
Uztailaren 20an amaituko da epea Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak bultzatzen duten haurrendako antzerki-testuen lehiaketaren aurtengo edizioan lanak aurkezteko, euskarazko zein gaztelaniazko modalitateetan. Hogeita bederatzigarren edizio honetako oinarrietan ezarritakoaren arabera, 2.500 euroko diru-zuzkidura duen sari bakarra emanen da kategoria bakoitzean, eta Iruñeko Udalak jarriko du sarietarako dirua.
Udalaren xedea da sormena sustatzea, arte eszenikoen adierazpen garaikideak hedatzea eta artista gazteen sustapen profesionala laguntzea haiei zuzendutako lehiaketak antolatuta. Epaimahaiak, egoki jotzen badu, saria ex-aequo eman ahal izanen du eta sariaren zenbatekoa bi lanen artean banatu. Era berean, eman gabe ere uzten ahalko du. Diru-zuzkiduraz gain sariak obra taularatzea ere ekar lezake.
Testuak posta elektronikoz bidaliko diren lehen aldia
Deialdiaren oinarrietan jasotzen den bezala, lehiaketa honetan 16 urtetik gorako pertsona orok parte har dezake. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahalko ditu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, betiere baldintza hauek beteta: testuak argitaratu gabeak eta jatorrizkoak izanen dira; ezin da testu bera aurkeztu bi modalitateetan; ezin dira beste edozein lehiaketatan saritutako lanak aurkeztu; eta inongo konpainiak (profesionala edo amateurra) estreinatu gabeak izanen dira. Gainera, iraupen aldetik, haurrendako antzezlanek izan ohi duten iraupena izanen du.
Testuak posta elektronikoz bidaliko dira biblioteca@laescueladeteatro.com helbidera, eta 'Gaia' eremuan honako hau idatzi beharko da: Haurrendako antzerki testuen XXIX. lehiaketa. Mezuan bi agiri bidali beharko dira. '1. fitxategia’: PDF formatukoa izanen da eta honako hauek soilik jasoko ditu: testua eta egileak lehiaketara aurkezteko erabilitako izengoitia. ‘2. fitxategian’ honako hauek idatziko dira: antzezlanaren izenburua eta egilearen izengoitia eta curriculum laburra, goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa adierazita; NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat, non jasoko baita aurkeztutako antzezlana jatorrizkoa eta argitaratu zein estreinatu gabea dela, eta ez duela inongo lehiaketatan saririk jaso. Halaber, egileak berariaz adieraziko du deialdiaren oinarriak ezagutu eta onartzen dituela.
Kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea baloratuko da
Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta hiru pertsonak osatuko dute, kategoria bakoitzean, hau da, hiruk gaztelaniazkoan, eta beste hiruk euskarazkoan. Saritu beharreko testuak aukeratzeko, besteak beste honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Epaimahaiaren epaia 2020ko irailaren lehen hamabostaldian emanen da jakitera.
Saritutako lana urtebetez geldituko da Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Antzerki Eskolaren esku, hura argitaratu edota antzezteko. Hortik aurrera, egileak lana erabiltzen ahalko du, betiere sariaren izena eta hori eman dioten erakundeak aipatzen baditu.
Lola Fernández de Sevilla idazleak –Irse de casa -Mapa-Poema para niñas que se portan mal lanarekin gaztelaniazko modalitatean– eta Maialen Díaz egileak –Ilargiaren atzean lanarekin euskarazkoan– irabazi zuten iazko edizioa. 58 lan aurkeztu ziren lehiaketara, aurreko urtean baino 10 gehiago.