Uztailaren 20an zabalduko da epea elkarte eta entitateek Civivox sareko guneen lagapen iraunkorra eskatzeko, bertan heldu den ikasturtean jarduerak egin ditzaten

Uztailaren 20an zabalduko da epea elkarte eta entitateek Civivox sareko guneen lagapen iraunkorra eskatzeko, bertan heldu den ikasturtean jarduerak egin ditzaten
Epea irailaren 4an amaituko da, eta aurten aurrez hitzordua eskatu beharko da Civivoxetan, eskatutako agiriak aurkezteko

cesión permanente de espacios en la red Civivox

Datorren uztailaren 20tik aurrera, astelehenarekin, eta irailaren 4ra arte irabazi-asmorik gabeko elkarteek, kultur entitateek eta gizarte eta kultur entitateek Civivox sareko guneen lagapen iraunkorra eskatzen ahalko dute, 2020-2021eko ikasturtean jarduerak egiteko. Aurten, eskabidea gauzatu eta emateko, Civivoxetako kudeaketa-langileekin aurretiko hitzordua eskatu beharko da, uztailaren 20tik aurrera, baita eskatutako agiriak entregatzeko ere.
 

Uztail eta abuztuan, eskaera horiek egiteko ordutegia honakoa izanen da: 09:00etatik 14:00etara, edozein Civivoxetan, eta 17:00etatik 22:00etara, Kondestablen. Irailean ordutegia honakoa izanen da: astelehenetik ostiralera, goizez, 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 22:00etara, Civivox sareko edozein zentrotan. Eskaerak Kondestable, Zabalgune, Iturrama, Juslarrocha, Mendillorri, Milagrosa eta Sanduzelaiko zentroetako guneetarako egin daitezke.
 

Guneen lagapen iraunkorra eskatzeko, deialdi honetan parte hartu nahi duten elkarte zein entitateek baldintza hauek bete behar dituzte: legearekin bat eraturik egotea, eskabidea aurkezten duten datan; egoitza soziala nahiz zerga-egoitza Iruñean edukitzea eta Udalaren Elkarteen Erregistroan sartuta egotea. Halaber, lagatutako gune horietan egiten diren jarduerek izaera kulturala eta artistikoa izan behar dute, herritarren partaidetza sustatu, eta izaera publikoa eta irekia izan.
 

Joan den ikasturtean, guztira 132 elkarte izan ziren guneen lagapen honen onuradun, Civivox sareko hainbat zentrotan. Eskari gehien izan zuena, onartutako eskabide kopurua aintzat harturik, Juslarrocha Civivoxa izan zen, 32 eskabiderekin; jarraian, Iturramako Civivoxa, 21ekin, eta Kondestable eta Sanduzelaiko Civivoxak, bakoitza 20rekin.
 

Aurkeztu beharreko agiriak
 

Guneen lagapen iraunkorrerako hautagai diren elkarte eta entitateek honako agiriak aurkeztu behar dituzte: eginen diren jardueren zerrenda xehatua, aurreko ikasturteko jardueren memoria eta memoria ekonomikoa, eta 2020-2021eko ikasturterako jardueren programa eta aurrekontua. Elkarte, kolektibo edo entitate eskatzailearen estatutuak ere aurkeztu beharko dira. Deialdira lehenbiziko aldiz aurkeztuz gero, jatorrizko dokumentazioaren fotokopia beharko da. Aurreko urteetan aurkeztu izanez gero, jatorrizko dokumentazioaren fotokopiak eskatuko dira bakarrik alderdiren bat eguneratu behar izanez gero.
 

Horrez gain, elkarteek nortasun juridikoa eta dagokion erregistroan izena emana dutela ziurtatzeko fotokopiak aurkeztu beharko dituzte, baita egoitza eta zergetarako helbidea Iruñean dutela egiaztatzekoa, eta eskabidea aurkezten den unean legeekin bat eraturik daudela dioena. Azkenik, elkartearen ordezkariaren ahalordearen fotokopia eskatuko da, Civivox zentroetako edozeinetan espazioak lagatzea eskatzeko gaitasuna egiaztatze aldera.