Uztailaren 14an jaurti zuten Sylvia Vivar Doradoren 'Noche de verano' (Udako gaua) bildumak irabazi du ikusleen saria Sanferminetako Egile-Su Artifizialen Lehiaketan

Uztailaren 14an jaurti zuten Sylvia Vivar Doradoren 'Noche de verano' (Udako gaua) bildumak irabazi du ikusleen saria Sanferminetako Egile-Su Artifizialen Lehiaketan
Gaur goizean banatu dituzte sariak kategoria horretako hautatzeko prozeduran parte hartu dutenen artean



Iruñeko ikusleek gustukoen duten bilduma piroteknikoa aukeratu dute 2025eko Sanferminetako Egile-Su Artifizialen Lehiaketan jaurti zirenen artean. Aurten Sylvia Vivar Dorado (Griñón, Madril) diseinatzaileak jaso du lehen saria Noche de verano (Udako gaua) bildumari esker, Espectáculos pirotécnicos y efectos especiales Discomfa S.L. (Valmojado, Toledo) enpresak ekoiztua eta jaietako azken gauean jaurtia. 

Hiru emakumek osatu dute ikusleen sariaren podiuma, izan ere, Vivarrenarenaz gain, publikoaren puntuaziorik onena jaso duten beste bi bildumak uztailaren 13koa (igandea) eta uztailaren 12koa (larunbata) izan dira: Tania Fernández Fernándezena eta Reyes Martí Mirórena hurrenez hurren. Azken horrek epaimahai teknikoaren bigarren saria ere jaso du.

Iruñeko Udalak gaur goizean Harrera Aretoan banatu dizkie sariak aurten lehiaketaren herri-bozketan parte hartu duten pertsona batzuei. Aurten, 2025eko bilduma piroteknikoei buruzko 3.094 boto baliodun jaso dira, horietatik 2.828, webgunearen bidez eta 266, hautetsontzien bidez. Sarituak zozketa baten bidez hautatu dira, kategoria horretan jasotako boto guztien artean; hala, ikusleek zuzenean parte hartzen ahal dute lehiaketan, jaietako ekitaldirik jendetsuenetako bat baita urtero. Lehiaketan beste hiru sari banatzen dira, epaimahai tekniko baten bidez.

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak eta Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako Alorreko zuzendariak, Diego Puente Cereceda eta Marian García Martin Eroski taldeko ordezkariekin eta Belén Galindo Lizaldre Diario de Navarrako ordezkariarekin batera –lehiaketa babestu duten enpresak– banatu dituzte aurtengo sarietako batzuk. Bertaratu ezin izan dutenek oparia jasotzen ahalko dute Kulturako Alorrean (Descalzos kalea 72) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era, nor diren egiaztatuta.

Honako opari hauek zozketatu dira: Urban Box markako hiru bozgorailu, Chromecast Boreal bat, gourmet elikagai-produktuen bost lote, Polarbox markako hiru hozkailu eramangarri, Jocca markako oliorik gabeko frijigailu bat, bi esperientzia-sorta, oina duten 50 GO markako bi haizagailu, lau mahai-zapi sorta eta bi presio-eltze.
 

¿Te ha sido útil esta página?