Astelehenean ikasturte berria hasiko da Udalaren 12 haur-eskoletan: 0 eta 3 urte bitarteko 1.070 haurrek eman dute izena

Astelehenean ikasturte berria hasiko da Udalaren 12 haur-eskoletan: 0 eta 3 urte bitarteko 1.070 haurrek eman dute izena
Astelehenetik aurrera, halaber, Hello Azpilagaña, José Mª Huarte, Goiz Eder eta Hello Egunsenti eskoletan hutsik dauden plazak eskatzen ahalko dira
Escuelas

Abuztuaren 17an (astelehena) 0tik 3 urtera bitarteko 1.070 haurrek hasiko dute 2026 – 2027ko ikasturtea Iruñeko Udaleko haur-eskoletan. Hamabi haur-eskoletatik zortzi beteta daude jada, eta soilik lauk dituzte plaza hutsak: astelehenetik aurrera eginen diren eskaerekin beteko dira, eta horretarako, epez kanpoko onarpen-prozedura bat irekiko da. 

Hauek dira Udalaren hamabi haur-eskolak: Haurtzaro, Mendillorri eta Donibane (gaztelaniazko eredua); Izartegi (euskarazko eredua); Mendebaldea (euskarazko eta gaztelaniazko eredua); Hello Azpilagaña, Hello Egunsenti eta José María Huarte (gaztelaniazko eredua ingelesezko jarduerekin); Goiz Eder (euskarazko eta gaztelaniazko eredua ingelesezko jarduerekin); eta Hello Buztintxuri, Lezkairu eta Printzearen Harresi (euskarazko eredua ingelesezko jarduerekin eta gaztelaniazko eredua ingelesezko jarduerekin). Ikasturte honetarako eskaintzen diren plazen % 88,9 egonaldi osokoak dira, eta % 11,1, egonaldi erdikoak. 

Egonaldi erdiko eskola guztietan 08:00etatik 09:00etara bitarte sartzen ahalko dira, eta 12:00etatik 13:00etara bitarte atera; gehienez ere lau orduz egonen dira. Egonaldi osoko eskoletan gehienez ere zazpi ordu egonen dira haurrak, eta ikastetxea, gehienez ere, 07:30etik 16:00etara egoten ahalko da zabalik.

Epez kanpoko prozeduraren bidez plaza hutsak betetzea
Ikasturte berria hastearekin batera, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak epez kanpoko prozedura ireki du oraindik ere zentroetako batzuek dituzten plaza hutsak betetzeko. Gaur egun, Hello Azpilagaña, José María Huarte, Goiz Eder eta Hello Egunsenti haur-eskolek dituzte plaza hutsak, adin, egonaldi-modalitate eta hizkuntza-eredu desberdinetan. 

Familiek abuztuaren 17tik aurrera (astelehena) eskatzen ahalko dituzte plazak, 2027ko otsailaren 12ra bitarte irekita egonen den prozeduraren barruan. Interesdunek epez kanpoko onarpen-prozedurari buruzko informazio eguneratua Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren webgunean kontsultatzen ahal dute. Eskabidean, gehienez ere hiru aukera markatzen ahalko dira, lehentasun-ordenaren arabera. Plaza hutsak astero esleituko dira, abuztuaren 25etik aurrera, aurkeztutako eskabideen ordenari jarraikiz.

Familiekiko harremana eta amagandiko edoskitzearekin lotutako proiektu esperientziala
Iruñeko Udalaren haur-eskolek erkide duten ildo pedagogikoak koherentzia ematen dio familiek eta langileek ikasturtean zehar egiten duten jardun praktikoari. Ikasturte berriak aukera berriak ematen ditu heziketan, behaketan eta ikerketan sakontzeko. Erakunde autonomoak agiri praktiko bat sortu du, eta haurren eta familien arteko harremana jorratzen da bertan. Testu bizi-bizia da, eta oinarri izan nahi du hari buruz gogoeta egin eta hausnartzeko eta hezkuntza-taldeetan hura kontserbatzeko.

Era berean, familien eta eskolen arteko harremanaren inguruan hausnartzen jarraitzea da asmoa. Proiektu hau joan den ikasturtean jarri zen martxan, komunikazio-bideen eta familia-aniztasunaren aberastasunaren inguruan sakontzeko, familia bakoitza haur-eskoletan parte hartzeko gai izan eta haien parte izan dadin. Hala, haur-eskolak hiri osoari zuzendutako kultura-, hezkuntza- eta gizarte-baliabidetzat hartzen dira. 

Horrez gain, edoskitzeari buruzko proiektu esperientzial eta esperimental bat jarriko da abian haur-eskoletako batean, pediatren, erizainen, gizarte-langileen eta nutrizionisten laguntzaz, eta hezkuntza- eta zuzendaritza-taldeek ere parte hartuko dute egitasmoan. Proiektuak helburu du sentsibilizazioa eta baterako hausnarketa aztertu eta eraikitzea haurren hazkuntzan oinarrizkoa den elikatzeko modu horren inguruan familiei laguntza emateko.

 

¿Te ha sido útil esta página?