Nafarroako Euskal Pilota Federazioko kamiseta ofizialek “Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua” marka izanen dute idatzita 2026ko eta 2027ko denboraldietan

Nafarroako Euskal Pilota Federazioko kamiseta ofizialek “Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua” marka izanen dute idatzita 2026ko eta 2027ko denboraldietan
Udalak eta Federazioak hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako 30 selekziok ekipamendu horrekin parte hartu dezaten txapelketa, truke eta torneoetan


Iruñeko Udalak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioak babesletza-hitzarmen bat sinatu dute nafar taldeetako pilotarien ekipamenduetan “Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua” marka txertatu dadin 2026ko eta 2027ko denboraldietarako. Logotipoa Nafarroako Euskal Pilota Federazioko kamiseta ofizialetan txertatzeari esker, proiektuari ikusgarritasun handiagoa emanen zaio txapelketetan eta beste lurralde batzuetan ezagutzera emanen da egitasmoa kirolariek txapelketetan parte hartzen dutenean.

“Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua” marka estatuko eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzen duten euskal pilotako 30 nafar selekzioen jantzietan agertuko da. Txapelketa horien artean, GRABNI prestigiotsua dago, eta 2026an 55 talde izanen dira Nafarroaren ordezkari Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Errioxako eta Iparraldeko selekzioen aurka. Jantziak trukeetan eta lagunarteko torneoetan ere erabiliko dira. Selekzioek 250 pilotari dituzte guztira, haur kategoriatik kategoria absolutura.

Diseinu berriak bat egiten du Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren mendeurrenarekin eta Iruña Pilotaren Munduko Hiriburu gisa bultzatzeko egitasmoarekin. Iruña 2030 Hiri Agendaren esparruan sortu zen proiektua, eta helburu du euskal pilotaren trakzio-indarra baliatzea hirirako jasangarria den garapen ekonomiko eta soziala sortzeko. Euskal Pilotaren Hiriburu izateko egitasmoaren barruan, Iruñean Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarra eginen da azaroan, eta, horrez gain, pilotarekin lotutako kirol- eta kultura-ekitaldiak antolatuko dira.

“Iruña, Euskal Pilotaren munduko Hiriburua” proiektua giro pilotazaleko hainbat eragilerekin lankidetzan sortu zen, eta Iruñeko Udalak ikuspegi parte-hartzaile batetik kudeatzen du orain, beste eragile batzuen konpromisoa barne hartuta, hala nola beste federazio batzuk, NAPIKE - Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkartea eta Nafarroako Gobernua. Gainera, proiektuaren ekintzetako batzuek egitasmoaren ahalmen eta garrantziaren berri eman nahi diete herritarrei.
 

 

¿Te ha sido útil esta página?