Urriaren 13an amaituko da epea “Gureak egin” programan izena emateko, kultura transmititzeko eta sormenerako gazteei zuzendutako euskarazko laborategian

Urriaren 13an amaituko da epea “Gureak egin” programan izena emateko, kultura transmititzeko eta sormenerako gazteei zuzendutako euskarazko laborategian
Iruñeko Udalak eta Eusko Kultur Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute kultura-sorkuntzako proiektu hori garatze aldera
Cartel

 

“Gureak egin” 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa bat da, kultura transmititzeko eta sormenerako laborategi moduko ikastaroa, hurbileko kultura-errealitatean oinarrituta. Iruñeko Udalak eta Eusko Kultur Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute urriaren 15etik maiatzaren 27ra bitarte programa garatzeko hainbat udal-zentrotan. Urriaren 13ra bitarte eman daiteke izena online, 150 euroan.

Ikastaroak hiru egoitza izanen ditu: Juslarrocha Civivoxa, urritik abendura bitarte; Gaztediaren Etxea, urtarrilean eta otsailean, eta San Frantzisko Eskola, martxotik maiatzera bitarte. Proiektuari buruzko argibide guztiak webgune honetan ere kontsulta daitezke: https://www.gureakegin.eus/es/. “Gureak Egin” laborategia esperientzia kultural paregabe eta berezia da, eta kultura euskaraz sortzen eta ematen duten adierazpenetara hurbiltzea izanen du xede, bizi diren testuinguruari arreta berezia jarriz. Praktika sortzaile edo artistikoak eginez, lotura-puntuak eraikiko dira tokiko kultur adierazleekin eta adierazpenekin, horrela eredu propioak sortuz.

Adierazpen eta praktika kultural horiek tresnak ematen dizkigute inguratzen gaituena hobeto ulertzeko, zalantzan jartzeko edo trinkotzeko. Hori horrela, Iruñean bizi diren adierazpen kulturalak ezagutu, hedatu eta lantzearen eta iritziak eta ideiak sormenez adierazteko baliabideak ematearen aldeko apustua eginen da; esperientzia artistikoa landuko da, banakako eraikuntzarako eta eraikuntza sozialerako tresna gisa; pentsamendu kritikoa garatzen lagunduko da; genero-estereotipoak eta desberdinkeriak gainditzen lagunduko duten erreferente kulturalak ezagutarazi eta sortuko dira, eta euskarazko harreman sareak eratuko dira.

Proiektuak Artedrama kontzeptua garatu nahi du, hainbat diziplina kultural eta artistiko uztartzen dituen adierazpen artistikoa, hala nola antzerkia, musika, dantza, kantua, bertsolaritza eta arte plastikoak. Ikastaroa moduluka antolatu da, kultur erreferentzia batetik abiatuta eta sorkuntza-prozesu txikiak aktibatzeko ibilbideekin. Sormen-grina horiek bi zentzutan sustatuko dira: alde batetik, kapotik barrura, inguruko adierazpen eta erreferentzia kulturaletan sakontzeko; eta bestetik, barrutik kanpora, izan ere, behin inguratzen gaituzten adierazpen kulturalak ezagututa, edukiak, sormenerako pizgarriak eta aitzakiak sortu behar baitira, partekatu eta hedatzeko pieza sortzaileak proposatuta.

¿Te ha sido útil esta página?