
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak Haurrendako antzerki-testuen XXXV. Lehiaketa antolatu dute, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan. Lanak telematikoki aurkezteko epea ekainaren 10ean (asteazkena) amaituko da, 23:59an. Aurreko edizioan 138 lan jaso ziren, 2024an baino % 10 gehiago; 130 gaztelaniaz idatziak eta 8, euskaraz.
Lehiaketan 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartzen ahalko du. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahalko ditu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, betiere baldintza hauek beteta: testuak argitaragabeak eta jatorrizkoak izanen dira; ezin dira beste edozein lehiaketatan saritutako lanak aurkeztu; eta beste konpainia profesional edo amateur batzuek estreinatu ez dituzten lanak izanen dira. Ezin da testu bera aurkeztu bi modalitateetan. Antzezlanek haurrendako lanetan ohikoa den iraupena izan behar dute.
Lanak telematikoki aurkeztu behar dira, concursodetextosentnae@gmail.com helbide elektronikoaren bidez. Mezuaren gaian “HAURRENDAKO ANTZERKI TESTUEN XXXV. LEHIAKETA” jarri beharko da. Gainera, bi fitxategi atxikiko dira: 1. FITXATEGIAK “TESTUA” izena izanen du, eta izenburua, testua eta egileak lehiaketara aurkezteko erabilitako izengoitia jasotzen dituen PDFa jasoko du; 2. FITXATEGIAN, “PLIKA” izenarekin, honako hauek jasoko dira: lanaren izenburua eta egilearen izengoitia; egilearen curriculuma, labur; goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa; NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat, non jasoko baita lanak baldintzak betetzen dituela, eta egileak deialdiaren oinarriak ezagutzen eta onartzen dituela.
Epaimahaia, sariak eta balorazio-irizpideak
Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerkiaren esparruko hiru profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Antzezlanak baloratzeko orduan honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea, besteak beste. Epaimahaiaren epaia iraileko lehen astean emanen da jakitera. Euskaraz zein gaztelaniaz, 3.000 euroko sari bakarra finkatu da lan irabazle bakoitzerako, bai eta, normalean, irabazle suertatu den antzezlana ekoiztu eta ikustera ematea ere.
Saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, eta urtebetez argitaratzen edota antzezten ahalko dituzte antzezlan horiek. Saritutako lanaren egileak lana erakusteko eskubideak lagako ditu Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako, urtebetez saria ematetik aitzina. Gainera, gaztelaniazko lan irabazlea urteko Eguberrietako programazioaren parte izaten da, eta euskarazkoa, berriz, Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatzen duten eskola-kanpainaren parte.
Iaz Antonia Jiménez Rodríguezen La reina gato (gazteleraz) eta Iordan Rodorov Marinoven Kirkuk Erregea (euskaraz) izan ziren lan irabazleak. Antonia Jiménez Rodríguezen La niña gato lanak Nenaren istorioa kontatzen du, aitona galdu berri duen eta gertatutakoa ulertzen ez duen neskatxa bat. Nena haserretu eta aitonarekin zihoan parkean ezkutatzen da. Han, pertsonaia batzuek bizitzaren zikloa ulertzen laguntzen diote. Kirkuk Erregea lanean irudimen handiko haur bakarti baten istorioa kontatzen da, galduta eta bere ingurutik aldenduta dagoena. Dena aldatuko da, ordea, irakasle batek bere burua ulertzen eta bakarrik ez sentitzen laguntzen dionean.