Iruñeko Udala lanak egiten ari da abuztuan, Arrotxapeko hegoaldean aparkatze arautuko eremuaren ordutegia luzatzeko xedez. Irailetik aurrera, proiektu pilotuak Arga Ibaiaren, Otsagabia kalearen eta Maiteminduen pasealekuaren arteko eremuari eraginen dio: aparkatzeko eremu laranja ezarriko da, egunean 24 orduz eta aste osoan zehar, sanferminetan hiriko erdigunean erabiltzen den sistemaren antzera.
Neurriak xede du 8. (Arrotxapea) eta 1. (Alde Zaharra) sektoreetako bizilagunek 700 aparkaleku-plaza berreskuratzea eta Alde Zaharrera aisialdiarekin lotutako arrazoiengatik joaten direnek eremua disuasioko aparkaleku gisa erabil dezaten ekiditea. Gainera, berrurbanizazio-lanak direla eta, Anelier pasealekuaren zati bat ez da erabilgarri egonen, eta arautzeak mugaketa hori konpentsatzea du helburu.
Aparkatze arautuko eremuak 24 orduetan izanen du eragina toki hauetan: Itzaltzu k., Jaurrieta k., Orontze k., Ezkarotze k., Joaquín Beunza k., Arbizu k., Arga Ibaiaren zeharkalea, Baratzeetako zeharkalea, Bernardino Tirapu zeharkalea, Otsagabia k., Carmen Baroja Nessi k., Juslarrocha k., Bernardino Tirapu k., Arga Ibaiaren k., Espartza Zaraitzu k., Sartze k. eta egun Anelier pasealekuan eta Eskortetan dauden aparkalekuak. Neurriari esker eremuko zirkulazioa murriztea espero da, eta, horrekin batera, CO2 isuriak eta zarata. Halaber, Cardenal Ilundain ikastetxeko eta Trinitariosko disuasioko aparkalekuak erabiltzea sustatuko da.
Erabilera-txostena
Arautze-aldaketa aurtengo urtarrilean egindako txosten batean oinarritzen da, eta agiri horrek Mugikortasun Batzordearen babesa du. Txostena egiteko, guztira 8.630 matrikula irakurri ziren 1.760 aparkatze-plazatan, eta lan horrek argi utzi zuen arratsalde-gauean aparkatze-plaza ugari (% 93) zeudela beteta oro har, baita matrikula guztien % 35 eta % 40 inguru beste sektore batzuetako txartelak zituzten ibilgailuei zegozkiela.
Ostegun eta ostiral gauetan, larunbatetan eta jaiegunetan betetzen ziren aparkatze-plaza gehien, eta txostenak jasotzen du bidegurutzeetan, motorrek aparkatzeko plazetan, oinezkoen pasabideetan eta edukiontzietan gaizki aparkatutako auto ugari zeudela denbora-tarte horretan, bide publikoan aparkatzeko ordutegi araututik kanpo.