Variopintas talde artistikoak Korrespondentzia erakusketa aurkeztu du Ziudadelako Bolborategian. Zortzi gai desberdinetatik abiatuta sortutako 64 lan biltzen ditu erakusketak, 2020ko itxialdian hasi eta espero baino gehiago luzatu zen proiektu batean, izan ere, 2022ko martxoan Lezkairuko parke berrian inauguratu zen Aitzindarien bidea horma-irudia egiteko eten baitzuten. Erakusketa otsailaren 11ra arte egonen da ikusgai.
Korrespondentzia proiektua zortzi gutun-kutxa eta zortzi gai pertsonalen inguruan mamitu da. Horietako bakoitzaren inguruan zortzi proposamen sortu dira, egiteko zortzi modu, prozesua amaitu arte sekretuaren eta ezustearen alde egiteko isiltasuna arau gisa ezarri zen korrespondentzia batean. Korrespondentzia hitzaren adiera ezberdinekin jolastuz, aldian-aldian pakete bat eta gutun bat entregatzeak, elkarrekikotasuna materializatzea, artisten arteko komunikazioa, gai komun baten inguruko tratu pertsonala ahalbidetu zien, distantziak gorde beharreko garai batean. Baina era berean, Korrespondentzia proiektuak hitz horren funtsezko beste adiera bat ere badakar: batak bestea artatu eta zaintzeko ekintza.
Rudy Goroskieta Kultura zuzendariak eta Variopintas taldeko zortzi kideek gaur goizean aurkeztu dute lankidetza artistikoko proiektu gisa, baina, batez ere, une hartan egoerak eskaintzen zituen aukera murritzetan kontaktu pertsonala mantentzeko modu gisa sortutako erakusketa. Azken batean, hau izan zen zortzi artistek helburu komun bat hartuta komunitate-ekintza gisa abian jarritakoarekiko lotura sentitzeko beharrari eman zioten erantzuna.
Variopintas kolektiboa
Honako hauek osatzen dute Variopintas kolektibo artistikoa: Leire Olkotzek, Idoia Iriberteguik, Berta Suescunek, Mila Garcíak (Similarte Estudio), Gabriela Barriok (Tea en la Azotea), Itziar Goñik, Rebecca Gilek eta Concha Pasamarrek. Mila Garcíak miniaturan oinarritutako Historia txikienak proiektua aurkezten du, pospolo kaxa bat bezalako espazio txiki batean egindako proposamen sortzaile baten bidez. Leire Olkotzen Emakume-begiradak lanak emakume batek sortutako obra bat aukeratu eta hura berrinterpretatzeko eta beste lan bat sortzeko proposamena dakar.
Gabriela Barriok (Tea en la Azotea), Variopintas taldeko kide bakoitzari leku bat aukeratzea proposatu dio, dela bera bertan izana delako eta partekatu knahi duelako, dela gainerako taldekideekin ezagutu nahiko lukeelako. Zortzi puntu geografiko horiek lotzen dituen alegiazko marraren trazadurari jarraituz, abentura zirkular bat sortu du Bidaldia lanaren bidez. Berta Suescun artistak Aulkia lanaren bidez gauzatu duen proposamen sortzailearen oinarria altzari horren erreplika egitean datza, teknika artistiko askearen aukerari atea irekiz.
Rebecca Gilen Haurtzaroa iraganerako leiho bat da, gure oroitzapen eta bizipen maitagarrienak gordetzen dituen geure parte horrekin berriz konektatzeko eta besarkatzeko deia. Italo Calvinoren kontakizun labur batetik abiatuta, Idoia Iriberteguik Villa Domenticatako lorategi zoragarriaren mapa imajinatzen du, xarmaz eta misterioz betea. Varipointas taldeko kideetako bakoitzari mapa honen zortziren bat esleitu zaio, hura osatzeko.
Mataza Itziar Goñiren kontakizun baten izenburua da eta zortzi paragrafotan kontatzen du Crucitaren bizitza. Horrez gain, erronka bat ere bada: emakume baten historia askotariko zortzi emakumeren begiradaren bidez irudikatzeko erronka. Azkenik, Concha Pasamarren Basoa lanak sormenezko hurbilketak ahalbidetzen ditu, baita lurralde-errealitate eta errealitate mitiko baten askotariko zortzi ikuspegi ere, interpretazio agortezinen bidez.
Eguberrietako lantegiak
Korrespondentzia izeneko erakusketa honen inguruan haurrei eta familiei zuzendutako sorkuntza artistikoko lantegiak antolatu dira Eguberrietarako. Lantegiak doakoak izanen dira, baina aldez aurretik izena eman behar da 010 – 948 420 100 telefonoan. Urtarrilaren 2, 3 eta 4an eginen dira, eta Variopintas kolektiboko kideek emanen dituzte.
Urtarrilaren 2an eta 3an, asteartean eta asteazkenean, familiei zuzendutako lantegiak eginen dira, goizez: 11:30etik 13:30era. Urtarrilaren 4an, ostegunarekin, ordutegi berean izanen dira lantegiak, 11:30etik 13:30era, baina kasu horretan 7 eta 12 urte bitarteko haurrendako izanen dira.
Variopintas Kolektiboaren Korrespondentzia erakusketa
- Historia txikienak. Mila García
- Historia txikienak lanaren bidez, Mila Garcíak miniaturan jartzen du arreta, eta pospolo-kutxa bat bezalako espazio txiki batean proposamen sortzaile bat egitea planteatzen digu.
- Zer gertatzen da gure sormenari mugak jartzen zaizkionean, are gehiago, hain formatu txikian egin behar denean? Proposamena gure erosotasun-eremutik ateratzen gaituen erronka bihurtzen da, eta formatu berriak aztertzera gonbidatzen gaitu, asmatu beharreko kontakizunaren, hau da, proposamen honen funtsezko beste zutabearen euskarri izan daitezen. Zer konta dezakegu eta nola kontatuko dugu?
- Zalantzarik gabe, miniaturak hainbat ikuspuntutatik esploratzeko aukera ematen digu, tridimentsionaltasunarekin, harridurarekin eta ezustekoarekin jolasteko aukera; logika gainditzea ahalbidetzen digu, txikitasunean dagoen handitasuna esperimentatu ahal izatea.
- Emakume-begiradak. Leire Olkotz
- Jabetze bidegabea lehendik eginda dagoen eta egilea duen artelan batetik abiatuta beste artelan bat egitean datza. Bistakoa da artista lan horretaz jabetu dela, ez plagioa egiteko, baizik eta obra hori beste zerbaitetan bihurtzeko.
- Leire Olkotzen proposamenak emakume batek sortutako obra bat aukeratzea planteatzen du, obra hori berrinterpretatzeko eta beste diziplina bat erabiliz beste lan bat sortzeko.
- Horrela, balioa ematen diogu emakumeek artean eta sorkuntzan duten zereginari, eta historiaren subjektu aktibo eta ez-pasibo gisa kokatzen ditugu; hau da, sortzaile gisa, eta ez modelo edo musa gisa. Sorkuntza artistikoa begirada femeninotik.
- Bidaldia. Gabriela Barrio
- Literaturan, kontakizun bateko protagonistak egiten duen bidaia edo ibilbidea da bidaldia, eta ñabardura heroikoak izan ohi ditu ia beti.
- Gabriela Barriok, Tea en la Azoteak, Variopintas taldeko kide bakoitzari leku bat aukeratzeko proposatu zion, dela bera bertan izana delako eta partekatu egin nahi duelako, dela gainerako taldekideekin ezagutu nahiko lukeelako.
- Zortzi puntu geografiko horiek lotzen dituen lerro birtualaren trazadurari jarraituz, guztien artean abentura zirkular bat sortu dugu, talde-esperientzia bat, askotariko bidaldi bat; geure banakako sentimenduak irudizko bidaia komun batean inprimatu ditugu, eta –nork daki– agian, egunen batean, egia ere bihur liteke.
- Aulkia. Berta Suescun
- Aulkiaren jatorriak Antzinako Egiptoraino garamatza. Ordutik hona, guretzat hain egunerokoa den objektu horrek ez dio eboluzionatzeari utzi. Errege eta goi-agintarien boterearen eta distiraren sinbolotzat zeukaten objektu horren erabilera ez zen Aro Garaikidera arte orokortu. Izan ere, bere forma eta erabileragatik, aulkiak garai bakoitzeko gizartea ezin hobeki islatu du beti.
- Ohartzen al gara zenbat denbora ematen dugun haren gainean? Aulkia lau hankako eserleku bat baino askoz gehiago da, eta aulki asko eta askotarikoak daude.
- Altzari erabilgarri horren aurkezpenarekin, Berta Suescunen proposamen sortzailearen oinarria “bere aulkiaren” erreplika egitea izan da, eta teknika artistikoaren aukera askeari atea irekitzea.
- Zenbat istorio sortzen ahal dira aulki beraren inguruan?
- Haurtzaroa. Rebecca Gil
- Haurtzaroa iraganerako leiho bat da, gure oroitzapen eta bizipen maitagarrienak gordetzen dituen geure parte horrekin berriz konektatzeko eta besarkatzeko deia.
- Rebecca Gilek geure bizitzako benetako etapa horren balioaz, eta horrekin batera, harritzeko gaitasuna eta egunerokotasunaren magia zoragarria gordetzearen garrantziaz hausnartzeko xedez eginiko gonbidapenari esker sortu zen.
- Villa Dimenticata. Idoia Iribertegui
- Bi umek Villa Dimenticata etxeko burdin hesia zeharkatu dute, eta hango txoko ahaztuetan barna dabiltza, banan-banan. Zuhaitzen artean jolastu eta igerilekuan murgildu dira, etxeko leiho zabaletatik arakatu dute ingurua.
- Italo Calvinoren kontakizun labur batetik abiatuta, Idoia Iriberteguik xarmaz eta misterioz betetako lorategi zoragarri horren mapa imajinatu zuen, eta ikuspegi hori osatzeko gonbidapena egin zigun. Hori horrela, Variopintas taldeko kide bakoitzari mapa horren zortziren bat esleitu zion: magnolien basoa, igerilekua, labanda-zelaia, estalpea, mausoleoa, labirintoa eta berotegia.
- Nola interpretatuko dituzte haurrendako abentura hori eta leku horiek? Haiei buruzko zer jarri dute kontakizunean eta mapa horretan?
- Mataza. Itziar Goñi
- Mataza Itziar Goñiren kontakizun baten izenburua da, eta zortzi paragrafotan kontatzen du Crucitaren bizitza. Horrez gain, erronka bat ere bada: emakume baten historia askotariko zortzi emakumeren begiradaren bidez irudikatzeko erronka.
- Gutariko bakoitzak narrazio horren zati bat soilik irakurri ahal izan zuen, Crucita protagonistaren bizitzako une zehatz bat, eta, gainera, bere obrari mataza osatzen duen hari urdinaren zati bat gehitu behar zion. Gidari metaforikoa izanen den hari hori obretan agertuko da, eta azken emaitzak historia irudien bidez “irakurtzeko” aukera ere emanen digu, Crucitaren bizitzak gutako bakoitzarengan eragin zituen emozioak islatzen baitituzte irudi horiek.
- Basoa. Concha Pasamar
- Benetako lurraldea eta lurralde mitikoa; basoa espazio konplexua da, eta pixkanaka bere hedadura fisikoa galtzen joan da. Hala ere, bere karga sinbolikoaren indar guztia gordetzen du. Basoan misterioa bizi da, baina errebelazioak ere badu bere lekua. Babesa eta erresistentzia da munduaren aurrean; erbestea, mehatxua edo suntsipena ere izan daiteke. Han mugarik gabe agertzen da bizitzaren zikloa, naturaren egia: jatorritik heriotzarako bidea eta birsortzea.
- Basoak sorkuntzazko hurbilketa horiek guztiak eta askoz gehiago ahalbidetzen ditu. Concha Pasamarrek interpretazio agortezinak dituen errealitate baten zortzi ikuspegi ezberdin biltzea proposatzen du lan honetan.