Urriaren hasieran amaituko dira Argal eta Talluntxeko instalazio ohiak eraisteko obrak, Hirigintza Gerentziak gaur goizean bisitatu dituenak

Urriaren hasieran amaituko dira Argal eta Talluntxeko instalazio ohiak eraisteko obrak, Hirigintza Gerentziak gaur goizean bisitatu dituenak
Kostua proportzionalki hartuko dute bere gain AHT Partzuergoko kideek: Iruña, Zizur Nagusia, Zizur Zendea eta Nafarroako Gobernua

Hirigintza Gerentziako kideek, Iruñeko alkate Enrique Maya buru dutela, gaur goizean bisitatu dute Argal eta Talluntxeko instalazio ohien orubea, abandonatuta dauden industria-eraikin horietan udan zehar egindako eraispen-obrak zehaztasunez ezagutzeko. Hutsik geratu den orubea Aróstegui etorbidearen 24an dago, eta bat dator Katastroko 4. poligonoko 2652 eta 2700 lurzatiekin. Orubea Etxabakoitzeko Udalaz Gaindiko Eraginari buruzko Plan Sektorialeko urbanizazio-proiektuan jasota dago 2015etik. Bi lurzatiek muga dute trenbidearekin iparraldean eta Aróstegui etorbidearekin hegoaldean. 2700 lurzatia Inmobiliaria Urquía SArena da eta 5.468 m2 da luze-zabal. 2652 lurzatia Tallunce SLrena da, Argal itxi ostean gunea catering baterako erabili zuen merkataritza-enpresarena, zeinak, baita ere, jarduerari utzi baitzion. Lurzatia 2.152 m2 da luze-zabal. 

Eraispen-lanak 153.827 euroan esleitu ziren (BEZa kanpo), eta amaierako kostua 191.148,55 euro (BEZa kanpo) izan da, eraispena egiterakoan haien berri ez zuten soto batzuk agertu zirelako. Aurreikuspenen arabera, obrak urriaren hasieran amaituko dira. Enpresa esleipendunak, Construcciones y Excavaciones Erri Berri SLk, eraispen-kontratua hamabost egunez luzatzeko eskatu du, Nafarroako Gobernuak premiazko izaeraz galdegin baitzion Iruña-Tutera N-121 errepidearen “Curva del Maño” tartea garbitu eta lehengoratzeko, eremu horrek jasan baitzituen Tafallan uztailaren 8an izandako uholdeak.

Lurzati laua eta eraikinik gabea
Lanek barne hartu dute eraikin, soto eta zimenduen eraispenak, Iberdrolaren Transformazio Zentroa ukitu gabe. Obrak amaitutakoan, bi lurzatiak zelaigune bihurtuta geratuko dira, sotoek utzitako hutsuneak beteko baitira eraispenaren hondarrak birrinduta sortzen den materialaz. Gainerako materiala lurzatien hondoan bilduko dute. Une hauetan, eraispen-lana amaitu da eta egiteke dago lurzorua berdintzeko lana sotoen ontzia beteaz. Bisitaren egunean bertan ekin diote hondarrak birrintzeko lanari. Hondarretan, honako material hauek berreskuratu dira: 585,68 tona kortxo, 120 tona metal (ferralla), 95,44 tona egur, 57,86 tona zabor eta 2,66 tona amianto.

Iruñeko Udala aztertzen ari da zer erabilera eman orubeari. Aukeren artean dago orubea behin-behinean aldirietako aparkaleku bihurtzea, hegoaldeko sarreran baitago eta hurbil baititu garraio publikoko autobus-geralekuak. Hartara, eremua saneaturik eta irudi hobeaz geratzeaz gain, guneari erabilgarritasuna emanen zaio, urbanizazio-lanak egin eta amaierako garapena gauzatu bitartean.
 

Terrenos Argal y Tallunce


Eraispen-lanen ordainketa, Iruñearen, Zizur Nagusiaren, Zizurren eta Gobernuaren artean
Orubea kokaturik dago Iruñerriko Abiadura Handiko Trenaren Partzuergoak kudeatzen duen eremuaren barruan. Haren zuzendaritza-kontseiluak, non erakunde parte-hartzaile guztiak ordezkaturik dauden, sinatutako hitzarmenaren arabera, honela banatzen da eraispen-lanen kostua: Iruñeko Udalak % 30,77 ordaindu behar du; Nafarroako Gobernuak, beste hainbeste; Zizur Nagusiko Udalak, % 23,08, eta Zizur Zendeak, % 15,38.

Ikusita eraikinen eta haien lokalen kontserbazio-egoera oso kaxkarra, egoera osasungaitza eta ekintza bandalikoek kaltetutako aldeak, pertsonei arriskuak dakarzkietenak, Partzuergoaren kontseiluan erabaki zen eraispen-lanak urbanizaziokoak baino lehenago egitea, eta Udalak ardura hartzea jarduketak gauzatzeaz eta kostua bere gain hartzeaz. Geroago, kostu hori Partzurgoaren kideen artean jasanaraziko dute, 2019., 2020. eta 2021. urteetako ekitaldietan.

AHTren partzuergoa Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udalek 2007an sortutako organoa da, eta xede dauka Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Antzinako Tren Geltokiaren Eremua (Donejakue Bidea Bizitegi-parkea) Garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren kudeaketa eta hirigintza-garapen integrala gauzatzea. Partzuergoak Sustapen Ministerioarekiko eta Trenbide-Azpiegituren Administratzailearekiko (ADIF) ondare- eta ekonomia-harremanak ere ezartzen ditu, ADIFek trenbide-azpiegitura berriak eraiki ditzan Iruñerrian, zeinek barne hartzen baitute Eskirotz eta Zuastiren arteko trenbidearen trazadura eta Abiadura Handiko Trenaren Geltokia Iruñean.
 

Visita Argal concejales