Udalak diru-laguntzen deialdia egin du, norgehiagokako araubidean, herritarrek euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan parte hartzea sustatzeko. 45.000 euroko diru-zuzkidura mantenduko du. Eskabideak urriaren 29ra arte aurkezten ahalko dira Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan edo legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan. Deialdi honen inguruko informazioa www.pamplona.es webgunean eta 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 29koan, kontsulta daiteke.
Deialdiak bi ikastaro-modalitate ezartzen ditu: alde batetik, 2019-2020ko ikasturtean urritik ekainera bitarte egindakoak eta, bestetik, 2020ko udan, irailaren 30era arte, egindakoak. Bi kasu horietan, deialdi honen barruan onartuko dira ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikaskuntza-ikastaroak eta onlineko ikastaroak. Diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxe homologatuek (euskaltegiak, gau-eskolak...) antolatutako ikastaroak izan beharko dira. Horrek barne hartzen ditu euskararen irakaskuntzarako zentro ofizialak, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan izena emana duten helduentzako irakaskuntza eskaini eta diruz lagunduta dauden ikastegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko HABE institutuak (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) homologatutakoak.
Diru-laguntzak jaso ahalko dituzte 16 urtetik gorakoek edo adin hori 2020an betetzen dutenek, betiere Iruñean erroldaturik badaude diru-laguntza zer ikastarotarako eskatu eta hori hasi baino urtebete lehenagotik, gutxienez, eta horrek irauten duen bitartean, eta gutxienez ikastaroko ikastorduen % 75era bertaratu badira. Onlineko ikastaroen kasuan ordu-kopurua ezarriko da, mailaren arabera, gutxieneko bertaratzea kalkulatzeko. Diru-laguntza, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 izanen da, eta ezin izanen du 500 euro baino gehiago jo, ikastaro bakoitzeko, eta 1.500 euro, eskatzaile bakoitzeko. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira ikastaroaren matrikularen zenbatekoa zein barnetegi baten instalazioetan egotearen zenbatekoa.