Iruñeko Udalak 500.000 euro inguru inbertituko ditu hiriko bederatzi kale eta etorbide nagusi asfaltatzeko. Jarduketak irailaz geroztik ari dira egiten eta urtearen amaierara arte iraunen dute. Laster, trafiko-dentsitate handiko bideei eraginen die, hala nola Zaragoza, Baiona, Sanduzelai eta Kataluniako etorbideei, eta Irunlarrea, Concepción Benítez eta Nafarroako Gorteen kaleei. Lan horien kontratuak espazio publikoak eraberritzeko lanetarako esparru-akordioaren 1. ataletik datoz.
Irailean, Udalak dagoeneko jarduketa egin du Antso Azkarraren etorbidearen eta Fuente del Hierro kalearen arteko biribilgunean, eta Txantreako Aita Adoain kalean. Hurrengo jarduketa Zaragozako etorbidean eginen da urrian. Tokiko Gobernu Batzarrak joan den astelehenean onetsi zuen Felisa Munárriz plazaren eta Miguel Astráin kalearen arteko biribilguneko tartea asfaltatzea, hiritik ateratzeko noranzkoan, 80.803,28 euroko aurrekontuaz. Aurreikuspenen arabera, lanak datorren igandean, urriaren 3an, eginen dira, zirkulazioaren gorabeherak murrizteko.
Obra hauetan gertatu ohi den bezala, jarduketaren arrazoia da bideko zoladura hondatu egin dela, argi eta garbi ikusteko moduan, eta errodatze-geruza degradatu egin dela, dagoeneko bere erabilera-aldia bete baitu. Aglomeratu-geruza altxatu edo fresatu eginen da, eta hiritik irteten den zirkulazioaren noranzko horretako 7 metroko zabalerako erreietan jardunen da. Ondoren, erreietako hainbat seinale margotuko dira.
Jarduketa gehiago hiriko hainbat puntutan
Asfaltatze- eta zolaberritze-jarduketa horiek hiriko auzo ezberdinetako beste kale eta etorbide nagusietara ere helduko dira. Asfaltatuko da Sanduzelaiko etorbidea, Repáraz Doktorearen kaleko bidegurutzearen eta Nafarroa etorbideko biribilgunearen artean, zirkulazioaren bi noranzkoetan. Halaber, Irunlarrea kalean ere eginen dira jarduketak, Arcadio María Larraona eta Ermitagaña kaleetako biribilguneen artean.
Baiona etorbidea izanen da zorua konpondu eta erregularizatuko den beste puntuetako bat. Lanak bi tartetan eginen dira: alde batetik, bidea asfaltatuko da Antso Azkarraren etorbideko biribilgunearen eta Irurita Apezpikuaren plazaren arteko bidegurutzean (hirira sartzeko noranzkoan) eta, bestetik, jarduketak eginen dira Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegurutzean.
Aurreikusi da ere, azken hiruhileko honetan, Etxabakoitzeko Concepción Benítez kalea asfaltatzea, Barañaingo etorbideko biribilgunearen eta Teodoro Ochoa de Alda kaleko bidegurutzearen artean, eta Katalunia etorbidea, Sadar kaleko biribilgunearen eta ibaiaren gaineko zubiaren ondoren dagoen oinezkoendako pasabidearen artean, NUPerako noranzkoan. Esku-hartze horiei gehitu behar zaie abenduan ere Nafarroako Gorteen kalean jarduteko aurreikuspena, eremu horretan gaur egun martxan dauden obrak amaitu ondoren.