San José udal-hilerrian egindako hileta-zerbitzuen % 84 errausketak izan dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan

San José udal-hilerrian egindako hileta-zerbitzuen % 84 errausketak izan dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan
Santu Guztien Eguna dela eta, udaltzain gehiago egonen dira hilerriaren inguruan, aparkalekuen sarbideak eta edukiera kontrolpean izateko
Irudia
Irudia
Irudia

San José udal-hilerrian, 2.411 hileta-zerbitzu egin dira guztira aurten, urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Aurten ere, errausketak izan dira nagusi herritarrek eskatutako zerbitzuen barruan. Guztira 2.034 errausketa egin dira irailaren 30era arte, kopuru osoaren % 84,36. 2025ean, 3.068 hileta-zerbitzu egin ziren guztira, eta horietatik 2.591 errausketak izan ziren, kopuru osoaren % 84,45. 

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, beste zerbitzu hauek eman dira: horma-hilobietan egindako 231 ehorzketa (kopuru osoaren % 9,6), panteoietan egindako 129 (kopuru osoaren % 5,4), eta lurrean egindako beste 17 (kopuru osoaren % 0,7). Ehunekoetan, antzekoak izan dira aurtengo eta iazko zifrak: 2025eko urtarriletik abendura bitarte, horma-hilobietan egindako 306 ehorzketa (kopuru osoaren % 10), panteoietan egindako 153 (kopuru osoaren % 5), eta lurrean egindako beste 18 (kopuru osoaren % 0,6).

Azaroaren 2ra arte (astelehena), Santu Guztien Eguna igaro eta gero, hilerria 08:00etatik 18:30era arte egonen da irekita. Ate nagusia 19:00etan itxiko da. Azaroaren 3tik aurrera (asteartea), hilerriaren ordutegia aldatuko da. 08:00etan ireki, eta ordubete lehenago itxiko da. Ate nagusia 18:00etan itxiko da, eta gainerako ateak, 17:30ean. Martxoaren 31ra bitarte ordutegi hori bera mantenduko da.

Azken urte honetan, lanek aurrera egin dute San José hilerrian: kanposantuko zoladura hobetu da eta Urra Etxetik hilerrira sartzeko ateak eta sarbideak berritu dira. Izan ere, panteoien eremura eta Pablo Sarasateren mausoleora Urra Etxetik sartzen da. Halaber, joan den udan, udal-instrukzio bat onetsi zen erraustekoak diren hilkutxek bete behar dituzten ingurumen-baldintzei eta baldintza teknikoei buruz. Hala, saihestu nahi da errausketa-labean sartzen diren hilkutxek osagai bateraezinak izatea eta osagai horiek behar baino kutsagarri gehiago isurtzea atmosferara. 

Sarbide librea hilerriaren ingurura; hala ere, behar izanez gero, aldian-aldian itxiko da
Ohi baino udaltzain gehiago egonen dira hilerriaren inguruan asteburu honetan: Santu Guztien Eguna dela eta, kontrolpean izan behar dituzte sarbideak ea ibilgailuen zirkulazioa. Hogei aparkaleku-plaza gorde dira hilerriaren eraikinetik gertuen dagoen aparkaleku-ilaran; horri esker, hilerriko jarduerekin lotutako profesionalek (loradendak, marmolariak...) ibilgailuak aparkatuko dituzte plaza horietan, eta igandera bitarte eginen diren ehorzketa eta errausketetan, senide zuzenek sartzeko aukera izanen dute. 

Modu librean sartzen ahalko da sarrera nagusiko gainerako eremura eta erraustegira. Udaltzainek aparkaleku-plaza libre gutxi daudela ikusten dutenean, sarbidea itxiko da eremu horretara. Horiek horrela, soilik ibilgailu hauek sartuko dira: mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak, baldin eta mugikortasun urriko txartela gainean badute; edo, bestela, mugitzeko arazo agerikoak dituzten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak. Gogorarazi beharra dago, halaber, eremu laranja egonen dela abian ostiral osoan zehar eta larunbat goizean; dena den, lehenengo ordua ez da ordaindu behar. 

Bestalde, modu librean sartzen ahalko da hilerriaren ingurumarietan dauden gainerako aparkalekuetara, salbu eta zirkulatzeko eta aparkatzeko arazoak badaude. Kasu horretan, itxi eginen dira Biurdanako biribilgunetik eta Nafarroa etorbidetik sartzeko bideak. Sarbide horiek itxiz gero, honako hauek baino ezin izanen dira sartu: taxiak, hileta-ibilgailuak eta laguntzaileak eta mugikortasun urriko txartela duten pertsonak.

Ohi bezala sartzen ahalko da Sanduzelaiko kirol-hirira; dena den, sarbideak itxiko dira udaltzainek hautematen badute zirkulazio-arazoak daudela edo erabiltzaileek aparkatzeko arazoak dituztela. Era berean, Miluzeko zubitik hilerrira sartzeko bideak antolatzeko, hilerrirantz doan bidea zirkulaziorako moztuko da urriaren 31n (larunbata) eta azaroaren 1ean (igandea).

 

¿Te ha sido útil esta página?