Antoniutti parkeak Euskal Herriko XI. Bote Luze Txapelketaren finala hartuko du larunbatean

Antoniutti parkeak Euskal Herriko XI. Bote Luze Txapelketaren finala hartuko du larunbatean
Emakumezkoen bote luze erakustaldi batek emanen dio hasiera egunari, 11:30ean, eta Iruñeko Udalak hitzordua antolatzen lagundu du
pelota

 

Urriaren 31n (larunbata), Euskal Herriko XI. Bote Luze Txapelketaren finala jokatuko da Antoniuttin. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatzen du, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, eta aukera paregabea izanen da bote luzeaz gozatzeko, gure hirian ez baita sobera ohikoa. Egunari hasiera emateko, Berako eta Etxalarko emakumezkoen taldeek bote luze erakustaldi bat eginen dute 11:30ean, eta, ondoren, finalaren txanda izanen da. Sarrera librea da Antoniutti parkera joateko gogoa duen edozeinendako. 

Bote luzeak tradizio luzea du euskal pilotaren joko zuzenen barruan; hain zuzen ere, zaharrena da euskal pilotaren historian. Bost pilotariz osatutako bi talde aurrez aurre, frontoirik gabe: plazetan eta gune irekietan jolasten da, kantxa errektangular batean, eta eskuz astintzen zaio pilotari. Modalitate herrikoia da, eta bizi-bizirik dago oraindik Euskal Herriko klubetan. 

Txapelketa irailean eta urrian jokatzen ari da: zortzi taldek parte hartzen dute, lau taldeko bi multzotan banatuta. Txapelketaren partidak hiru egunez jokatu ziren, eta multzo bakoitzeko bi talderik onenak sailkatu ziren finalerdietara. Finalerdiak urriaren 6an eta 8an jokatu ziren, eta orain Iruñeko final handiaren txanda da: Bizkaia 1 (ROWK) taldea Gipuzkoa 2 taldearen aurka. 

Iruñeko Udalak lagundu du finala antolatzen: 2.000 euroko jarriko ditu ekitaldiaren babesle gisa. Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua izateko proiektuaren ekintzen barruan sartzen da ekimena; proiektuak helburu hauek ditu: euskal pilotaren ahalmen turistiko eta historikoa eta kirol horrek gizartea bateratzeko duen gaitasuna sustatzea eta balioan jartzea modalitate guztietan, baita hain ezagunak edo ikusgai ez diren horietan ere, bote luzearen kasuan bezala. 

¿Te ha sido útil esta página?