
Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoak egoitza egonkorra du dagoeneko Julián Gayarre kaleko 12.eko udal-apartamentuen eraikineko beheko solairuan, eta Felisa Munárriz plazatik sartzen ahal da bertara. Udaltzaingoak doan eskaintzen duen zerbitzu bat da, eta urrian urte bat beteko da Iruñeko Udalak egitasmoa martxan jarri zuenetik. Bulegoak bitartekaritzaren bidez bizikidetza-arazoei heltzeko prozedura bat ezarri du, baina kasu guztietan boluntarioa da bitartekaritza hori. Hala, helburua da prozedura judizial eta administratiboak abian jarri aurretik arazoak eta desadostasunak konpontzea.
Zerbitzu horretan arreta emateko, Polizia Bitartekaritzako eta Bizikidetzako Taldea sortu zen Udaltzaingoaren barruan: 14 poliziak (12 gizonek eta bi emakumek) lan egiten dute bertan, eta Komunitate Poliziaren kide dira guztiak. Polizia horietatik zortzik (zazpi gizonek eta emakume batek) prestakuntza jaso dute bitartekaritzako agente gisa, eta bulegoan egiten duten lanaren osagarri dira bitartekaritza-lan horiek.
Orain arte hamar bitartekaritza-prozesu burutu dituzte, eta gehienetan emaitza ona izan da. Gaur egun beste hiru prozesu daude abian. Halaber, bitartekaritzarekin lotutako entitateekin bilerak egiten dira bulegoan, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren Kulturarteko bitartekaritza eta esku-hartze komunitarioko zerbitzuarekin, Secretariado Gitano fundazioarekin eta migrazioari buruzko gaietan diharduten entitateekin.
Hemendik aurrera, bulegoa behin betiko egonen da Arrosadian, herritarrei zerbitzua eskaintzeko. Aurretik, Udalak aldi baterako egoitza bat aurkitu zuen, eta Irunlarrea kaleko lokal batean antolatu zuen bulegoa; 2025eko martxoan, berriz, gune egonkor batera lekualdatzeko lanak hasi zituen Udalak. Lanei esker, lokalak hiru gune bereizi izanen ditu: itxarongune bat, elkartzeko eta bilerak egiteko bulego bat eta komun bat, eta orotara 47.878 euro inbertitu dira lan horiek egiteko.
Udalak herritarren arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du zerbitzuaren bidez, eta apustu hori indartzea du helburu: Udaltzaingoaren plantillaren 35 langile prestakuntza jasotzen ari dira bitartekaritza polizialeko 50 orduko egiaztagiria eskuratzeko xedez. NUPeko adituek eskaintzen dute prestakuntza hori, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarekin batera.
Nola eta zergatik eskatu bitartekaritza
Bi bide daude Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoaren zerbitzua eskatzeko: batetik, auzo bakoitzeko Komunitate Poliziaren bitartez; bestetik, Udalean edo Udaltzaingoaren Burutzan eskabide bat aurkeztuta. Zuzenean ere egiten ahal da eskaera: telefono bidez (948420600), WhatsApp bidez (669949679) edo mediacioncomunitaria@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez. Gatazka bat konpondu behar izanez gero, udal-alor batek bideratzen ahal du eskaera. Dena den, Bitartekaritza Komunitarioko Bulegora joan beharra dago, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
Bulegoko langileek gatazka mota hauei heltzen diete: zaratek, usain txarrek eta auzokideen komunitateetan egiten diren obrek eragindako bizikidetza-arazoak, maskoten inguruko desadostasunak, osasungarritasun- eta higiene-arazoak eta espazio publikoak modu desegokian erabiltzeagatik sortutako arazoak.
Bi fase ditu prozedurak: Lehenengoan bitartekaritzako esku-hartzea egiten da, eta haren bidez bi aldeen arteko hurbilpena egiten da. Gatazka konpontzen ez bada, prozesuaren bigarren faseari buruzko nondik norakoak azaltzen dira. Bigarren fasean, bitartekaritza-agenteek bi aldeekin elkarrizketak izaten dituzte bitartekaritza zertan datzan azaltzeko, eta ondoren, prozesua jartzen da abian.