Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Minaberri itzulpen-bekaren lehen edizioaren irabazleak, aste honetan aurkeztu du Txalapartak argitaratutako itzulpen-lan inprimatua. Utzi kontatzen liburua Laurie Halse Anderson idazle prestigiotsuaren Speak gazte-eleberriaren euskarazko bertsioa da: 250 orrialde ditu, eta azal bigunean argitaratu da. Iruñeko Udalak liburuaren 100 ale eskuratu ditu.
Karrikiri elkartearen egoitzan aurkeztu da eleberria, eta ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Ainhoa Mendiluze Ormaetxea itzultzaile sarituak, Fernando Rey Escalera EIZIEko ordezkari eta sariaren epaimahaikideak, Iñigo Satrustegi Andrés editoreak eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko ordezkariak. Iruñeko Udalak eta EIZIE elkarteak hitzarmen bat sinatu zuten, eta haren bidez 3.000 euroko saria eskuratzen ditu itzultzaileak.
Aipatu moduan, Speak eleberria itzuli da aurten: nazioartean oso ezaguna, sari ugari eskuratu zituen, eta, besteak beste, finalista izan zen National Book Award sarietan. Kritikak idazle estatubatuarra goraipatu du, batetik, gai latzak sentikortasunez eta ausardiaz jorratzeagatik, eta, bestetik, identitatea, erresilientzia eta justizia soziala aztertzeko gai delako. Gai horiei heltzeko, Minaberri bekaren irabazleak Aiora Jaka itzultzailearen mentoretza jaso du.
Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak (Tolosa, 1997) Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen Gasteizen, eta itzulpen-praktikak egin zituen Gipuzkoako Foru Aldundian. Bi urtez, euskara-irakasle aritu zen DBHko institutu batean, baita aleman-irakasle ere, Hizkuntza Eskola Ofizialean. Egun itzultzailea da NUPen.
Minaberri bekak urtero gazte-literaturako liburu esanguratsu bat itzultzea aurreikusten du, irakurle gazteei kalitatezko lanak eskaintzeko, eta euskaraz sortutako lanak ez ezik, nazioarteko gazte literaturakoak ere euskarara ekartzeko. Marijane Minaberri idazle eta itzultzaile baxenafartarraren omenez hartu du Minaberri izena bekak.