Udaltzaingoaren Gizarte Babes eta Laguntzako Unitateak (UPAS) zerbitzua luzatuko du: eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan emanen du

Udaltzaingoaren Gizarte Babes eta Laguntzako Unitateak (UPAS) zerbitzua luzatuko du: eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan emanen du
Udaltzaingoaren zaindariaren egunean 85 esker, domina eta aintzatespen eman dizkiete agente eta herritarrei haien laguntzagatik
Irudia
Irudia
Irudia

Udaltzaingoaren Gizarte Babes eta Laguntzako Unitateak aurrez aurreko arreta ere emanen du gauez urriaren 1etik aurrera. Hala, etengabeko zerbitzu espezializatua emanen dute eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan eta babes osoagoa emanen diete delitu bortitzenen biktimei, hala nola sexu-erasoak, familia-eremuko tratu txarrak, genero-indarkeria kasuak edo indarkeria eta larderia erabiliz egindako lapurretak, besteak beste. UPASekin batera, Ikerketako Taldeek ere ordutegia luzatuko dute.

Antonio Sánchez López udaltzainburuak eman du berritasun horien berri San Migel Udaltzaingoaren zaindariaren eguna ospatzeko ekitaldian: Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditoriumean egin dute eta ehunka herritarrek eta segurtasun kidego eta indarretako agentek parte hartu dute. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea izan da ekitaldiaren buru, eta, halaber, bertan izan dira udaltzainburua, Endika Alonso Irisarri Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Juan Manuel Gil Larequi alorreko zuzendaria eta Udalbatzako beste kide batzuk.

Iruñeko Udaltzaingoa aitzindaria izan zen pertsona zaurgarrienei (emakumeak, adingabeak eta adinekoak) arreta emateko unitate bat sortzeko orduan. UPAS (Udaltzaingoaren Gizarte Babes eta Laguntzako Unitatea) izena hartu zuen taldeak eta duela ia 40 urte sortu zen kolektibo horiei laguntza espezializatua emateko xedez. Gaur egun, besteak beste, genero-indarkeriaren 250 biktimari arreta eman eta jarraipena egiten diete; horietatik 26 arrisku maila ertainean daude. eta 5 arrisku maila altuan, Antonio Sánchez López udaltzainburuak adierazi duenez.

UPAS taldeak eta Polizia Judizialaren Ikerketa Taldeak aurrez aurreko arreta Salaketa Bulegoan bertan (Iratxeko Monasterioaren kalea 2) emateaz gain, unitate horietako agenteak eskatzen zaien lekuetara ere bertaratuko dira. 

UPASekin batera, Hurbiltasuneko eta Prebentzioko Brigadek ere 24 orduko zerbitzua emanen dute. Neurri horri esker, dispositibo bereziak jarriko dira diskotekak eta gaueko aisialdiko lokalak ixteko unean, ordu horietan erregistratu ohi baitira intzidentzia gehien. Halaber, patruila gehiago egonen dira etxera itzultzeko ohiko bideetan, herritarren segurtasunarekin lotutako lanak egiten.

Horrek guztiak xede du hurbiltasunean, prebentzioan eta konfiantzan sakontzea, Udaltzaingoaren lanaren funtsezko alderdiak baitira. Hala zehaztu du Joseba Asiron Saez alkateak gaurko ospakizunean. Horren harira, gertutasuna “fisikoki gertuago egotea” bezala ulertzeaz gain, “auzoak eta haien arazoak ezagutzea, entzutea eta errealitate bakoitzera egokitutako irtenbideak eskaintzea” bezala ulertzen duen udal kidego baten alde egin du alkateak. Hori guztia, adierazi du, “babes gehien behar dutenen” ondoan egotea ahaztu gabe.

Prebentzioari dagokionez, alkateak Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Planaren zeregina nabarmendu du, garatzen ari baita, eta aukera ematen baitu segurtasuna martxan jartzeko delitu edo arazo bat gertatu baino askoz lehenago, planifikazioaren, koordinazioaren, analisiaren eta presentziaren bidez. Azkenik, Joseba Asiron Saezek, mahai gainean jarri du konfiantza herritarren eta agenteen arteko harremanaren gakoa dela, entzutearen eta erantzutearen bitartez. Amaitzeko, “auzoetan dagoen Udaltzaingoa nahi dugu, bertako bizilagunak ezagutzen dituena, esku hartu aurretik entzuten duena, arazoa hazi baino lehen aurrea hartzen diona eta konfiantza sortzen duena”, adierazi du alkateak.

60 aintzatespen, domina eta esker baino gehiago

San Migel eguna ospatzeko ekitaldian zerbitzuan eginen diren hobekuntzak iragarri dira gaur, eta, horrez gain, 85 aintzatespen, domina eta esker eman dizkiete agenteei eta azken urtean Iruña hiri seguruagoa, solidarioagoa eta kolaboratiboagoa egiten lagundu duten herritarrei. Ekitaldian zerbitzu goraipagarrien 14 domina eman dira. Horietatik 10 Udaltzaingoko agenteei eman zaizkie, bat hil ondoko sari gisa. Hain zuzen ere, bi inspektorek, bi agente lehenek eta bost udaltzainek jaso dute domina. Beste lauak Udaltzaingokoak ez direnei eman zaizkie, haien laguntza aitortzeko. Halaber, zerbitzu goraipagarrien plaka bat eman zaio Udaltzaingoko komisario bati, zerbitzuan 43 urte bete eta oraindik jardunean dagoelako.

Bestalde, ekitaldian aitorpena egin zaie jendaurrean beste 17 laguni, Udaltzaingoarekin lankidetzan aritzeagatik. Aitorpen horietatik 7 hainbat arlotan Udaltzaingoarekin besoz-beso lan egiten duten enpresetan eta Udaleko arloetan lan egiten dutenei eman zaizkie. Hala, ANIMSAko (kudeaketa informatikoko enpresa publikoa) bi langileren lana aitortu da; baita, besteak beste, Iruña Biziberritzeneko, Gobernu Ordezkaritzako eta Foruzaingoko kideen lana ere. Halaber, hamar herritar anonimoen konpromisoa aitortu da jendaurrean, azken urte honetan trukean ezer ere eskatu gabe istripuak eta delituak ikusi edo ekintza autolitikoak saihesten lagundu baitute. 

Azkenik, 44 agenteri jendaurrean esker ona eman zaie gaur, aurten erakutsi duten merezimenduei esker. Azken urtean erretreta hartu duten agenteei Udaltzaingoaren bederatzi kasko ere banatu zaizkie. 

¿Te ha sido útil esta página?