
Iruñeko Udalak uztailean abiatuko ditu Buztintxuriko Haur Eskolako patioa birnaturalizatzeko lanak. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi berri du obra-kontratuaren lizitazioa: 173.098,5 euroko aurrekontua izanen dute, BEZa barne, eta 77 egunetan egin beharko dituzte, uztailean, abuztuan eta iraileko lehen bi asteetan alegia. Eskolako oporraldia probestuko dute lanak egiteko, uztailaren 1etik abuztuaren 17ra, ikastetxeko jardueran eraginik izan ez dezaten.
Lan horiek “B17. Ikastetxeetako patioak birnaturalizatzea. Patio pedagogikoak Udalaren haur-eskoletan” izeneko ekintzaren barruan eginen dituzte, eta ekintza hori, halaber, “Iruña Birnaturalizatzeko proiektuaren (RUNA 2025)” barruan dago. Proiektu horrek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren babesa du, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsek finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.
Maiatzaren 7an amaituko da Nafarroako Kontratazio Atarian eskaintzak aurkezteko epea. Kalitatearen eta prezioaren artean orekarik egokiena duen eskaintzari esleituko zaio kontratua, irizpide hauen arabera: proposamen teknikoa, 45 puntu gehienez; eskaintza ekonomikoa, 35 puntu gehienez; lanak egiteko epea laburtzea, 10 puntu gehienez; irizpide soziala, 5 puntu gehienez, eta ingurumena babestea, 5 puntu gehienez.
Patioak birnaturalizatuz ingurumen-hezkuntza indartu nahi dute, ikasleek harreman estuagoa izan dezaten naturarekin, horrek aldaketak ekarriko baititu, bai norberarenak eta bai kolektiboak, gizarte jasangarriagoa lortzeko bidean aurrera egiteko.
Natura berreskuratzea
2009an eraiki zuten Buztintxuriko Haur Eskolako patioa: 86 x 10,34 metro karratu ditu, eta ikastetxearen eraikinak berak eta hormigoizko harresi batek inguratzen dute. Harresia 3 zentimetroko harlauza naturalez estalita dago. Patioak laukizuzen forma dauka, eta lineala da; ikastetxeko hainbat gelatatik dauka sarbidea.
Hasieran hormigoizko zoladura zeukan, kautxuzkoarekin eta errekarriz osatutako legarrarekin tartekatuta. Gero, eraberritu egin zuten: kautxuzko zoladuraren ordez, moketa jarri zuten, eta harresiaren ondoko landare-hesiaren ordez, hormigoizko zoladura.
Orain, Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakundeak ikastetxeetako patioak birnaturalizatzearen alde egin du apustu: hau da, lehendik zegoen inguru naturala berreskuratu nahi du, ikastetxeetan naturarekin bat egin dezaten.
Hormigoizko zoladura kendu, eta haurrak jolasean aritzeko eremu erakargarriagoak sortuko dituzte: harea eta legarra erabiliko dituzte horretarako, bai eta hainbat testura eta koloretako hormigoizko piezak ere, aurrez eginak. Berdeguneak handitu eginen dituzte: hainbat sestra gehituko dizkiete, zuhaitz gehiago aldatuko dituzte, eta eserleku kurbatuak eginen dituzte, lasai egoteko eta ingurua esploratzeko eremuak sortzeko.
Patio osoa zeharkatuz, jolaserako ibilbide bat sortuko dute, eta hainbat elementu natural erabiliko dituzte horretarako: harlauza biribilak, zeharrorma eta egurrezko enbor goratuak. Moketa mantendu eginen dute, muino txiki eta guzti.
Jolasguneetan elementu naturalak sartzea da lanen helburua, baina ez hori bakarrik: patioen diseinua eta funtzionamendua moldatu nahi dute, hainbat motatakoak sortu, ikastetxeen heziketa-helburuetara, helburu sozialetara eta ingurumenarekin lotutako helburuetara egokitzeko. Berdeguneak demokratizatzeko apustu bat da, haurrek egunerokoan ordu asko pasatzen dituzten eremuetan natura eskuragarri egon dadin.