Duela hamabi hilabete hasi ziren Bigarren Zabalguneko Civivox berria eraikitzeko lanak, eta hiru solairuko eraikinaren kanpo-egitura ia amaituta dago. Une honetan, eraikinaren estalkiak bukatzen ari dira, bai hirugarren solairuan, bai auditoriumean. Gizarte-etxe berriko gelen kanpoko hormak ere ia amaituta daude.
Hirigintza Gerentziak eta Hirigintza Batzordeak, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea buru, obrak bisitatu dituzte gaur goizean, hasi zirenetik urtebete bete denean. 2022ko azaroaren 14an hasi ziren lanak eta epe barruan gauzatzen ari dira. Aurreikusitako exekuzioa 22 hilabetekoa da, eta beraz, ia beste urte bete geratzen da obrak amaitzeko, printzipioz, 2024ko abuztuan.
Kanpoko egitura gorantz doa Salestarren plazan, Media Luna kalearekin muga egiten duen lursail batean. Civivox berriak plazatik bertatik izanen du oinezkoendako sarbidea, dagoeneko itxuratzen hasia den atari txaranbeldu ireki baten bidez. Eraikinaren egitura orokorra amaitzeko, beheko solairuko auditoriuma (400 pertsona baino gehiagorentzako lekua izanen duena) estaliko duten plaka albeolar eta aurrelauzazko forjatuak falta dira, eta solairuetako igeltserotzako jasodurak. Hori bai, dagoeneko hasita daude eraikin osoan zehar banatuko diren klimatizazio-hodiak ezartzen.
Bigarren Zabalguneko Civivoxak 4.767,37 m2-ko azalera eraikia izanen du, beheko solairuan, hiru solairutan, sotoan eta solairuartean banatuta. Construcciones Mariezcurrena enpresa ari da 9.707.551,29 euroko aurrekontua duten obrak egiten, OFS Sociedad Cooperativa Profesional, INARQ Estudio de Aplicaciones de Ingeniería SL eta ATERPE Oficina Técnica SLP enpresek diseinatutako proiektuarekin bat.
400 lagunendako ekitaldi-aretoa eta besaulki-patiotik sartzeko modukoa
Udalaren gizarte-etxe berri honek berezko nortasuna izan nahi du, ia energia-kontsumorik gabekoa, irudi berezikoa eta Salestarren orube zaharraren urbanizazio berriaren ingurunean integratua. Hiru solairuko goiko bolumenak saretak eta leihate zabalak konbinatuko ditu, eta harria bere eginen du, hori baita material nagusia inguruko gainerako eraikinetan.
Barrualdeari dagokionez, sotoan egonen da erakusketa-gunea, eta Pablo Sarasate musikari eta konpositorearen legatua (orain Kondestablearen Jauregian dagoena) eta Javier Ciga margolariarena bertara eraman nahi dira. Beheko solairuan erabiltzaileei harrera egiteko eta arreta emateko guneak eta ekitaldi-aretoa –600m2 baino gehiago, 400 eserleku baino gehiagoko edukiera eta sarbidea besaulki patiotik izanen dituen auditoriuma– egonen dira. Areto horrek sarrera bat du Civivoxetik bertatik, eta beste sarrera independente bat kanpotik sartzeko, eraikina itxita egon arren jarduerak programatu ahal izateko. Hasiera batean bigarren mailakoa litzatekeen beste sarbide bat ere badu, Media Luna kaletik, espazio zehatzetara sartzeko ordezko sarrera gisa erabiltzen ahalko dena, adibidez, sotoan Ciga eta Sarasateri eskainitako aretoetara sartzeko.
Goiko solairuak Civivoxaren programa soziokulturaleko jardueretarako erabiliko dira. Lehenengo eta bigarren solairuetan, erabilera anitzeko gelak, hitzaldietarako aretoak, informatika-gelak, arte plastikoetakoak, sukaldaritzakoak edo irakurketakoak prestatuko dira, besteak beste. Hirugarren solairuan kirolerako, dantzarako eta gimnasiorako espazioak kokatzeko asmoa dago. Espazio horietatik, gainera, inguruko paisaia ikusten ahalko da baoei eta leihateei esker, eta, horrekin batera, argi naturala iritsiko da geletara.