Arrotxapeko Antsoain kaleak itxura berria izanen du urriaren amaieratik aurrera, ibilgarritasuna eta inguruneko mugikortasuna hobetzeko lanak bukatu eta gero. Hirigintza Gerentzia eta Batzordea bidea berritzeko lanak ikusten izan dira gaur goizean, Marcelo Celayeta etorbidearen eta Burgiko Aita Tomás zeharkalearen arteko tartean.
Iruñeko Udalak, guztira, 209.091,56 euro inbertitu ditu Antsoain kalea berritzeko. Lanak abuztuaren 4an jarri ziren martxan, eta hiru hilabete iraunen dute; beraz, lanak erdi bidean daude. Oraingoz, Antsoain kaleko ekialdeko espaloian egin dituzte lanak, Aita Maceda kalearekiko elkargunearen eta Burgiko Aita Tomás zeharkalearen artean. Irisgarritasun-araudi berriarekin bat egiteko xedez, kale horretako oinezkoendako pasabideak egokitu dituzte, baita tarte horretako beste hiru ere. Gainera, espaloiak zabaldu dira, inguru horretako gidari eta oinezkoen ikuspen-baldintzak hobetu eta istripuak ekiditeko. Esku-hartze horiez gain, egun dagoen eskualdeko hiri-garraioko geralekua aurreratu da, irisgarriagoa izan dadin.
Ekialdeko espaloia bukatu eta gero, mendebaldeko espaloiarekin hasiko dira, hegoalderantz. Iruñeko Udala Antsoaingo Udaletxearekin elkarlanean aritu da inguru horretan; izan ere, bi udalerriek partekatzen duten oinezkoen pasabidearen irisgarritasuna hobetuko da: galtzadarekiko perpendikularrean jarriko da, oinezkoen bideak hobeki lotzeko xedez.
Aita Maceda kaleko ekialdeko aldean eta San Blas kalearekiko bidegurutzean espaloiak aurreratu eta bi pasabide goratu eraikiko dira. Halaber, mendebaldeko espaloiko autobus-geralekua aurreratuko dute. Bestalde, mugikortasun urriko pertsonendako aparkaleku-plazak birjarri eta egokituko dira, indarrean dagoen irisgarritasun-araudiarekin bat eginez. Horrez gain, mota horretako beste aparkaleku-plaza bat jarriko da.
Aipatutako lanekin batera, bidean asfaltatze-lanak egin eta seinale horizontal eta bertikalak jarri eta margotuko dira. Orain arte bezala, bi noranzkoko bidea izanen da, eta egun dauden aparkaleku-plazak mantenduko dira. Hala ere, Antsoain kalearen eta San Blas kalearen arteko bidegurutzearen noranzkoa aldatzea aurreikusten da, eta bidegurutze hori San Blas kalerako sarbidea izanen da hemendik aurrera.
Lanak egin bitartean, zirkulazioa bere horretan mantenduko da, eta beharrezkotzat jotzen den uneetan, ibilgailuek txandaka zirkulatuko dute. Hala eta guztiz ere, asfaltatze-lanak egin bitartean, trafikoa moztuko da egun jakin batzuetan, eta behar bezala jakinaraziko dira mozketa horiek.