Aurten festen programak lehenengo aldiz jasotzen du Jotaren Eguna, eta bihar, uztailaren 12an, asteartearekin ospatuko da. Jota dantza edo abesti forma duen musika-generoa da, eta izen horrekin agertzen da dagoeneko XVIII. mendetik. Nafarroako jota, musika estilo gisa eta abestutako zein dantzatutako adierazpena gisa, Kultura-intereseko Ondasun immaterial izendatu zuten 2019. urtearen amaieran, bere garaian Navarjota kultur elkarteak bultzatutako prozesu batean.
Ospakizun horren inguruko jarduerak batez ere Sarasate pasealekuan eginen dira, eta Udalak goizez eta arratsaldez programatu ditu emanaldiak. Egunero programan jotekin hitzordu bat dago, eguerdiko 12:00etan, uztailaren 8an (ostirala) abiatu zen ‘Jota-soinuak’ izeneko espazioan. Asteartean, proposamen egonkor horren barruan, Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartearen (AMUDISNA) eskutik emanaldi berezi bat egonen da. Elkarte horretako hiru emakumek laster argitaratuko duten diskoko kantak abestuko dituzte Sarasate pasealekura hurbiltzen direnen aurrean. Udalak, ekitaldi horren bidez, Foru Komunitateko Kultura-intereseko Ondasun immaterialaren adierazpen hori babesteaz gain, dibertsitate funtzionala duten emakumeen egoera ikusarazi eta hari buruz sentsibilizatzeko espazio bat ireki nahi du.
Baina 12an jota agertokitik behera ere jaitsiko da. Izan ere, 12:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, hiru jota-erronda arituko dira Alde Zaharreko eta Zabalguneko kaleetan barna. Goizez, errondak Baiona eta Karlos III.aren etorbideetatik eta Tutera kaletik abiatuko dira. Arratsaldeko ibilbideetan 200 jotari bitarte bilduko dira, Nafarroako eta Errioxako jotarien kontzentrazio batean, Navarjotak antolatuta.
Kultur elkarte horrek xede du Nafarroako folklorea, ohiturak eta tradizioak, batez ere jota, ezagutarazten dituen edozein jarduera bultzatu, zabaldu, garatu, zaindu eta sustatzea, eta belaunaldi berriak eta gizartea, oro har, sentsibilizatzea folklorea nortasun-ikur gisa gordetzearen garrantziari buruz. Zentzu horretan, Nafarroako jotaren bidez Foru Erkidegoaren irudia nazio eta nazioarte mailan proiektatu nahi du.
Hurrengo emanaldiak ‘Jotas-soinuak’ barruan
12:00. Sarasate pasealekuko agertokia, sarrera librea
Uztailak 12, asteartea
- AMUDISNAren errezitaldia
Uztailak 13, asteazkena
- Yoar errondaila (12:00)
- Armonía errondaila (13:15)
Uztailak 14, osteguna
- Voces Navarras