Gaztediaren Etxeak asteazkenean irekiko du 14 eta 30 urte bitarteko gazteendako 36 ikastarotan eta doako 15 informatika-lantegitan eskaintzen diren 986 plazetan izena emateko epea

Gaztediaren Etxeak asteazkenean irekiko du 14 eta 30 urte bitarteko gazteendako 36 ikastarotan eta doako 15 informatika-lantegitan eskaintzen diren 986 plazetan izena emateko epea
Udazkenean jarduera hauek antolatuko dira: kirola, dantza, moda-diseinua, zur-lanketa, antzerkia, marrazketa eta psikologiarekin eta norberaren ongizatearekin lotutako lantegiak
Casa Jvuentud


Gaztediaren Etxeak asteazkenean irekiko du urteko azken hiruhilekoan antolatutako jardueretan izena emateko epea. Guztira 986 leku eskaini dira, 14 eta 30 urte bitarteko 36 ikastarotan eta doako 15 informatika-lantegiren artean banatuak. Programazioak helburu du jarduera fisikoa eta aisialdia sustatzea, funtsezkoak baitira norberaren ongizatea lortu eta gazteak prestatzeko, egunerokoan baliagarriak izanen zaizkien gaitasunak gara ditzaten. Informazio guztia Iruña Gaztea webgunean kontsultatzen ahal da. 

Iruñean erroldatuta dauden edo hiriko ikastetxeetan ikasten duten gazteek asteazkenetik aurrera ematen ahal dute izena; baldintza horiek betetzen ez dituztenek edo 31 eta 35 urte artean dutenek abuztuaren 26tik aurrera ematen ahalko dute izena. Bi kasuetan, irailaren 13an amaituko da izena emateko epea. Ikastaroen prezioa 11,05 eurotik 46,55 eurora bitartekoa da, ordu kopuruaren arabera eta izena ematen duenaren adinaren arabera. 14 eta 17 urte bitarteko gazteek prezio berezia dute. 

Izena emateko, abuztuan, Gaztediaren Etxera joan beharra dago (Zangoza kalea 30), astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara, eta NANa aurkeztu behar da. Irailetik aurrera, ordutegia luzatuko da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.

Jarduerak, euskaraz eta gaztelaniaz
Jarduerak bost alor hauen arabera antolatuko dira: Kirol-jarduerak, Dantza eta adierazpena, Estetika eta ongizatea, Kulturarekin eta garapen pertsonal eta profesionalarekin lotutako ikastaroak, eta Doako informatika-lantegiak. Jardueren artean, dantza-mota hauek nabarmentzen dira: sabel-dantza, afrodancea, dantza latinoak (I. eta II. mailak), hip-hopa, dancehalla, trapa, dantza komertziala eta dantza garaikide eta modernoa. 

Hainbat kirol-jarduera ere izanen dira aukeran, euskaraz eta gaztelaniaz: GAPa, zumba fitnessa, tono pumpa, hipopresiboak + core-a, cross traininga (hastapen-maila) eta box fitnessa. Berritasun gisa, euskarazko box fitnesseko ikastaroa bi mailatan antolatuko da, hastapen-mailan eta maila aurreratuan. 

Halaber, badaude beste aukera batzuk ere: Moda-diseinua: ebaki, josi eta eraldatu; Ehun gaineko dekorazioa; Zur-lanketa; Pilatesa; Antzerkia; Makillajea eta estetika; Ikatz-ziriz marraztea; Denboraldiko sukaldaritza erraza eta osasuntsua; Udazkeneko sendabelarrak; Akuarelazko ilustrazioak; Airez lehortzeko zeramika lantegia eta Yoga. Pilatesa goizez eta arratsaldez eskainiko da, eta zeramika- eta yoga-lantegiak euskaraz eta gaztelaniaz egiten ahalko dira.

Programazio guztiaz gain, informatika-lantegiak eta psikologiari eta norberaren ongizateari buruzko lantegiak eskainiko dira, doan. Berritasun gisa, iraileko informatika-lantegiak goizez eginen dira, astearte eta ostegunetan, 11:30etik 12:55era. Gainerako jarduerak arratsaldez eginen dira, astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan, berriz, goizez.

Berritasunak udazken honetan
Programaren berritasun nagusien artean, hasiberriendako makrame-ikastaroa dugu: Gladys Padovanis-ek emanen du ostegun arratsaldeetan. Trap-dantza ikastaroa ere berritasuna da: Nekane Rodríguez Zubimendi Gaztediaren Etxeko irakasleak emanen du larunbat goizetan. Tono pump ikastaroa kirol-programaziora itzuliko da: indarra eta forma fisikoa hobetzeko eskolak Borja Biesa Urdírozek emanen ditu, eta hark ere emanen du gaztelaniazko Box Fitness ikastaroa. Modalitate hori bera, euskaraz, Unai Leiva Laínezek emanen du. 

Doako informatika-lantegiak hiruhileko guztietan egin ohi dira eta askotariko gaiak barne hartzen dituzten lau bloke izanen dituzte ardatz: Alfabetatze digitala eta enplegagarritasuna; Zibersegurtasuna eta hacking etikoa zerotik; Programazioa (pentsamendu konputazionalaren eta Python hizkuntzaren hastapenak), eta eSports-ak eta talde-lana. Ikasi estrategia Valorantekin: proposamen honek bideojokoen ingurune lehiakorra erabiltzen du komunikazioa, plangintza, erabakiak hartzea eta talde-lankidetza bezalako gaitasunak lantzeko.

 

Gaztediaren Etxeko udazkeneko programazioa

  • Izena emateko epeak

    • Abuztuaren 19tik aurrera: Iruñean erroldatutako edo ikastetxea Iruñean duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteendako.

    • Abuztuaren 26tik aurrera: erroldaturik ez daudenendako eta 31 eta 35 urte bitarteko gazteendako.

    • Izena emateko epearen amaiera: Irailak 13
       

  • Izena emateko modua

    • Aurrez aurre, Gaztediaren Etxean (Zangoza k. 30)

    • Abuztuko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara. Irailetik aurrera, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.

    • Betekizunak: NANa aurkeztu behar da. Ordainketa izena emateko unean eginen da. 
       

  • Ikastaroak eta lantegiak

    • Kirol-jarduerak: cross traininga (hastapenak), gap-a, box fitnessa (euskaraz eta gaztelaniaz), zumba fitnessa, hipopresiboak eta core-a, eta tono pumpa.

    • Dantza eta adierazpena: dantza komertziala, dantza garaikidea eta modernoa, afrodancea, sabel-dantza, dantza latinoak I eta II, dancehalla, hip hopa, trapa eta antzerkia.

    • Estetika eta ongizatea: pilatesa, yoga (euskaraz eta gaztelaniaz), makillajea eta estetika eta udazkeneko sendabelarrak. 

    • Kulturako ikastaroak eta garapen pertsonal nahiz profesionalekoak: Nola aurre egin estresari eta antsietateari; Erronkei aurre egiteko indargune pertsonalak eta erresilientzia; Harremanak online: fomo-aren eta ghosting-aren artean; Airez lehortzeko zeramika (euskaraz eta gaztelaniaz); Moda-diseinua: ebaki, josi eta eraldatu; ehun gaineko dekorazioa; Zur-lanketa; Denboraldiko sukaldaritza erraza eta osasuntsua; Hasiberriendako makramea; Akuarelazko ilustrazioa; Ikatz-ziriz marraztea.

    • Informatikako doako lantegiak (hamabost saio, lau bloketan banatuta): Alfabetatze digitala eta enplegagarritasuna; Zibersegurtasuna eta hacking etikoa zerotik; Programazioa; eSports eta talde-lana. Ikasi estrategia Valorant jokoarekin.

 

 

 

¿Te ha sido útil esta página?