gainera, berrurbanizatzeko proiektuak nahitaezko esku-hartze arkeologikoa egiteko beharrezko aurrekontua eduki beharko du.

Txostenean gogorarazten da, araudiarekin bat, egitura arkeologikoak desmuntatzeko Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen berariazko baimena beharko litzatekeela. Foruen monumentuaren kasuan, zehazki, eskatzen da haren gainean jardutekotan jarduketa bakoitzaren, erabilitako materialen eta gauzatuko duten langile gaituen proposamen xehatua bidaltzea.

Aldeko laugarren txostena
Aipatu txostena Vianako Printzea Erakundeak Sarasate pasealekua birmoldatzeko dagoeneko abian diren jarduketa-sorta bermatzeko argitaratzen duen laugarrena da. Erakundeko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Sailak dagoeneko eman zuen bere onespena, uztailaren 4ko txostenean, Sarasate pasealekutik Taconera parkera Nafarroako errege-erreginen sei estatua lekualdatzeko, eta une hauetan gauzatzen ari da lekualdaketa.

2025eko uztailaren 29an, sail berak txosten osagarri bat argitaratu zuen gomendatzeko Iruñeko hiri-antolamenduaren aldaketa xehatua onetsi behar zela, egungo planean BBBPBak estatuendako, haien kokapen berrian, ezartzen duen babesa txertatzeko. Aldaketa hori hasiera batez onetsi zen eta aurki izanen da behin betikoa. Abuztuaren 5ean, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroko, Ondasun Higigarrietako eta Arkeologiako Sailak aldeko txostena eman zuen, eskulturak lekualdatzean babesteari buruzko ohar batzuk eginez eta Takonerako lanetan egin beharreko jarraipen arkeologikorako jarraibideak ezarriz.

Urriaren 8koa txosten horietako laugarrena da, eta berariaz proposatzen du proiektua baimentzea, ez bakarrik pasealekuari berari dagokionez, baita inguruko kaleei eta euri-uren sareak eta bilketa pneumatikoaren instalazioa berritzeari dagokienez ere.

Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko proiektua Iruñeko Udalak sustatu eta honako hauek idatzi dute: Álvaro Itarte, Gustavo Figueira, Diego Díaz eta Lucía Ferrater arkitektoek, Martín Knuijt eta Lourdes Barrios paisaia-arkitektoek, Juan Aiciondo industria-ingeniari teknikoak, Juan Bautista Guallart ingeniari zibilak eta Andrés Septién arbolazaintzako tekniko espezialistak.

¿Te ha sido útil esta página?