
Tenperatura altuak eta bero-bolada nagusi diren aste honen amaierara arte, Iruñeko Udalak igerilekuko udalekuak eskaintzen jarraituko du, eta, abuztuaren 11tik aurrera, urak presentzia izaten jarraituko du udal-mugartea zeharkatzen duten hiru ibaietako batean zehar, Argan hain zuzen.
Aste honetan, 8 eta 17 urte bitarteko 40 adingabe parte hartzen ari dira Arantzadiko eta Sanduzelaiko udal-igerilekuetako udalekuetan. Aurreko txandetan bezala, asteroko jarduerak izanen dira, goizez, 11:30etik 14:30era. Haurrak eta gazteak hiriko instalazio publikoetara beste adingabe batzuekin batera joateko modua da, begiraleek zainduta. Udalekuez gain, egunpasak egiteko aukera ere badago: paisaia naturalak ikustera, hondartzara (esaterako, Hondarribira, Donostiara eta Oriora), mendira (Otsagabia) eta Ultzamako baserri-eskolara. Irteera horietako bakoitzean 40 adingabek parte hartu dute.
Baina eskaintza 'freskoa' ez da abuztuaren 8an amaitzen, izan ere, abuztuaren 11ko astean Arga konexioa delakoa abiatuko da, Udalak 13 eta 17 urte bitarteko 40 neraberendako bereziki diseinatutako jarduera sorta, San Bartolome gotorlekuan. Proposamen guztiak Arga ibaiari lotuta daude, eta mugikortasun jasangarria, kirola eta talde-funtzionamendua lantzen dituzte, adingabeek eskuratu beharreko trebetasunak baitira. Hala, hurrengo astean Argan barnako ibilbideak eginen dira bizikletaz (Esteribarko hariak), ibai-erronkak –orientazio-probak eta desafioak ingurune naturalean, besteak beste– eta piraguismoa ibilguan. Aurkikuntza-abenturak ere proposamenaren parte izanen dira, auzoz auzo.
Proposamen horietan guztietan dagoeneko plazak bete dira, eta Iruñeko Udaleko Haurren, Nerabeen eta Familien Prebentziorako Programaren barruan dauden udako jardueren parte dira. Programa horren barruan Azpilagaña HLHIP eta Cardenal Ilundain HLHIPko hiri-kanpaldiak daude, 60 ikastetxe eta aste bakoitzeko. Kanpaldiak abuztuaren 14an amaituko dira eta leku guztiak beteta daude.