Vázquez de Mella HLHIP eta Claret Larraona ikastetxeek beren eskola-baratzeak modu autonomoan kudeatu ahal izateko prestakuntza amaitzen ari dira

Vázquez de Mella HLHIP eta Claret Larraona ikastetxeek beren eskola-baratzeak modu autonomoan kudeatu ahal izateko prestakuntza amaitzen ari dira
Hamabi ikastetxek eta haur eskola batek jasangarritasunean heztea xede duen 'Eskola-baratze ekologikoen' udal-programan parte hartzen dute

foto

Vázquez de Mella HLHIPko eta Claret Larraona ikastetxeko ikasleek eta irakasleek aste hauetan amaitu dute beren eskola-eremuetan baratze ekologikoak martxan jartzeko prestakuntza. Hala, bi ikastetxeek Iruñeko Udalaren Eskola-baratze ekologikoa programan dagoeneko parte hartzen zuten hamaika zentroekin bat egin dute. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ekimenak, lehenengo hezkuntza-etapetatik gizarte jasangarriago baten eta elikadura osasuntsuago baten alde aurrera egiteko norbanakoengan zein taldean aldaketak eragitea du xede. 

Ikasturtean zehar, bi ikastetxeek udaleko teknikarien aholkularitza eta prestakuntza jaso dituzte beren eskola-baratzeak kudeatzeko orduan autonomia eskuratzeko. Hasiera batean, baratzeen kokapenari buruz aritu ziren. Vázquez de Mella ikastetxeak dagoeneko bazuen baratze-espazio txiki bat eta beste bi baratze-mailei esker handitu da. Bestalde, Claret
Larraona ikastetxean lurreko baratze bat zegoen eta ikasturte honetan hobetu eta handitu egin dute. 

Lehen urrats horren ondoren, irakasleek berariazko prestakuntza jaso dute, eta bereziki azpimarratu da eskola-baratzeen balio pedagogikoa, hezkuntza-tresna gisa. Gainera, prestakuntza eman zaie baratzea kudeatzeko, urteko sasoi bakoitzean erein eta landatzen ahal diren elikagaiak aukeratzeko, elikagai horiek mantentzeko eta biltzeko. Zehazki, bi orduko lau prestakuntza-saiotan parte hartu dute, bai eta programa lantzen ari diren hiriko beste ikastetxe batzuk bisitatzeko aparteko saio batean ere. Saio horietatik hiru ikastetxean bertan egin dira eta laugarrena Mendebaldeako baratze komunitarioan. Edukiak honako hauek barne hartzen ditu: eskola-baratzeei buruzko teoria ingurumen-hezkuntzarako tresna gisa, eskola-baratze baten kudeaketari buruzko praktikak, etapa eta hezkuntza-zikloen araberako programazio teoriko-praktikoa, ebaluazioa eta beste esperientzia batzuetara bisita.

Ikastetxeek erabakitzen dute zer landatu beren baratzeetan, hezkuntza-etaparen arabera eta eskola-egutegia eta hezkuntza-interesa bezalako irizpideetan oinarrituta. Batzuk landare jangarriak dituzte ardatz eta beste batzuek itxura, koloreak eta usainak. Ilarrak, letxugak, brokoliak, marrubiak, landare aromatikoak eta sendabelarrak landatuta, baratzeak esperientziaren bitartez askotariko ezagutzak ikasteko gela bihurtzen dira. Haurrek  baratzeak zaintzeko egindako ahaleginaren emaitza gisa ikusten dute landareen hazkuntza eta fruituen ekoizpena. Gainera, ikasleei esperientziak eta balioak partekatzeko aukera ematen die, esku-lanetan parte har dezaten sustatuz. 

Eskola-baratze ekologikoen programa 2017-2018ko ikasturtean abiatu zen eta egun indarrean dago Rochapea HLHIP, Sanduzelai IP, Doña Mayor HLHIP, García Galdeano HLHIP, Mendillorri HLHIP eta Mendigoiti IP, Amaiur Ikastola, Cardenal Ilundáin HLHIP, Ermitagaña HLHIP, Hegoalde Ikastola, Vázquez de Mella HLHIP eta Claret-Larraona ikastetxeetan. Hamabi ikastetxe horiei, Mendillorriko haur eskola batu zaie.

Programaren ebaluazioa
Iruñeko Udalaproiektuaren ebaluazioa egiten ari da ikasturte honetan , udal langileen eta parte hartzen duten ikastetxeetako hezkuntza-komunitateen elkarrizketen eta hausnarketen bidez. Ikastetxeek jasotako prestakuntzaz eta, urteak igaro ahala, baratzeak hainbat hezkuntza-mailetako ikasleek nola erabiltzen dituzten aztertzea da helburua. Gainera, ingurumenarekin zerikusia duten erakunde, elkarte eta kolektiboekin lankidetza-hitzarmenak abian jartzeko aukera aztertuko da. Ildo horretan, aurten Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (CPAEN-NNPEK) kolaborazioak martxan jarri dira. Horiei esker, bi ikastetxe berrietako ikasleek Elkarkideren baratzeak bisitatu dituzte, eta NNPEKek bazkari osasungarria eman die. Orain, Elkarkideko langileek bisitak eginen dituzte ikastetxeetara. Ebaluazio horren emaitzak ekainaren erdialderako prest egotea da helburua. 

Ikastetxeetako baratzeak abian jartzeko edo berraktibatzeko laguntza ekonomikoa eta irakasleen prestakuntza alde batera utzita, programak beste baliabide batzuk eskaintzen ditu, hala nola baratze-lanei buruzko prestakuntza-bideoak, ikasleendako lantegiak, baratzeko saskia, unitate didaktiko bat edo ebaluaziorako eta hiru hilean behin jarraipen-bilerak. Ingurumen hezkuntzako webgunean programari buruzko informazio guztia jasotzen da.

¿Te ha sido útil esta página?