Udaltzaingoaren Zapatería kaleko salaketen bulego berria 16:00etatik 00:00etara egonen da zabalik sanferminetan

Udaltzaingoaren Zapatería kaleko salaketen bulego berria 16:00etatik 00:00etara egonen da zabalik sanferminetan
Hiru udaltzain egonen dira bulegoan, eta delitu arinak salatzen ahalko dira, lapurretak eta galdutako objektuak gehien bat
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordea Udaltzaingoak Zapatería kalean sanferminetarako prestatu duen salaketen bulego berria ikusten izan da. Zapatería kaleko 40.enean dago, eta helburua da herritarrek udaltzainen arreta eskura izatea jaietan, orain arte Iratxeko Monasterioaren kaleko 2.ean dituzten bulego nagusietara jo behar izaten baitzuten. Nolanahi ere, zerbitzu batek ez du bestea ordezkatuko, Zapatería kalekoa Udaltzaingoaren bulego nagusien osagarri izanen baita. Azken batean, herritarrei zerbitzu zabalagoa eta osoagoa eskaintzea da xedea.

Bulego berria aldi baterako baino ez da izanen: uztailaren 6tik 14ra egonen da zabalik, arratsaldean eta iluntzean, 16:00etatik 00:00etara. Hiru polizia judizial egonen dira uneoro bulegoan, herritarrei aholku eman eta salaketak egiteko. Aurrez aurre ez ezik, salaketak online jartzen ere lagunduko diete herritarrei; izan ere, Udaltzaingoak badu sistema bat salaketak sarean jarri ahal izateko, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Mota horretako salaketak jarri ahal izateko, salatzaileak sinadura digitala izan behar du, izan ziurtagiri elektroniko bidezkoa, izan Clave sistemarena. 

Zapatería kaleko 40.eko bulegoan behar diren gailu elektroniko guztiak dituzte, Iruñeko Udaltzaingoaren sistema orokorretara konektatuta. Halaber, Hurbiltasuneko Brigadako langileak ere egonen dira bulegoan, segurtasun-arrazoiak direla eta.

Sanferminetan izanen diren delitu arin posibleak bulegoan salatu eta hala bulego nagusiei karga arintzea da helburua: ebasketen eta galdutako objektuen salaketak izaten dira ohikoenak jaietan. Hain zuzen ere, 2024an, jaietan segurtasun indarren erakunde guztiek bildutako salaketen % 63 ebasketengatik izan ziren. 

Zerbitzua ezagutarazteko, pantaila bat jarri dute bulegoaren sarreran, eta kalean patruilatzen duten udaltzainek eta Komunitate Poliziako kideek ere emanen diete herritarrei zerbitzuaren berri.

¿Te ha sido útil esta página?