
Auzo-eztabaidaguneen bederatzigarren erronda urtarrilaren 23tik ekainaren 19ra bitarte eginen da, eta beti bezala, hiriko 14 auzoetara iritsiko da, txandaka-txandaka eremutan barna ibiliko da. Eztabaidaguneen erronda honek, ordea, berritasunak izanen ditu. Batetik, topaketen data asteartetik ostegunera aldatuko da, honako arrazoi honengatik: astean zehar eztabaidaguneari lotutako jarduerak egiteko nahikoa izatea, besteak beste, informazio-jarduerak, kaleak eta barrualdeak girotzeko jarduerak, bai eta auzoko zinegotziarekin ibilaldi bat egitea ere, auzo-bizitza non egiten den ezagutzeko.
Bestetik, eztabaidagune berrietan auzoko 3 eta 12 urte bitarteko haurrekin ere landuko dira gaiak, adingabeen berariazko eztabaidagune bat sortuta. Eztabaidagune horri esker, adingabeen ahotsa eztabaida orokorrera eramanen da. Azkenik, eztabaidaguneak garatzeko egituraren blokeak berrantolatu eginen dira. Hala, komunitate-proiektuei eta udal-zerbitzuei buruzko zuzeneko informazioa eta kontuen berri emateaz gain, hasieran aurkezpen bat eginen da eredu bati jarraikiz, hiri-ikuspegi orokor batetik egin beharreko prozesuei buruz, eta, amaieran, haurrendako eztabaidagunean ateratako ondorioak azalduko dira. Haurrendako foroa helduen foroa egiten den aldi berean garatuko da.
Horiek dira programaren aurtengo edizioaren berritasunetako batzuk. Programa Aitziber Campion Gamboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Zinegotzi bereziak aurkeztu du gaur goizean. Zinegotziak azpimarratu duenez, sistema berriaren helburu da eztabaidaguneekin lotutako entzutea, parte hartzea, lana, jarraipena eta kontuak emateko sistema hobetzea. Lan-sistema horrek kultura parte-hartzailea eta gardentasuna ditu oinarri. Halaber, haurren eta gazteen parte-hartzea, eta hiri-eskala txertatu nahi dira auzo bakoitzaren ikuspegian.
Urteko lehen hiruhilekoan honako auzo hauetan eginen dira eztabaidaguneak: Arrotxapean, Sanduzelain, Arrosadia-Azpilagaña-Santa Maria la Realen (prozesu honetan talde bakarrean elkartu ditugu), Iturraman, Mendillorrin, Zabalguneetan, Alde Zaharrean eta Ermitagaña-Mendebaldean. Aurreikuspenen arabera, bilera bakoitzak 90 minutu iraunen du, eta, ohikoa den moduan, parte-hartzaileek galderak egiteko aukera izanen dute; saioa on line jarraitzen ahalko da eta zeinu-hizkuntzako interpretea izanen da entzumen-irisgarritasuna bermatzeko. Eztabaidaguneen erronda horretako saioak begizta magnetikoz eta estenotipiaz hornituko dira,entzumen-desgaitasuna duten pertsonek ere jarraitu ahal izan ditzaten. Txikien Foroa eginen denez, erronda honetan ez da haurrak zaintzeko zerbitzurik eskainiko.
Auzo-eztabaidaguneak astelehenetik ostiralera
Sistema berriak xede du aste oso batean zehar lantzea auzo bakoitzeko eztabaidaguneetako edukiak. Batetik, astelehenetik ostiralera erakusketa ibiltari bat jarriko da, Udalaren 2025erako aurrekontuaren partidak zertan erabiliko diren jakitera emateko. Informazioari eta gardentasunari lotutako irizpideez gain, neurri horrek xede ditu, besteak beste, jarduketen kostuari buruzko pedagogia jorratzea, jarduketa horiei dagokien gastuen ildoari buruzko balorazioa egitea, eta erakundea bera eta haren zereginak hobeki ezagutzea.
Bestetik, asteartero ibilbide bat eginen da auzoan barna, parte-hartzaileei informazioa eman eta ibilaldietan zuzeneko kontrastea egiteko. Adostutako ibilbideak 90 minutuko iraupena izanen du, eta bertan, auzotarrez gain, auzoko zinegotziek, polizia komunitarioak eta herritarren partaidetzako teknikariek parte hartuko dute. Ibilaldi horren xedea da auzoko zinegotziak bertatik bertara ezagutzea non eta nola garatzen den auzo-bizitza eta komunitate-bizitza, eta esperientziak, hausnarketak eta jarduketak partekatu ahal izatea.
Asteazkenetan, Kultura Alorrarekin batera, jarduerak antolatuko dira auzoko guneak dinamizatzeko (kaleak eta zuzkidura-guneak). Gune horiek, ahal den neurrian, auzoko talde jakin batzuen ardurapean egonen dira. Auzo mailako erreferentziazko talde artistikoak izanen dira eta, besteak beste, haurrendako antzerkiekin, ipuin-kontalariekin, helduendako antzerkiarekin eta dantzekin lotutako emanaldiak eginen dituzte. Nolanahi ere, proiektuak sare komunitarioan garatzen dituzten talde amateurrei emanen zaie lehentasuna.
Txikien foroa
Haurrendako ezatabaidagune bat egiteko ekimena auzoko gazteenek gune seguruei buruz duten iritzia entzuteko lan-dinamika bat sortzearekin lotzen da. 3 eta 12 urte bitarteko adingabeek parte hartzen ahalko dute eta interpelazioa zuzena izanen da, haien ikastetxeen bidez jasoko baitituzte gonbidapenak.
Eztabaidagune horiei esker, haurrak zaintzeko zerbitzua lehengoratu eginen da, eta guneak dinamizatzeko behar berriak sortuko dira, helduen eztabaidagunearen azken minutuetan aurkeztuko dituzten ondorioak ateratzen lagundu baitzaie. Bi dira proposamenaren helburuak: batetik, auzoko haurren ahotsa jasotzea, eta bestetik, adin desberdinetako auzotarrek auzoko haurren hausnarketak eta ekarpenak entzuteko aukera izatea.
Auzo-eztabaidaguneen 9. erronda. Datak eta programazioa
Auzo-eztabaidagunea | Data |
Arrotxapea | Urtarrilak 23 |
Sanduzelai | Urtarrilak 30 |
Arrosadia-Azpilagaña-Santa María La Real | Otsailak 13 |
Iturrama | Otsailak 20 |
Mendillorri | Otsailak 27 |
Zabalguneak | Martxoak 13 |
Alde Zaharra | Martxoak 20 |
Ermitagaña-Mendebaldea | Martxoak 27 |
Buztintxuri | Apirilak 10 |
Donibane | Maiatzak 15 |
Lezkairu | Maiatzak 22 |
Etxabakoitz | Maiatzak 29 |
Txantrea | Ekainak 12 |
Erripagaña-Beloso-Bidezar | Ekainak 19 |
Astelehena | Asteartea | Asteazkena | Osteguna | Ostirala | Larunbata |
| Erakusketaren instalazioa | Ibilaldia auzoko zinegotzi eta poliziekin | Kultura-jarduera auzoko taldeekin | Auzo-eztabaidagunea:
| Erakusketa | Erakusketa |
| Erakusketa | Erakusketa | Erakusketa |