Aparkatze arautuko eremua 24 orduz ezarriko da Arrotxapeko hegoaldeko hamabost bat kaletan, eta irailaren 1ean jarriko da abian, beharrezko pintatze- eta seinaleztapen-lanak amaitu eta gero. Otsagabia eta Arga Ibaiaren kaleek eta Maiteminduen pasealekuak mugatzen dute eremua, eta bertan aparkatzen dutenek eremu laranjako tarifa ordaindu beharko dute 24 orduz, asteko zazpi egunetan. Tarifa hori bera hiriko beste gune batzuetan dago ezarrita gaur egun.
Eremuan aparkatzeak 0,35 euroko kostua izanen du lehenengo hamar minutuetan, eta, lehenbiziko bi orduetan, zenbateko horri 0,05 euro gehituko zaizkio 3 minutuko zatiki bakoitzeko. Hirugarren ordutik aitzina, 10 minutuko zatiki bakoitzak 0,05 euro balio du (0,30 euro orduko). Dena den, tiket bakar batek 9,5 orduz aparkatzeko aukera emanen du soilik, eta gehienez ere, 4,45 euroko kostua izanen du. Denbora-tarte hori igaro eta gero, hiriko beste eremu laranjetan ez bezala, beste tiket bat atera beharko da, aurrekoak dituen baldintza ekonomiko berberekin. Helburua da txandakatzea sustatzea eta egonaldi luzeko aparkatzeak ekiditea, aparkatze mota horretarako disuasioko aparkalekuak erabiltzen baitira.
24 orduko eremu laranja proiektu pilotu gisa ezarriko da Arrotxapeko hegoaldean, Otsagabia eta Arga Ibaiaren kaleen eta Maiteminduen pasealekuaren artean dagoen gunean. Zehazki, eremu laranja kale hauetan ezarriko da: Itzaltzu k. Jaurrieta k., Orontze k., Ezkarotze k., Joaquín Beunza k., Arbizu k., Arga Ibaiaren zeharkalea, Baratzeetako zeharkalea, Bernardino Tirapu zeharkalea, Otsagabia k., Carmen Baroja Nessi k., Juslarrocha k., Bernardino Tirapu k., Arga Ibaiaren k., Espartza Zaraitzu k. eta Sartze k. Horrez gain, Anelier pasealekuan eta Eskortetan dauden aparkalekuetan ezarriko da.
Eremuko seinaleak egokitzeko lanak datorren astean amaituko dira: seinale horizontalak pintatuko dira, eta berezitasun gisa, 24 orduz ordaindu behar dela adieraziko da seinaleetan. Beraz, tiketa derrigorrezkoa izanen da, 8. sektoreko bizilagun-txartela duten ibilgailuentzat izan ezik, tiketik gabe aparkatzen ahalko baitute. Anelier pasealekuan eta Eskortetan dauden aparkalekuei dagokienez, 1. sektoreko (Alde Zaharra) bizilagunek ere ez dute tiketik beharko.
Hiriko eremu horretan lur gaineko aparkaleku-plaza ugari okupatzen dira, eta jarduketak helburu du gune horretako ibilgailu-pilaketa arintzea, askotan auzoan bizi ez direnek aparkatzen baitute ibilgailua bertan. Udalak urte hasieran egin zuen txostenaren arabera, neurriaren barruan sartzen diren kaleek % 93ko okupazio-maila dute batez beste arratsaldeko azken orduetan eta gauean, batez ere, ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunetan. Gainera, ordu horietan aparkatzen ziren ibilgailuen jabeen % 35 eta % 40 artean ez ziren ez 8. ez 1. sektoreko bizilagunak. Neurria irailaren 1ean sartuko da indarrean, eta hari esker, 700 aparkaleku-plaza berreskuratuko dituzte 8. eta 1. sektoreko bizilagunek eta Alde Zaharrera aisialdi-arrazoiengatik sartzen direnek eremua disuasioko aparkaleku gisa erabili dezaten saihestuko da.
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 8. sektoreko (Arrotxapea) lur gaineko aparkalekuen araudia aldatzea adostu du aipatutako esku-hartzea onartze aldera. Gaur egun, araututako 5.307 aparkaleku-plaza inguru daude auzoan, eta hirian 34.410 plaza daude guztira. Aparkatze arautuko eremua 2020ko urtarrilean ezarri zen Arrotxapean, hegoaldeko aldean, eta guztira 3.750 aparkaleku-plaza sortu ziren Marcelo Celayeta etorbideak hein handi batean mugatutako eremuan. Ondoren, 2021eko irailean, auzoak hartzen zuen gainerako eremuan ezarri zen, arautu gabeko kaleak ibilgailuz gainezkatzen zituen “muga-efektua” saihesteko. Orain 24 orduko eremu laranja ezarri da bertan, eta guztira 1.760 aparkaleku-plazatan izanen du eragina neurriak.