Uztailaren 3an amaituko da zirkulazio-zerga borondatez ordaintzeko epea, zeinetan Iruñeko Udalak 9,7 milioi euro bilduko baititu

Uztailaren 3an amaituko da zirkulazio-zerga borondatez ordaintzeko epea, zeinetan Iruñeko Udalak 9,7 milioi euro bilduko baititu
Iruñean 118.074 ibilgailu erregistratuta daude; zerga horren harira 92.000 ordainagiri baino gehiago igorri dituzte, eta horietatik % 77,5 helbideratuta daude

movilidad

2020ko urtarrilaren 1ean 118.074 ibilgailu zeuden erregistratuta Iruñean, hala ziklomotorrak nola autobusak, turismoak, atoiak, furgonetak eta kamioiak. Horien guztiengatik ordaindu behar da trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, Zirkulazio-zerga izenaz ezagunagoa dena. Zerga hori borondatez ordaintzeko epea uztailaren 3an amaituko da, eta Iruñeko Udalak 9,7 milioi euro bilduko ditu. 

Udalak 92.190 ordainagiri igorri dizkie ibilgailu horien titularrei. Horietatik, 71.779 ordainagiri, % 77,5, helbideratzearen bidez ordaintzen dira. Ordainagiri helbideratu hauekin, Udalak 7.593.408 euro jasoko ditu, diru-bilketa osoaren % 78,4. Tarifak ez dira igo, hortaz, 2019koak mantendu dira. Udalaren Egoitza Elektronikoan, www.pamplona.es webgunean, tarifak xehekaturik agertzen dira, ibilgailu-motaren –turismoa, kamioia, motoa, ziklomotorra, traktorea, atoia, erdiatoia, autobusa eta furgoneta– eta horien ezaugarrien arabera (https://sedeelectronica.pamplona.es/FichaTramite.aspx?id=20-45553). Turismoei dagokienez, adibidez, tarifa txikiena 20,02 euro da, 8 zaldi fiskal baino gutxiagoko ibilgailuentzat, eta, tarifa altuena, aldiz, 150,17 euro, 16 zaldi fiskal baino gehiagokoentzat.

Uztailaren 3tik aurrera, ordaindu gabeko ordainagiriak betearazteko bidearen bitartez kobratuko dituzte, eta hurrengo egunetik aurrera % 5eko premiamendu-errekargua sortu eta aplikatuko zaie. Premiamendu-probidentzia jakinarazi eta hurrengo hilabetean, premiamendu-errekargua % 10ekoa izanen da. Behin epe hori igarota, premiamendu-errekargua % 20koa izanen da, borondatez ordaintzeko epea (uztailak 3) amaitu zenetik sortutako berandutze-interesak kobratuko dituzte, eta enbargo-prozedurak abiatuko zorra kobratze aldera.

Covid-19ak eragindako ohiz kanpoko egoera 

2020ko Zirkulazio-zergaren aldizkako ordainagirien likidazioa Ogasuneko Zuzendaritzak 2020ko martxoaren 9an emandako ebazpenaren bidez onetsi zen, eta apirilaren 24a ezarri zen borondatez ordaintzeko epemugatzat. Bi egun geroago, martxoaren 11n, covid-19aren osasun-krisiaren mehatxuari aurre egiteko lehenengo kontingentzia-neurrietako bat izan zen aldizkako tributuak igortzeko ohiko prozesua bertan behera uztea, hau da, agindu zen hala jasotako ordainagirien argitalpena nola zergadunei etxez etxeko banaketa etetea. Apirilaren 1ean, kobratzeko epea etetea onetsi zen. Zenbait tributu-neurri hartu ziren, besteak beste, zergaren kobrantza uztailera geroratzea erabaki zen Ogasuneko Zuzendaritzak joan den apirilaren 23an emandako ebazpen bidez. 

Iruñeko Udalak osasun-krisiari aurre egiteko proposatu dituen berrikuntzen artean dago, esaterako, ordainagiri bidez igorritako tributuak geroratu eta zatika ordaintzeko eskatzeko aukera. Beharra justifikatu eta borondatez ordaintzeko epean eskaera aurkeztuz gero, geroratze-aldiak ematen ahalko dira, bermerik aurkeztu beharrik gabe, interesik sortu gabe eta, betiere, eskatzaileak geroratze-aldia ematearekin tributu-betebeharrak egunean baditu. Gehienez ere, 2020ko abenduaren 31ra bitarte geroratzen ahalko da ordainketa. Horrela, Udalak nahi du alarma-egoerak eta jardun ekonomikoaren etenak gehien ukitu dituzten eragile ekonomikoen balizko likidotasun-zailtasunak arintzea.

Ordainketa eta harrera guneak

Ordainagiriak honako toki hauetan ordain daitezke: Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.pamplona.es) eta Udal Diruzaintzan (Merkatuko k., 7-9, bigarren solairua), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era, eta banku-entitate kolaboratzaileetan (Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Kutxabank eta Banco Sabadell), sukurtsalek ezarritako bulegoetan eta ordutegietan. 

Herritarren Arretarako Zerbitzua (010 edo 948 420 100) arduratuko da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era, ibilgailu-zergei, ordaintzeko moduari, helbideratzeei edo ordainagiriekin zerikusia duen beste edozein alderdiri dagokienez helarazten ahal zaizkion zalantza eta kontsulta zehatzak erantzuteaz Bestalde, Aldizkako Tributuetako departamentuak ere argituko ditu horiek 948 420 245, 948 420 250 eta 948 420 251 telefonoetan, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Halaber, aurrez aurreko laguntza jasotzeko aukera ere badago Zergadunendako Arreta Bulegoan (Merkatuko kalea 7-9, beheko solairua), hitzordua aurretik hartuta, astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:30era. 
 

¿Te ha sido útil esta página?