Gaur, osteguna, Fontaines D.C. talde irlandarrak kontzertua emanen du Ziudadelan: post-punk estiloko musikaren erreferente da gaur egun, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko

Gaur, osteguna, Fontaines D.C. talde irlandarrak kontzertua emanen du Ziudadelan: post-punk estiloko musikaren erreferente da gaur egun, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko
Udalak barrutia lagako du hiriko harresi-ondarea nazioartean proiektatuko duen kontzertua egiteko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia



Gaur, osteguna, nazioarteko lehen mailako kontzertua Ziudadelan: egun post-punk estiloko musikaren erreferentea den Fontaines D.C. talde irlandarrak emanen du, eta sarrerak agortuta daude duela zenbait aste. Kontzertua balio artistiko handiko proposamena izateaz gain, Ziudadela eta Iruñeko harresi-barrutiak ondare historiko-artistikoko gune gisa eta kultura-espazio gisa ere finkatuko ditu. Emanaldia 22:00etan hasiko da, baina 19:30etik aurrera Ziudadelara oinez sartzeko sarbideak itxiko dira, eta soilik kontzerturako sarrera dutenak sartzen ahalko dira. 

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Jaime Hernández Peiró Houston Party SLko ordezkariak gaur goizean bisitatu dute Ziudadelan kontzerturako gaitu den barrutia. Lankidetza-hitzarmen baten bidez, Udalak konpromisoa hartu du kontzertua Ziudadela barruan egin ahal izateko behar den espazioa enpresa sustatzailearen eskura jartzeko. Hala, Ziudadela Iruñeko aire zabaleko agertoki kulturaletako bat bihurtu da udan.

Iruñeko Udalak interesekotzat jotzen du Ziudadela bezalako espazioei balio artistiko eta turistiko handiko adierazpen kulturalak egiteko eremu gisa balioa ematen dieten ekimenekin lankidetzan aritzea, hiriko gotorlekuen parte nabarmena baita. Era berean, Udalak beharrezkotzat jotzen du erabiltzaileek oso ongi baloratzen dituzten aparteko produktu eta zerbitzuak proposatzen dituzten kultur eta sormenezko industriak babestea. Gainera, kultur eta sormenezko industriek funtsezko garrantzia dute hazkunde ekonomikoan, duten dinamismoagatik eta enplegua sortzeko gaitasunagatik. 

Egungo post-punk musikaren erreferentea

Fontaines D.C. Europako panorama alternatiboaren talde garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Dublinen sortu zen eta urte gutxiren buruan rock garaikidearen ezinbesteko izenetako bat bihurtu da. Boskote irlandarrak lau disko argitaratu ditu orain arte: Dogrel (2019), A Hero's Death (2020), Skinty Fia (2022) eta Romance (2024). Disko horietan, post-punk, indie rock, folk irlandar, punk, pop eta musika elektronikoko doinuak nahasten ditu taldeak, eta konbinazio horri esker, kritika espezializatua zein publiko gero eta zabalagoa bereganatu ditu. 

Taldearen musika-proposamena letra biziek eta Irlandako kultura-eszenari oso lotutako nortasunak markatzen dute eta horri esker, nazioarteko jaialdi nagusietako batzuen buru izan da, bai eta Europako eta Amerikako hiri askotan sarrerak agortu ere. Iruñeko hitzordua taldearen nazioarteko biraren barruan dago, eta abuztuan dagoeneko Cádizen eta Alacanten eman ditu kontzertuak. Sarrerak agortuta daude, eta horrek esan nahi du Nafarroako udako kontzerturik nabarmenetako bat izanen dela, batez ere musika alternatiboa eta independentea gustuko dutenendako. Aurreikuspenen arabera, beste herri eta probintziatako pertsona asko Iruñera hurbilduko dira kontzertua ikusteko.

¿Te ha sido útil esta página?