Iruñeko Udalak ingurumen arloko boluntariotzako jardunaldi bat antolatu du Arga ibaian, Next Generation EU Europako funtsek finantzatutako RUNA 2025 proiektuaren barruan. Sentsibilizazio-ekintza hau Jasangarritasun Eskolaren jardueren barnean dago eta 10:30etik 13:30era eginen da. Interesdunek 010 – 948 420 100 telefonoan ematen ahal dute izena.
Jardunaldi horretan Arga ibaira hurbilduko dira Aranzadiko parketik igarotzen den lekura, eta pixka bat hobeto ezagutzeko aukera izanen dute, ibaiertzetan dauden hondakinak biltzen dituzten bitartean. Jarduerak garbiketa eta sentsibilizazio-jarduerak biltzen ditu, Iruñeko herritarren eta hiria zeharkatzen duten ibaien arteko harremana hobetzen saiatzeko. Topagunea Ingurumen Hezkuntzako Museoaren aurrean dagoen pasabidea izanen da.
RUNA 2025 proiektuko sentsibilizazio-programaren lehen ekintza izanen da. Programa horrek banaka jasotzen ditu herritarrak, eta bereziki adin txikikoak ingurumen arloan hezteko baliogarriak izaten ahal diren jarduketak, batez ere jarduketa horiek egiteko herritarren lankidetza beharrezkoa denean. Jarduketa horiek dira, besteak beste, honako hauek: hondakinak garbitzea, landare inbaditzaileak kontrolatu eta erauztea, ibaietako uraren kalitatea eta eskoletako patioak birnaturalizatzea.
RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Proiektuko jarduerak Udalak diseinatu eta Iruña 2030 Hiri Agendan sartuta dagoen Iruñeko Ibaien Ibai Plangintzako Ereduaren barruan sartuta daude. Ekintza hori Udalak klima-aldaketaren kontrako borrokarako ezartzen dituen neurriak jasotzen dituen Go Green Iruña Estrategiaren barruan ere badago.