Vázquez de Mella eta Ermitagaña ikastetxe publikoetako patioak hautatu dituzte patioak birnaturalizatzeko deialdian

Vázquez de Mella eta Ermitagaña ikastetxe publikoetako patioak hautatu dituzte patioak birnaturalizatzeko deialdian
Gero eta gehiago dira birnaturalizazio-prozesuetan inplikatutako ikastetxeak, eta zentroetako bat COL3NATUR Europako proiektu pilotuaren barruan dago
renaturalización patios

 

Vázquez de Mella (II. Zabalgunea) eta Ermitagaña (Ermitagaña/Mendebaldea) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek patioak elkarrekin diseinatzeko eta prestakuntza berdea jasotzeko parte hartzeko prozesu batean lan eginen dute datorren ikasturtean, eta horri esker, 600 ikasle baino gehiago hobeto egon eta jolastuko dira. 72,25 eta 64,95 puntu lortu dituzte hurrenez hurren, eta deialdian irizpide hauek hartu dira kontuan: gizarte-zaurgarritasuna, zentroaren ingurunearen ezaugarriak, azpiegitura berde eta urdina eta patioaren egoera eta patioaren erabilera eta dinamiken proposamena eta proiektu pedagogikoa. Aurreikuspenen arabera, ekimenak jarraipena izanen du hurrengo urteetan.

Lehen aldia da ikastetxeen azterketa eta proiektu pedagogikoari buruzko pentsamendu- eta hausnarketa-prozesu hori hasieratik berariaz egiten dela. Gaur goizean aurkeztu dute garapenari eta eman beharreko urratsei buruzko informazioa Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eta Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak.

Egun, 24 ikastetxe publikoetatik 11 ari dira bere patioak fase desberdinetan birnaturalizatzen, eta deialdiak xede du urtero bi ikastetxe batzea. 2026an, gainera, Rochapea IPko patioa birnaturalizatuko da, eta SUDOE programaren Europako proiektu baten esparruan esku hartuko da. Proiektu horren helburua da nazioaz haraindiko garapen- eta lankidetza-estrategiak indartzea eta bizkortzea parte hartzen duten eragileen artean (agintariak, akademikoak eta enpresak, eta kidetutako bazkide), erakusteko eraginkorra dela biztanle-dentsitate eta hiri-garapen desberdina duten eraikinen, patioen eta eskola-, landa- eta hiri-bideen naturalizazioa, betiere birnaturalizazioa bizkortzeko laguntza-tresna digitalak eta pilotu erakusgarriak ardatz hartuta. Col3Natur izeneko proiektua ekainean abiatu zen: Nafarroako Unibertsitatea da proiektuaren burua, eta Espainiako, Frantziako eta Portugaleko kideek parte hartzen dute.

Ikastetxeetako eta haur-eskoletako patioetan egindako esku-hartze guztiek, haurrei zuzendutako hezkuntza eta pedagogia hobetzeaz gain, espazio publikoa adin guztietako herritarrendako demokratizatzen dute, eta ‘bero-uharte’ efektuari aurre egiteko egiten dute lan, betiere hondamendi-arriskuaren prebentzioaren eta erresilentziaren alde.

Sei ikastetxek parte hartu dute lehenengo deialdian
Deialdia aurtengo irailean argitaratu zen, 2026-2027 ikasturtean gehienez ere bi proiektu garatzeko asmoarekin. Lehenengo edizioan, hautatutako biez gain, beste lau ikastetxe hauek aurkeztu dira, eskuratutako puntuazio hurrenkeran: Patxi Larrainzar IP (64,5 puntu), García Galdeano IP (62,3 puntu), Azpilagaña IP (61 puntu) eta Doña Mayor IP (55,3 puntu).

Epaimahai tekniko batek egindako hautaketaren ostean, parte hartzeko prozesu bat abiatuko da, profesionalek lagunduta, proiektua osatzen joateko. Horretarako talde eragilea aukeratuko da, eta horrek hezkuntza-komunitate guztiaren ahotsak eta iritziak hartu beharko ditu kontuan, bereziki haurrenak. Proiektua egituratu eta gero, obra eginen da datorren ikasturtean. Esku-hartze sistema hori berria da Iruñean, eta bektore gisa egiten du bat udal-jarduerarekin, hirian egun dauden ikastetxeetako patioek ikuspegi atseginagoak, jasangarriagoak izan ditzaten, zentroak modu dibertsifikatuagoan erabili eta hezkuntza- eta pedagogia-potentzial handiagoa izateko. 

Bi espazioak modu integralean eraldatzeko amaierako proiektuen diseinuaren barruan, irizpide hauek hartuko dira kontuan: klima-aldaketara egokitzearekin lotutakoak, biodibertsitatea sustatzera zuzendutakoak eta naturan, dibertsitatean eta jolas librean, berdintasunean eta inklusioan heztea helburu dutenak. Helburu horiek gidari hartuta, hobekuntza funtzionalak, ingurumenekoak, paisaiakoak, hezkuntzakoak, ludikoak eta eraikuntzakoak zehaztuko dira.

24 ikastetxe publikoetatik 11 inplikatuta daude jada
2009az geroztik, zazpi patiotan egin dira birnaturalizazio-irizpideetan oinarritutako esku-hartzeak. Orain, Udalak urtero hedatu nahi du sarea, urtero bi ikastetxe gehituta. Hurrengo ikasturtean honako hauek eraldatuko dira: batetik, San Frantzisko IP –uda honetan bertan behera geratu zen lizitazioa bete gabe geratu baitzen–, eta bestetik, Rochapea IP, SUDOE Europako deialdiaren barruan. 

Horrekin batera, 2026an, Vázquez de Mella eta Ermitagaña ikastetxeekin arituko da lanean, hau da, deialdia irabazi duten bi ikastetxeekin; bi zentro horien eraldaketa hurrengo urtean eginen da, eta horrela hurrenez hurren. Beraz, 24 ikastetxeetatik dagoeneko 11 birnaturalizazio-prozesuetan sartuta daude, fase desberdinetan bada ere. Horiei aurtengo deialdian parte hartu duten beste lauak gehitu behar zaizkie; izan ere, hautatuak izan ez badira ere, beren konpromisoa balioesten da.

Eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei haur-eskoletan egindako esku-hartzeak gehitzen badizkiegu birika berde pedagogikoen sarea are gehiago hazten da. Lezkairu, Mendillorri eta Printzearen Harresi Haur Eskolek sortu ziren unetik dute natura patioan integratuta. 2024an Donibane Haur Eskola eraberritzeko lanak baliatu zituzten kanpoko eremua ere eraldatzeko, eta 2025ean, Azpilagaña eta Buztintxuri Haur Eskoletako patioak ere birnaturalizatu dira. Beste hainbat zentrotan ere eragin-maila desberdinetako esku-hartzeak egin dira, erabateko eraldaketak izan ez badira ere. Hala izan da Goiz Eder, Haurtzaro, Egunsenti eta Mendebaldea Haur Eskoletan.

SUDOE Europako deialdia: COL3NATUR proiektua
Iruñeak Espainiako, Frantziako eta Portugaleko unibertsitate, ikerketa-zentro, administrazio publiko eta enpresekin batera parte hartzen du Interreg SUDOE Europako programan, COL3NATUR proiektuaren bidez. Proposamenaren xedea da klima-aldaketara azkarrago egokitzea, Europako hego-mendebaldeko hiri- eta landa-eremuetako eraikinetan, patioetan eta eskolarako bideetan Naturan Oinarritutako Irtenbideak (NBS, ingelesezko siglak) txertatuz.

Rochapea ikastetxe publikoa lanak eginen diren hiru zentro pilotuetako bat izanen da; ekimena hiru herrialdeetako 15 ikastetxe eta eskolarako bideen 6 saretara hedatuko da. Esku-hartzeak eta neurketak tresna digital berritzaileetan eta ebaluazio-metodologia erkide batean oinarrituko dira, eskualde guztian emaitza alderagarri eta eramangarriak bermatzeko. Gainera, diziplina anitzeko eta nazioz haraindiko bi udako ikastaro emanen dira, NBSrekin batera eraikuntza-elementuen industrializazioa sustatzeko: hori da programaren hirugarren jarduera-bektorea.

Muturreko tenperaturen, bero-boladen, euriteen eta klima-aldaketaren ondoriozko beste inpaktuen eragina murriztea da helburua, nazioz haraindiko lankidetzaren bidez neurrien eraginkortasuna bermatuz. Aurreikuspenen arabera, SUDOE eskualdeak muturreko baldintza klimatikoei aurre egin beharko die. Proiektu guztiarendako FEDER dirulaguntza 1,72 milioi eurokoa da, dirulaguntzen xede diren 2,29 milioi euroei dagokienez.

Beste birnaturalizazio-proiektu batzuk
Ikastetxeetako eta haur-eskoletako patioen birnaturalizazioa ez da inguru osasungarri eta erresilienteak berreskuratzeko hiri-berroneratzeko ekimen bakarra, hiriko Azpiegitura Berde eta Urdinen Planaren barruan kokatzen baita. Plan horrek hainbat jarduketa barne hartzen ditu, hala nola Pio XII.eko, Fuente del Hiero kaleko eta Gipuzkoako etorbideko igarobide jasangarriak, Donapearen garapena, eta amaitu berri den ibai-inguruneak zaindu eta berreskuratzeko RUNA proiektua. Halaber, honako hauek sortzea barne hartzen du hiri-basoak (hiri finkatuan), oinezkoen pasabide berde eta iragazkorrak, zuhaitz-bideak, erdibitzaile berdeak eta abar.

Patioen birnaturalizazioa, ordea, ekimen poliedrikoenetako bat da; izan ere, ingurumen-geruzari eta osasun publikoko geruzari geruza pedagogikoa gehitzen zaio, eta hala, haurrak jolasteko, egoteko eta harremanak izateko modua eraldatzen da.

 

logos col3natur
¿Te ha sido útil esta página?