Urdanoz etxe-multzoko igogailua, hobekuntza-lanak egiteko urtarrilaz geroztik geldi zegoena, martxoan abian izanen da berriro

Urdanoz etxe-multzoko igogailua, hobekuntza-lanak egiteko urtarrilaz geroztik geldi zegoena, martxoan abian izanen da berriro
Gaur goizean Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak azpiegiturara joan dira, bertan egindako esku-hartzea baloratzera
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Etxabakoitz auzoko Urdanoz etxe-multzoaren ondoko hiri-igogailuan egindako hobekuntza-lanak ia amaituta daude, eta beraz, martxoan bertan jendearentzat irekita egotea espero da. Gaur goizean, Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak igogailura joan dira, urtarriletik azpiegitura publiko horretan egiten ari diren esku-hartzea bertatik bertara baloratzeko.

Esku-hartze hori udal-proiektu batean oinarrituta egin da, eta xafla malkodunezko zoladura eta hari eusteko sistema (eusten laguntzeko txapazko forjatu bat) ordezkatu dituzte. Forjatu horren ordez, aluminio fresatuko profilez osatutako sistema berri bat jarri da, altzairu herdoilgaitzez osatutako euste-profilen gainean. Horrez gain, xafla malkodunez egindako alboko estalduraren ordez plaka fenoliko trinko bat jarri da. Tenperatura altuak diren egunetan gainazalak gehiegi berotzeagatik sortzen diren arazoak saihestea da akabera berrien helburua.

Gainera, segurtasun-parametroak betetzeko, barandaren maila igo da, lurzorua goratu egin baita. Uraren eta hezetasunaren eraginez azaleko korrosioa zuten pasabidearen berme-mentsuletan ere jardun da. Obrak ez dute eraginik izan ez igogailuaren kabinan, ez gainerako egituran, eta Guillén Obras y Proyectos SL enpresak egin ditu 155.458,69 euroren truke.

Igogailua 2013ko uztailaren 3an inauguratu zen, eta 25 metroko desnibela gainditzen du Remiro de Goñi kaletik (Ipar Etxabakoitz) Urdanoz etxe-multzoraino. Igogailua eraikitzeak azpiegitura berrirako sarbidea urbanizatu beharra ekarri zuen, eta 829.510,61 euroko inbertsioa eragin zuen. Hori auzoan dauden bi hiri-igogailuetako bat da; izan ere, Concepción Benítez kalearen inguruan beste igogailu bat baitago, eraikinen artean kokatuta dauden eta ibilbide kateatuak dituzten bi jasogailuren bidez Etxabakoitzeko mugikortasuna hobetzeko.

¿Te ha sido útil esta página?