Urtarrilaren 13tik hasita eman daiteke izena Emakumeen Etxeak urteko lehen seihileko honetarako antolatu dituen ikastaro eta lantegietan

Urtarrilaren 13tik hasita eman daiteke izena Emakumeen Etxeak urteko lehen seihileko honetarako antolatu dituen ikastaro eta lantegietan
Hitzaldiak, erakusketak eta irakurketa-klub feminista bat ere badaude programazioan
actividades casa de las mujeres

Emakumeen Etxeak berdintasun eta feminismoari buruzko doako lau ikastaro eta hamaika lantegi programatu ditu urteko lehen seihilekorako, eta urtarrilaren 13an (astelehena) hasiko da izena emateko epea, info@casadelasmujerespamplona.es posta elektronikoaren bidez edo 948 420 150 telefonora deituta. Programazioak, urtarriletik ekainera bitarte, hiru hitzaldi, bost erakusketa eta hilabetean behingo irakurketa-klub feminista bat ere eskaintzen ditu. Programazioa osatzen joanen da, elkarteek eta kolektibo feministek antolatutako jarduerekin. Programazio osoa jakitera emateko, hileroko liburuxka bat osatuko da.
 

Emakumeak elkarrekin dantzan, Nora Otsoa de Olza Garateak emana, sormenezko dantza integrala eta gorputz-adierazpena eta adierazpen plastikoa oinarri hartuta eta Pentsatu daiteke amodioan? Gure harremanetan praktika askeagoak arakatuz Laura Latorre Hernandok emana, horiexek dira dira heldu den astelehenetik aurrera izena emateko epea zabaltzen duten lau ikastaroetatik bi. Emakumeen Etxean, autodefentsa feministako ikastaroak ere emanen dira, bi taldetan (gaztelaniaz eta euskaraz), eta haietan sexu-indarkeriari aurre egiteko prebentzio zein jardute-tresnak emanen zaizkie ikastaroan izena eman dutenei. Halaber, emakumeendako txi-kung tai jiko ikastaroak ere emanen dira, bi taldetan ere baina biak gaztelaniaz, gorputza eta burua ezagutu eta harmonizatzen laguntzen duen milurteko teknika hau ezagutzera emateko. Guztira 90 toki eskaintzen dira ikastaroetan, doan, emakumeen prestakuntzarako.
 

Hurrengo hilabeteetan eginen diren lantegiek zenbait gai edukiko dituzte aztergai, hala nola ezagutzak bereganatzea, emakumeen eskubideak, sexualitatea eta autozaintzak. Interesa duten emakumeek urtarriletik ekainera bitarte egitekoak diren hamaika lantegitan eman dezakete izena: Dokumentu-Gorputza: Gorputzera itzultzea diziplina anitzeko sormen-laborategia; fanzine-lantegia; Sendabelarrei eta basalandare jangarriei buruzko lantegia; emakumeak artean; Emakumeen historia ikusezina; Hirigintza feminista; Antsietatea eta emozioak egoki gobernatzea genero-ikuspegitik; Adierazpen lesbikoen lantegia; Kontakizun lesbikoen literatura-topaketa; Ikusgaitasun Lesbikoaren Egunaren ospakizuna, eta Gaztelania ez-sexistaren alde, gizonei ere zuzenduta. Guztira, lantegietan 200 toki inguru eskaintzen dira.
 

Emakumeen Etxea
 

Iruñeko Emakumeen Etxea emakumeen hausnarketarako eta ahalduntzerako espazio gisa sortu da. Hiriko emakume guztiendako topagunea eta erreferentziagunea da, emakumeen eta gizonen arteko benetako parekidetasuna lortzeko behar diren indarguneak eta sinergiak sortzeko eta aliantzak ehotzeko abiapuntu izanen dena. Agoitz kaleko 9an du egoitza, Pablo Sarasate Kontserbatorio ohian, eta astelehenetik ostiralera bitarte dago zabalik, 17:00etatik 21:00etara.
 

Iruñeko Emakumeen Etxea batera kudeatzen dute Iruñeko Udalak eta Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteak. Espazioen kudeaketa bateraturik egiten dute, eta programen zein jardueren kudeaketa, biek koordinatzen dute. Etxeak honako helburu orokor hauek ditu: erreferentziako gune feminista bat sortzea, intersekzionala eta belaunaldiartekoa, bide emanen duena eragin politikoko estrategiak garatzeko; emakumeen elkarteak eta kolektibo feministak toki batez hornitzea beren jarduketak eta jarduerak egiteko, hiriko emakumeen ahalduntze indibiduala zein taldekakoa lortze aldera; partaidetzako mekanismoak eta komunikatzeko bideak eskaintzea, emakumeen elkarteen eta administrazioaren arteko elkarrizketa egon dadin, horrela aldaketa bultzatzeko Iruñeko gizarte-, kultura- eta politika-balioetan, betiere berdintasunaren mesedetan; eta hausnartzeko, eztabaidatzeko eta sortzeko gune bat abiatzea, diskriminazioak emakumeen bizitzetan duen eragina ikusarazteko. 
 

Emakumeen elkarteek, kolektibo feministek eta berdintasunaren alde lanean ari diren entitateek egin ditzakete jarduerak Etxean, aurrez eskatuta. Udalaren www.pamplona.es webgunean daude eskuragarri eskabideak eta programazioaren gaineko informazio osoa.
 

Hitzaldiak, erakusketak eta irakurketa-klub feminista
 

Aurreikusita dauden hitzaldiei dagokienez, Paola Damontik, Esku-hartze sozialean eta Ongizate Estatuan doktore eta generoan adituak, Brecha orgásmica: de cómo el patriarcado nos persigue hasta en la cama izenburuko hitzaldia emanen du urtarrilaren 24an, ostiralarekin. Ainhoa Castiellak, emakumeen kontrako sexu-indarkerietan eta haien ondorioetan espezializaturik dagoen medikuak, El deseo sexual, libre elección entre hombre y mujeres hitzaldia emanen du otsailaren 11n, asteartearekin. Azkenik, Samara Velte Morán ikertzaile eta kazetariak bere liburu Nik sinesten dizut: bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua aurkeztuko du, otsailaren 18an, asteartearekin. Saio guztiak 18:00etatik 20:00etara eginen dira, eta sarrera librea izanen da toki guztiak bete arte.
 

Urteko lehen seihileko honetarako, bost erakusketa programatu dira. Urtarrilean zehar eta otsailaren 14ra bitarte, Iruña: hiria & zaintzak David Muñizen argazki-erakusketa egonen da ikusgai. Otsailaren 17tik martxoaren 27ra bitarte, Alpargatika elkarteak argazki-erakusketa bat egin eta dokumental bat proiektatuko du Latinoamerikako emakume lider indigenei buruz, bertako testuinguru sozial, politiko eta ekologikoan aldaketa esanguratsuak lortze aldera egiten duten borroka ezagutzera emateko. Apirilean zehar, 1etik 30era, Dekumas LBTk antolatutako lehiaketaren argazkiak ikusten ahalko dira, non emakume lesbianak agertzen baitira haien eguneroko bizitzen zenbait unetan, hala nola bikote-harremanetan, familiakoetan, lanekoetan eta aisialdikoetan. Maiatzean, fanzine-erakusketa bat eginen dute, Alpargatika elkarteak antolatutako ikastaroan parte hartu dutenek egindako fanzinez osatua. Eta ekainean, seihilekoa burutzeko, argazki-sortak jarriko dituzte ikusgai Chiapaseko emakume indigenen egoera sozio-politikoari buruz eta indarkeriaren biktima diren emakumeei nahiz planifikatu gabe haurdun geratu direnei harrera eta laguntza emateko Etxe Komunitarioari buruz.
 

Irakurketa-klub feministak osatzen du programazio hori: hilabetean behin egiten da, 18:00etatik 20:00etara. Seihileko honetan, honako liburu hauek aztertuko dituzte, bana hileko: A mí esto no me iba a pasar (Laura Freixas), Una habitación propia (Virginia Wolf), Ni por favor ni por favora (María Martín), Una Caperucita en Manhattan (Carmen Martín Gaite), La barbarie patriarcal (Victoria Sendon de León) eta Elisa Kiseljat (Lolita Bosch).