Urtarrilaren 2an eta 3an eskatzen ahalko dira 50 urte baino gehiagoko helduendako Yoga eta Gimnasia Aerobiko Modernoko programan hutsik dauden 123 plazak

Urtarrilaren 2an eta 3an eskatzen ahalko dira 50 urte baino gehiagoko helduendako Yoga eta Gimnasia Aerobiko Modernoko programan hutsik dauden 123 plazak
2024-2025eko ‘Citius, Longaevus, Fortius’ kirol terapeutikoko udal-programa ekainaren 12an bukatuko da

foto


Urtarrilaren 2an eta 3an, beste aukera bat dute 2024-2025 ikasturteko 'Citius, Longaevus, Fortius' kirol terapeutikoko udal-programaren barruan gimnasia aerobiko modernoa edo yoga egin nahi duten 50 urtetik gorako helduek. Egun horietan, kirol-modalitate eta zentro bakoitzean hutsik geratu diren plazetarako izen-emateak onartuko dira, guztira 123. Eskolak urtarrilaren 8an hasiko dira eta ekainaren 12an amaituko da ikastaroa.

Izen-emateak pamplona.deporte webgunean egin daitezke, edo Sedena enpresa emakidadunaren bulegoetan (Pío Baroja plaza z/g), 09:00etatik 14:00etara. Telefono bidezko harrera ere badago 610124862 telefono-zenbakian, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Haien egoera fisikoa nolakoa den ez dakitenendako, programaren webgunean PAR-Q+ test bat dago, aukeratutako praktikarako kontraindikazio medikorik baduten jakin dezaten.


Guztira, gimnasia aerobiko modernoko 80 plaza daude, gehienak San Cernin ikastetxean, Arrosadia kiroldegian eta San Juan de la Cadena ikastetxe publikoan (18, 17 eta 12 plaza huts, hurrenez hurren). Gimnasia aerobiko modernoak xede du edozein adin eta egoeratako pertsonen egoera fisikoa hobetzea, taldean eta modu monitorizatuan egindako ariketen bidez. Ikastaroan zehar, askotariko jarduera fisikoak eginen dira, hala nola, gimnasia konbentzionala, jolasak, dantzak eta kirolak.

Yogan, 43 plaza daude hutsik, talderik handiena Arantzadin (16 plaza). Yoga filosofia bat eta zientzia bat da, eta, zenbait gorputz-jarrera-, arnas- eta erlaxazio-teknikaren bidez, gorputza eta adimena orekatzen eta normalizatzen laguntzen du, bizitzaren aurrean jarrera kontziente eta ernea sustatuz. Emango den oinarrizko irakaskuntzak barne hartzen ditu jarreren bidez (asanak) gorputza lantzeko teknikak, muskuluak kontrolatzeko teknikak, erlaxazioa eta meditazioa. Adinekoei zuzenduta dagoenez (edo muga edo patologia jakin batzuk dituztenei), yoga-jarrera konplikatuak saihestuko dira, eta jarreren lanketa eta muskuluen kontrola leunagoak izanen dira.

Edozein diziplinatan izena emateko beharrezkoa da izena, bi abizen eta Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) zenbakia aurkeztea, baita telefono-zenbaki bat eta/edo helbide elektroniko bat ere. Pertsona bakoitzak toki libreak dituen talde bakarrerako eskatzen ahalko du plaza (aurreikusitako data, ordutegia eta instalazioa zehaztuta). Eskaria erabilgarri dauden plazak baino handiagoa den taldeetan, zozketa publikoa eginen da urtarrilaren 4an, larunbatean, eguerdiko 12:00etan. Zozketa hori zuzenean ikusi ahal izanen da, hemen: https://pamplonadeporte.sedena.es. Zozketa egin ondoren, plazarik eskuratu ez dutenei automatikoki itzuliko zaizkie ordaindutako zenbatekoak.

Plaza bakoitzaren prezioa 46tik 68 eurora bitartekoa da, (astean 2 edo 3 orduko plazak diren kontuan hartuta), eta araudian aurreikusitako deskontuak eta/edo murrizketak aplikatuko dira, familia motaren, desgaitasunaren, diru-sarrera mailaren eta abarren arabera.

 

¿Te ha sido útil esta página?