Ultreia interpretazio-zentro irisgarriak Donejakue bidearen historia eta horrek Iruñearekin duen harremana aurkeztuko ditu, teknologia berrien bidez

Ultreia interpretazio-zentro irisgarriak Donejakue bidearen historia eta horrek Iruñearekin duen harremana aurkeztuko ditu, teknologia berrien bidez
Edukiak Koine-Aequalitas fundazioak ekoiztuko ditu, Udalari kosterik eragin gabe, Caixa Gizarte Ekintzaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren Innovasocial programaren laguntzen bidez
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean bisitatu du Ultreia, Donejakue bideari buruzko interpretazio-zentro irisgarria, non horren inguruko gizartea, kultura, ondarea, ohiturak eta tradizioak zein horren inguruko folklorea eta Iruñearekiko harremana erakusten baitira. Informazioa bisita esperientzia bihurtzeko moduan antolatuko da, bizipen-bisita izan dadin, eta ikus-entzunezko bitartekoen eta teknologia berrien erabilera izango dira oinarri. Kontakizun historikoan murgiltzeko esperientzia interaktiboak planteatuko dira, Donejakue bidearen eta Erdi Aroko hiriaren inguruko birsortzeen bidez, bai eta esperientzia ukigarriak ere, ukipen-maketa baten bidez, non testuinguruan kokatzen laguntzeko argi- eta soinu-efektuak proiektatuko diren. Edukiak Koine-Aequalitas fundazioak ekoiztuko ditu, laguntza eskuratu baitu La Caixaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren deialdi publikoan, eta hori horrela, ez dute kosturik izango Udalarentzat.

Ultreia Donejakue bidearen erreferentziazko gune bilakatu nahi da, bai eta bidean interesa dutenendako edo bidea bera egiten ari direnentzako topaleku ere. Hala, erakargune izango da esperientzia berritzailea eskaintzeaz gain irisgarritasun unibertsalaren arloan eredugarri izango delako; izan ere, bertako bisita-ibilbidea desgaitasun guztiak aintzat hartuta diseinatu da.

Batzordeak egin duen bisitan egiaztatu ahal izan da gunea museo bihurtzeko berariazko azpiegiturak ia prest daudela Kale Nagusiko 20ko lokalean, Iruñeko Udalak mugaz gaindiko Jacob@ccess proiektuaren esparruan bultzatu duen zentro horretan. Aurreikusitakoaren arabera, zentroa martxoan egon liteke jendearendako zabalik. Proiektuak 1,9 milioi euroko aurrekontua du, eta EGEF funtsek kofinantzatzen dute,% 65ean, INTERREG V – A Espainia – Frantzia – Andorra 2014 – 2020 (POCTEFA) delako lehen deialdian. Iruñeak, zehazki, 450.000 euroko ekarpena egiten du, eta 292.500 euroko finantziazioa jaso.

Birsortze irisgarria, interpretazio- zein esperientzia-guneez
Aurkezpenak edukien informazioa eta Bidean zein hirian murgiltzeko esperientzia uztartuko ditu. Horretarako, bisita audiogida-sistema bidez egiten da –frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz, aukeran– eta ibilbidea birsortze bilakatzen da. Zentro irisgarria dela aintzat hartuta, audiogidetako pistei audiodeskripzioko lokuzioak txertatuko zaizkie ikusmen-desgaitasuna dutenendako, eta begizta magnetikoekin bateragarriak izango dira, entzumen-desgaitasuna dutenek erabiltzeko.

Ultreia zentroa ondo bereizitako hiru eremuren arabera diseinatu da: argibide-eremua, interpretazio-eremua eta esperientzia-eremua. Argibide-eremua ongietorria egiteko gune gisa prestatuko da: informazioa emateko erakusmahaia, panelak, ukipen-pantaila eta Iruñeari buruzko argibideak ematen dituzten beste osagai batzuk. Izan ere, Iruña Bideko lehen hiria dela azpimarratuko da, eta hirian dagoen bitartean bisitariarentzat lagungarri izan daitezkeen datuak nabarmenduko. Halaber, badago tokia Jacob@ccess proiekturako eta horren barruko beste zentroetarako, eta, baita ere, Erdi Aroko eta gaur egungo Donejakue Bideari buruzko berezitasunak eskaintzeko. Interpretazio-eremua diseinatzean maketa proiektatu bat hartu da ardatz gisa; gainera, maketa hori ukigarria izango da, eta hor Erdi Aroko Iruñean barnako ibilbide historikoa ikusten ahalko da. Proiekzio bertikala ere izango da horman, eta hor islatuko da Iruña, bidegurutzea ideiaren funtsa. Hirugarren eremuak, esperientzia-eremuak, Izarren bidea du izena. Esperientzia harrigarri batek buru emango dio bisitari: Karlos III.ak infanteak XIV.mendean egindako erromesaldiaren kontakizuna, juglare itsu baten eskutik.
 
Ultreiako edukiak Iruñean kokaturik dagoen eta 2002an sortu zen Koine-Aequalitas irabazi-asmorik gabeko entitateak ekoiztuko ditu, finantziazioa eskuratu baitu La Caixak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak kudeatzen duten Innovasocial deialdian. Koine-Aequalitas fundazioa irisgarritasunaren esparrua lantzen duten entitateekin laguntza-zerbitzuak eta proiektuak kudeatzeko zerbitzuak garatzen espezializatuta dago, eta Jacobaccess proiektuko Partzuergoan parte hartzen du.

Edukiz hornitzea, Europako laguntzaz, erabili gabe zegoen lokal bat
Iruñeko Udalak mugaz gaindiko Jacob@ccess proiektuan parte hartzen du, xede hartuta mugaz gaindiko sare bat sortzea, Donejakue bideak igarotzen dituen lurraldeetako kultura eta ondarea irisgarriak izan daitezen desgaitasunen bat dutenentzat. Zehazki, Iruñeak, Jakak eta Ostabatek Donejakue bideari buruzko interpretazio zentro bat izango dute, pertsona guztiendako eta batez ere desgaitasunen bat dutenendako irisgarria. Horrez gain, Martillué udalerrian aterpe irisgarria jarri da martxan: ATADES Huesca. Proiektuaren ikuspegia da estrategia oso bat garatzea, zerbitzu, produktu eta azpiegitura guztiak –publiko zein pribatu– irisgarri egitea xede harturik. Programan parte hartzen dute, Iruñeak ez ezik, honako hauek: Jakako Udala, Koine-Aequalitas fundazioa, Ezintasun psikikoren bat dutenen Tutoretza eta Laguntza elkartea, Communaute d'agglomeration Pays Basque eta Espace de Vie pour Adultes Handicapées.

Iazko lehen seihilekoan zehar Iruñeko Udalak 234.329,80 euroko inbertsioa egin zuen lokala egokitzeko, hainbat urtetan erabili gabe baitzegoen. Azken hilabeteotan gunea museo bihurtzeko osagaien hornidura egin da, horretara 149.992 euro bideratu direlarik. Zoladura jarri da (tronadura); estaldura-lanak egin dira, hormak plakaz eta monobeirazko itxiturez estaliz; altzariak paratu dira, argiztapena LED argi-lerroez egin da eta rack altzaria paratu da, osagai guztien kontrolerako.

¿Te ha sido útil esta página?