Urtarrilaren 20an amaituko da Iruñeko aparkatze mugatuko eremurako bizilagun- edo jarduera-txartela berritzeko epea

Urtarrilaren 20an amaituko da Iruñeko aparkatze mugatuko eremurako bizilagun- edo jarduera-txartela berritzeko epea
Urteko-tasan konpentsatuko dira aurreko urtean etxeko konfinamenduaren ondorioz zerbitzua eten zen egunen kostua

 

 

Urtarrilaren 20an amaituko da 2021erako Iruñeko aparkatze mugatuko eremurako bizilagun-txartela edo merkataritza-, industria- edo zerbitzu-jarduerako txartela berritzeko epea; txartela Herritarren Segurtasuneko bulegoetan (Iratxe Monasterioaren kalea, 2) berritu behar da. Gaur egun 3.332 txartel berritzeke daude, aurreko urtean eman zirenen ia % 10. Urteko-tasa 48,35 eurokoa da, baina aurten txartela berritzen dutenendako 40,29 eurokoa izanen da, 2020ko martxoaren 16tik maiatzaren 10era bitarteko aldia konpentsatzeko, etxeko konfinamenduaren ondorioz zerbitzua ez baitzen jardunean egon.

Ordainketa banku bidez helbideraturik duten eta txartela lortzeko baldintzak aldatu ez dituzten erabiltzaileek ez dute ezer egin beharko, 2018, 2019 eta 2020an bidalitako txartelek balioko baitute eta tasa haien kontuetatik zuzenean kobratuko zaie. Ordainagiria helbideratuta ez dutenek Udalaren pamplona.es webgunearen egoitza elektronikoan egin beharko dute ordainketa, edo aurrez aurre atxikitako edozein banku-entitatetan, eta egiaztagiria Herritarren Segurtasuneko bulegoetan aurkeztu (Iratxeko Monasterioaren kalea, 2) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Urtarrilaren 20tik aurrera, tasa ordaindu ez bada, bizilagun-txartelaren baliozkotasuna galduko da, eta beraz, erabiltzaileak aparkatzen duen bakoitzean ordaindu behar du, edo, bestela, ibilgailuak salaketa jaso dezake eta garabiak erretiratua izan daiteke.

Orain arte 30.515 bizilagun- edo jarduera-txartel berritu dira: horietatik 2.285 1. sektorekoak dira (Alde Zaharra); 4.829, 2. sektorekoak (Zabalguneak); 3.656, 3. sektorekoak (Azpilagaña eta Milagrosa); 6.474, 4. sektorekoak (Iturrama); 5.036, 5.sektorekoak (Etxabakoitz iparraldea, Ermitagaña eta Mendebaldea); 4.644, 6. sektorekoak (Donibane) eta 3.591 8. sektorekoak (Arrotxapea).

Erabiltzaileak txartela edukitzeko baldintzetako bat betetzeari utzi badio, hari baja eman nahi badio edo ez badu txartela berritu nahi, Herritarren Segurtasuneko Alorraren bulegoetan aurrez aurre entregatu edo hara postaz bidali beharko du, Iratxe Monasterioaren kaleko 2. zenbakira. Itzuliko zaio txartela baliatu gabe emandako denbora-tarteari dagokion tasa-zatia.

 

Berritzea edo txartel berriak eskatzea

Datuak aldatu dituzten bizilagunen txartelak berritzeko, edo egoiliar berrien txartelak eskatzeko, Herritarren Segurtasuneko Alorrera jo behar da. Eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte: pertsona fisikoa izatea, txartela zein sektoretarako eskatu eta hor kokaturiko helbide batean erroldaturik egotea eta hori edukitzea ohiko bizitokitzat, gidatzeko baimena indarrean izatea, txartela zein ibilgailutarako eskatu eta horren titularra izatea, betiere ibilgailuak eskatzailearen helbide bera izanda, aseguru-poliza  indarrean edukitzea, eta, behar izanez gero, Ibilgailuaren Azterketa Teknikoak emandako aldeko txostena. Horiez gain, eskatzailea ezin da izan udal-emakidako aparkalekuetan aparkatzeko toki baten edo gehiagoren jabe edo errentari.

Lehenengo aldiz alta hartu nahi dutenek egoiliarraren Nortasun Agiri Nazionala (NAN) eta ibilgailuaren matrikula zenbakia eman beharko dituzte. Herritarren Segurtasuneko Alorrak egiaztatuko du eguneratuta daudela gidabaimena, ibilgailuaren zirkulazio-baimena, aseguru-poliza eta Ibilgailuaren Azterketa Teknikoa, ibilgailuarendako nahitaezkoa bada. Helbidez aldatuz gero, txartela duen bizilagunak Alorreko bulegoan jakinarazi beharko du. Ibilgailuz zein sektorez aldatzeko, beharrezkoa da txartelaren eranskailua eramatea.

¿Te ha sido útil esta página?