Verónica Aranda Casadok gaztelaniazko modalitatean, ‘Cobalto oscuro’ obrarekin, eta Oihane Zuberoa Garmendia Glaríak euskarazkoan, ‘Bidaia (h)ariketak’ lanarekin, irabazi dute Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak sustatutako Iruña Hiria XIV. Nazioarteko Poesia Saria. Sariketa abian jartzeko, Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Nafar Ateneoarekin, eta 6.000 euroko gastua hartu du bere gain, dirutan emanen diren sarietarako, 3.000 euro modalitate bakoitzeko. Ekimenaren xedea da literatur sormena sustatu eta hedatzea, eta egileak ezagutzera ematea.
Lehiaketara 475 poema-bilduma aurkeztu ziren, 457 gaztelaniaz eta 18 euskaraz. Honek esan nahi du kopurua handitu dela 2019arekin alderatuta, orduan 366 lan aurkeztu baitziren, 357, gaztelaniaz, eta 9, euskaraz. Aurreko edizioetan bezala, handitu egin da lanak Internet bidez bidaltzen duten parte-hartzaileen kopurua. Aurten, Internet bidez iritsi dira jasotako obren % 99,56 gaztelaniazkoetan (3 bakarrik iritsi dira posta arruntez), eta % 100 euskarazkoetan. Hori COVID-19ak eragindako osasun krisiarekin lotuta egon daiteke.
Gaztelaniazko obren % 34, atzerritik
Gaztelaniaz aurkeztutako lanen % 66 (457tik 301) estatutik datoz, % 34, atzerritik, 4k jatorri ezezaguna dute, eta bik ez dute plikarik. Edizio honetan, autonomia erkidegoei dagokienez, Madrildik jaso dira obra gehien (67 obra), gero Andaluziatik (52), Kataluniatik eta Valentziako Erkidegotik (29na), eta Euskadi eta Gaztela eta Leondik (17na). Ondoren datoz Gaztela-Mantxa (15 lan), Nafarroa (12), Murtzia (11), Galizia (10), Aragoi (9), Asturias eta Kanaria Uharteak (7na lan), Balear Uharteak (6), Extremadura (4), Kantabria (2) eta Errioxa (1).
Atzerritik jasotako poesia-bildumei dagokienez, nabarmentzekoa da Argentinatik 33 iritsi direla, Kubatik 22, Mexikotik 18, Kolonbiatik 17 eta Txiletik 11. Horietaz gain, 9na iritsi dira Perutik eta Uruguaitik, 6 AEBetatik eta 5na Ekuador eta Venezuelatik. Zerrenda osatzen dute Costa Ricatik iritsitako 3 lanek, Kanada, Portugal, Brasil eta El Salvadorretik iritsitako bina lanek eta Alemania, Bulgaria, Frantzia, Guatemala, Israel, Letonia, Nikaragua, Panama, Andorra eta Puerto Ricotik jasotako lan banak.
Euskaraz jasotako 18 lanetatik 8 Gipuzkoatik datoz, 4 Bizkaitik, 3 Nafarroatik eta bana Andaluziatik, Valentziako Erkidegotik eta Galiziatik.
Pinturari eta bidaia iniziatiko bati eskainitako poesia-sariak
Epaimahaiaren hitzetan, ‘Cobalto oscuro’ lanak, gaztelaniazko modalitatean irabazle suertatu den liburuak, ekfrasien bidez (adierazpen bisual baten hitzen bidezko adierazpena) lortzen du oso ezaguna ez den emakume pintoreen kolektibo bat aldarrikatzea, XVII. mendetik gaur egun artekoa. Genero-mota hori defendatzen duen ideia original baten moduan definitzen du, garapen oso orekatua eta poema oso harmonikoak eta lortuak dituena. Horrela, aurtengo hau goitik behera pinturari eskainitako lehenengoa dugu ‘Iruña Hiria’ poesia-sarian. Zentzu horretan epaimahaiak gogorarazi du, baita ere, poesia eta pintura beti estu lotuta izan diren bi diziplina artistiko ditugula. Gure aro aurreko 470 urterako ere Simónides de Ceos poeta greziarrak esan zuen “pintura poesia mutua dela, eta poesia, hitz egiten duen pintura”. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Javier Olivar de Julián, Jesús Munárriz Peralta eta Javier Asiáin Urtasun, Nafar Ateneoko Literatura eta Hizkuntzalaritzako batzordekidea.
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako lehiaketara aurtengo edizioan euskarazko 18 lan aurkeztu ziren, eta horien artean Oihane Zuberoa Garmendia erronkariarraren ‘Bidaia (h)ariketak’ jaso du lehen saria. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Ines Castiella Imaz, Unai Pascual Loyarte eta Josu Jimenez Maia Nafar Ateneoko Euskarako batzordekidea. Epaimahaikideek nabarmendu dute lanaren kalitate linguistikoa, eta haren freskotasuna, aldi berean mundu klasikoari egindako erreferentziek aberastutakoa. Horretaz gain, nabarmendu dute obrak bidaia iniziatiko batean barna eramaten duela irakurlea, gogoeta sakonez eta sentimendu paradoxikoez betea, maisutasun handiaz ezarriak.
Verónica Aranda: sari asko jaso eta zenbait herrialdetan emanaldiak eskaini dituen egilea
‘Cobalto oscuro’ dugu gaztelaniazko modalitateko obra irabazlearen izenburua. Verónica Aranda Casado (Madril, 1982), Filologia Hispanikoan lizentziaduna da, poeta, kultur kudeatzailea eta itzultzailea. Honako sari hauek jaso ditu, besteak beste: Poesia Gaztearen Antonio Carvajal saria, Madrilgo Erkidegoko Arte Joven saria, Antonio Oliver Belmás, Miguel Hernández, Salamanca hiria, Luis Feria eta Adonáis sariaren accesita.
Poema-bilduma hauek argitaratu ditu: ‘Poeta en India’ (Melibea, 2005), ‘Tatuaje’ (Hiperión, 2005), ‘Alfama’ (José Hierro poesia-zentroa, 2009), ‘Postal de olvido’ (El Gaviero, 2010), ‘Cortes de luz’ (Rialp, 2010), ‘Senda de sauces. 99 haikus’ (Amargord, 2011), ‘Lluvias continuas. Ciento un haikus’ (Polibea, 2014), ‘Café Hafa’ (El sastre de Apollinaire, 2015), ‘Épica de raíles’ (Devenir, 2016), ‘Dibujar una isla’ (Reino de Cordelia, 2017), ‘Sin rumbo fijo’ (Universidad de La Laguna, 2019), ‘Islas Galápagos’ haurrendako poema-bilduma (Aguadulce, Puerto Rico, 2019) eta ‘Inside the Shell of the tortoise’ (Nirala, India, 2016) eta ‘Mapas ‘2000-2015’ (Ediciones Matanzas, Kuba, 2018) poesia-antologiak.
Itzulpen-lanei dagokienez, Yuyutsu RD Sharma, António Ramos Rosa, Maria do Rosário Pedreira, Clarissa Macedo, Firas Sulaiman, Michel Thion eta Flaminia Cruciani poeten lanak itzuli ditu. Horretaz gain, poesia-emanaldi eta -jaialdietan parte hartu du, hala Espainian nola Maroko, Tunisia, Portugal, Frantzia, Polonia, Estatu Batuak, Kuba, Puerto Rico, Kolonbia, Venezuela, Dominikar Errepublika, Ekuador, Argentina eta Uruguain. Latinoamerikako gaur egungo poesiari buruzko bilduma bat zuzentzen du (‘Toda la noche se oyeron’) Madrilgo Polibea argitaletxean. Doktore-tesia prestatzen ari da emakumeek koplan eta fadoan duten errepresentazioari buruz.
Irabazle gaztea euskarazko modalitatean
Oihane Zuberoa Garmendia Glaríak (Erronkari, 1993) Filosofia ikasi zuen Donostian eta Bartzelonan. Gaur egun Filosofiako eskolak ematen ditu Gipuzkoako institutu batean. Aurtengo ‘Iruña Hiria’ sariaz gain, beste literatur sari batzuk ere jaso izan ditu. Esate baterako, Iruñeko Udalaren Egile Berrientzako euskarazko literatur sariaren 2018ko edizioan hirugarren saria jaso zuen narrazio laburrean, 2017an hirugarren saria poesian, eta 2016an, accesita narrazio laburrean ere.