
Kale Nagusiko 20.ean dagoen Ultreia Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroak Donejakue bideari buruzko dibulgazio-lana egiten jarraituko du udan, batez ere, erromesen artean. Ultreian Donejakue bidearen jatorriak eta bideak menderik mende izan duen eragin kultural eta espirituala aztertzeko aukera ematen du eta eskaintzen dituen edukien artean ikus-entzunezko proiekzio bat barne hartzen du, Donejakue bidea egin dutenen bizipenak kontatzen dituena. Bidearen egiaztagiria eskuratzeko zigilua eskaintzen du zentroak.
Guneak irisgarritasun unibertsala eta hainbat irisgarritasun-baliabide ditu, jende ororendako egokituta dago, eta udan informazio turistiko orokorraren berri emateari utziko dio, argibide horiek Udaletxe plazako Turismo Bulego berrituan besterik ez baitira eskainiko, honako ordutegi honetan: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 18:00etara eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara. Kale Nagusiko espazioan, ikus-entzunezko baliabideetan eta eduki interaktiboetan oinarritutako erakusketa egonen da ikusgai eta Gizarte-enpleguko programaren bidez kontratatutako langileek emanen dute arreta.
Programa horren esparruan, Zerbitzu Orokorretako lantaldeari atxikitako bi pertsona ari dira Ultreia Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroan harrera- eta informazio-lanak egiten. Ekimenak udal-zerbitzuen hobekuntza eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen gizarteratzearen eta laneratzearen sustapena uztartzen ditu. Proiektu berri horri esker, lan-esperientzia praktikoa jasotzeko aukera dute, herritarrei eta bisitariei zuzeneko arreta emanez, eta, aldi berean, lan-merkatuan balio handia duten gaitasun profesionalak garatuko dituzte, hala nola herritarrei arreta ematea, komunikazioa, lanaren antolamendua, autonomia, ekimena eta erantzukizuna. Halaber, kontratuari esker beren konfiantza indartu dezakete. Alderdi horiek guztiak funtsezkoak dira etorkizunean ohiko lan munduan sartzeko.
Bi parte-hartzaileek lanaldi erdiko lan-kontratua dute udal-langile gisa eta Nafar Lansarek finantzatzen duen KONEKTA udal-programatik datoz: laneratzeko ibilbideetan oinarritutako laguntza pertsonalizatua ematen du programak. Lan koordinatu horri esker, lanpostuan lortutako eskarmentua orientazio-ekintzekin, jarraipenarekin eta gaitasunen garapenarekin osatzen da, eta horrek laneratze egonkorragoa eta jasangarriagoa errazten du.
Jarduketa horren bidez, Iruñeko Udalak eragin positibo bikoitza duten proiektuen aldeko apustua egiten jarraitzen du: alde batetik, Ultreia Donejakue Bidearen Interpretazio-Zentroa baliabide turistiko eta kultural garrantzitsua da, eta hala, eskainitako arreta eta informazioa hobetzen dira; bestetik, enplegagarritasuna hobetzeko prozesu batean murgildurik dauden pertsonendako ikaskuntza- eta enplegu-aukera errealak sortzen dira.
Alorren arteko lankidetza
Sustapen Ekonomikoko eta Gizarte Ekintzako alorren arteko lankidetzatik sortutako kudeaketa-eredu berria irailaren 30era arte egonen da martxan. Kontratatutako langileek honako lan hauek egiten dituzte: zentroa ireki eta ixtea, erakusketa martxan jartzea, telefono bidezko arreta, bisitariei erakusketaren funtzionamendua azaltzea, Donejakue bidearekin lotutako materialak eskaintzea, agiri konpostelarrak sinatzea eta instalazioen funtzionamendu egokia kontrolatzea. Bisita-ordutegi berria: astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara.
Ultreia Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa hiru eremu nagusitan banatuta dago: Harrera-gunean ongietorria emateko eremua dago eta bertan Donejakue bideari buruzko informazioa ematen duen ukipen-pantaila bat dago. Interpretazio-eremuan Iruña, bidean lehena eta Iruña, bidegurutzea ikus-entzunezko materialak daude, eta bertan hiriaren bilakaerari buruzko eduki historikoak eta erromesaldiekin izan duen harremanari buruzko edukiak aurkezten dira. Esperientzia-guneak Izarren bidea izena du eta XV. mendearen lehenengo hamarkadak birsortzen ditu: Nafarroako Erresumaren gorengo garaia.
BI INFORMAZIO-GUNE
Informazio turistikoa:
Turismo Bulegoa. San Saturnino kalea 2
Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 18:00etara, eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara
Donejakue bideari buruzko informazioa:
Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa - Ultreia Kale Nagusia 20
Jendearendako ordutegia: astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara.