
Iruñeko Udala egokitze-lanak egiten ari da aste honetan Arrosadiko hegoaldeko aparkatze arautuko eremua handitzeko. Jarduketak bizilagunek eta merkatariek auzo-foroetan eta bertako kolektiboekin izandako bileretan egindako eskaerei erantzuten die eta Udalaren Mugikortasuneko Batzordearen oniritzia du. Teknikariek eta udal-talde guztien ordezkariek osatzen dute batzordea. Egun hauetan aparkaleku-plaza berriak margotu eta seinaleztatuko dira, eta udazkenean sartuko dira indarrean, dagozkien izapideak egin ondoren. Lanak fasetan eginen dira.
Aparkatzeko eremua handitzeko lanek hamar kale ingururi eraginen diete: eremu urdin eta laranja izanen dira hemendik aurrera. Eremu urdina Pablo Antoñana kaleraino –Zaragozako etorbidearen eta NUPen sarreraren parean dagoen biribilgunearen artean– eta Sebastián de Albero –Oberenako biribilgunearen eta Arrosadiko disuasioko aparkalekuaren artean– kaleetaraino helduko da. Eremu urdina izanen da ere Arrosadiko kiroldegiaren pareko Taxoare kalearen tartea. Plaza horiek txandakatze handikoak dira.
Eremu laranjari dagokionez, txandakatzea ez da lehentasunezkoa eta honako kale hauetan ezarriko da: Ultzama Errekaren k., José María Jimeno Jurío k., Fernando Remacha k., Antonio Conejo Salguero k., Blas de Laserna k., Irati Errekaren k., Zaragozako etorb., Katalunia etorb. eta Taxoare k. (hirigintza-garapen berrienaren ondoan dagoen tartean). Aparkaldia ordaintzeko sei tiket-makina jarriko dituzte: bi eremu urdinean eta lau eremu laranjan.
Aurreikuspenen arabera, aldaketa horiek guztiak urritik aurrera ezarriko dira eta eremuko bizilagunei haien berri emanen zaie; gainera, 3. sektoreko –Arrosadiko eta Azpilagañako bizitegi-zonak eta kaleak barne hartzen ditu– bizilagun-txartelak eskatzeko epeak adieraziko zaizkie. Eremua handitzeko lanei esker, mila plaza gehiago sortuko dira eta egun dauden 3.312ei gehituko zaizkie.
Baterian aparkatzeko 908 plaza margotuko dituzte Zaragozako etorbidean (37), Ultzama Errekaren kalean (174), Pablo Antoñana kalean (163), Fernando Remacha kalean (85) eta kale horren atzealdean (118), Antonio Conejo Salguero kalean (66), Blas de Laserna kalean (69), Irati Errekaren kalean (75) eta Sebastian de Albero kalean (121). Halaber, ilaran aparkatzeko 92 aparkaleku-plaza sortuko dituzte, José María Jimeno Jurío kalean (47) eta Taxoare kalean (45). Gainera, bizilagunendako 316 plaza berde daude, eta bere horretan mantenduko dira.