Iruñeko Udalak Mendillorriko Ermita eta Ustarrotz Kontzejuaren kaleak asfaltatuko ditu datorren astean

Iruñeko Udalak Mendillorriko Ermita eta Ustarrotz Kontzejuaren kaleak asfaltatuko ditu datorren astean
Jarduketak 87.933,32 euroko aurrekontua du eta zirkulazioan eragina izanen du auzoko goiko aldera sartu eta irteteko eremuan

 

Asfaltado


Iruñeko Udala aurrera doa udako asfaltatze-kanpainarekin. Datorren astean, abuztuaren 17tik 24ra bitarte, Mendillorrin eginen dira lanak: Ermita eta Ustarrotz Kontzejuaren kaleak asfaltatuko dituzte. Jarduketaren aurrekontua 87.933,32 eurokoa da. Viaria Aglomerado SL enpresak eginen ditu lanak, espazio publikoak birgaitzeko lanetarako esparru-akordiotik eratorritako kontratuen barruan. 

Lanek eremuko zirkulazioan eragina izanen dute, bi kaleak auzoko goiko aldetik NA-2303 errepidera sartu eta irteteko erabiltzen baitira. Ustarrotz Kontzejuaren kalea astelehenean, 07:00etan, moztuko da, eta, aurreikuspenen arabera, astearteko azken ordurako zirkulaziorako zabalik egonen da. Ermita kalean asteartetik aurrera abiatuko dira lanak eta asteazken arratsaldean berriz ere irekiko da. Iruñerriko hiri-garraioko villavesen zerbitzuaren lineak desbideratuko dira, astelehenean lanak abiatzen direnetik asteazken goizera arte. Aurreko egun hauetan bizilagunei zein saltokiei jakinarazi zaie, eta garajeetan eta jabeen erkidegoetan kartelak jarri dira.

Bide-zoruan eginen dira lanak: guztiz aldatuko da, egun higatuta edo guztiz apurtuta baitago. Orain arte petatxuak jarrita eta zuloak beteta egin dira kontserbazio-lanak, baina nabarmenak izaten hasi dira, errodatze-geruzaren degradazioa progresiboa baita eta etengabeko mantentze-lanak behar baititu. Hori dela eta, Iruñeko Udalak beharrezkotzat jotzen du bideak berriz asfaltatzea. 

Aglomeratu-geruza fresatuko da eta Ustarrotz Kontzejuko kalean dagoen Iruñerriko hiri-garraioko geralekuan errefortzu bat jarri beharko da. Aurreikuspenen arabera, asfaltatze-lanak datorren asteko lehenengo hiru egunetan eginen dira eta, ondoren, abuztuaren 24ra (astelehena) arte, pintatzeko eta seinaleztapen horizontalak jartzeko lanak amaitzen joanen dira bi bideetan. 

Beste hobekuntza batzuk eremuan
Datorren astean eginen diren asfaltatze-lanak egin aurretik, Iruñeko Udalak hobekuntza batzuk egin ditu eremuan. Aintzirako eta Jauregiko kaleetako oinezkoendako eremuak hobetzeko jarduketak egin dira, bereziki El Lago eta Mendigoiti ikastetxe publikoen eta Mendillorri BHIren eskola-ingurunean. Jarduketa horien bidez, eremuko ibilgarritasuna erraztu eta irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu nahi dira.

Era berean, Ustarrotz Kontzejuaren kaleko Iruñerriko hiri-garraioko geralekua aurreratzeko lanak egin dira villavesen sarbidea erraztu eta erabiltzaileen segurtasuna handitzeko, eta, hala, eremuko mugikortasuna ere hobetu da.

¿Te ha sido útil esta página?