
Iruñearen argazkiak, hiriari buruzko begirada pertsonala islatzen dutenak. Udalak, Civivox sarearen bidez, Iruña Fokatu argazkilaritza lehiaketarako deia egin du beste behin, eta haren bidez, gainera, 2024ko udal-egutegia irudiztatuko duten irudiak aukeratuko dira. Argazkiak aurkezteko epea urriaren 2an, astelehenarekin, zabaldu da eta urriaren 31n, asteartearekin, 23:00etan amaituko da. Irudiak online aurkeztu behar dira https://www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunearen bidez.
Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere argitaratu gabeko hiru argazki erregistratzen ahalko ditu formatu digitalean. Ez dira onartuko aurretik argitaratutako edo beste lehiaketaren batean saritutako argazkiak. JPEG formatuan aurkeztu beharko dira, gutxienez 720 pixel hazbeteko bereizmenarekin eta gehienez 2 MB-koak. Irudiaren tamaina 794 x 1077 pixelekoa izanen da, formatu bertikalean, eta 1077 x 794 pixelekoa, formatu horizontalean. Neurri horiekin aurkeztutako irudiak epaimahaiak baloratzeko baino ez dira erabiliko.
Ondoren, saritutako edo aukeratutako argazkiak bereizmen handian aurkeztu beharko dira, antolatzaileek hala eskatzen dutenean. Gehienez ere 2 MB-ko tamaina izan beharko dute, eta neurria 28x38 cm-koa izanen da (bertikalean edo horizontalean). Lanak aukeratzeko orduan, honako aspektu hauek baloratuko dira, besteak beste: konposizioa, hiriaren erabilerak, ikuspuntuak, ondarea, argiak eta abar. Iaz, lehiaketaren hogeigarren edizioan, 179 pertsonak aurkeztutako 457 argazki argitaragabe jaso ziren.
Argazkien aurkezpena
Argazkiak aurkezteko kulturako udal-webgunean dagoen formularioa bete behar da. Honako datu pertsonal hauek eskatuko dira: jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Gainera, argazkia noiz eta zehazki non egin zen adierazi eta deskribapen labur bat egin behar da. Garrantzitsua da tokia adieraztea edo zehaztea, epaimahaiaren lana eta erabakia errazte aldera. Argazkiak aurkezten dituen pertsonak bere gain hartzen du haietan agertzen diren pertsonen baimena edo adostasuna izatea.
Epaimahai teknikoa argazkilari profesionalek eta Iruñeko Udaleko teknikariek osatuko dute. Oinarrietan bi sari mota jasotzen dira. Alde batetik Iruña Fokatu lehiaketako sariak daude, 900, 600 eta 500 euroko sariak ematen dizkietenak aurkeztutako hiru argazki onenei. Bestalde, 150 euroko 12 sari ematen dira 2024ko udal-egutegia irudiztatuko duten argazkiendako.
epaimahaiak egoki jotzen badu, bost aipamen berezi, gehienez ere, ematen ahalko ditu.