Iruñeko Udaltzaingoaren Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa Julián Gayarre kaleko 12.eko beheko solairuan egonen da abuztutik aurrera. Ordura arte Irunlarrea kalean eskainiko dute zerbitzua (Irunlarrea k. 17A): iazko urritik aitzina kale horretan jarri zuten martxan zerbitzua. Bulegoaren lokal berria prestatzen ari dira dagoeneko, eta babespeko apartamentuen eraikineko beheko solairuan eskainiko dute zerbitzua.
Lehendakaritza Batzordea gaur izan da Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoaren egoitza behin-betiko finkatzeko lanak ikusten; izan ere, bulego horren bidez bitartekaritza-zerbitzuarekin lotutako interes eta beharrei behar bezala erantzuten zaie, eta zerbitzuak emaitza ezin hobeak izan ditu abian jarri zenetik. Iruñeko Udaltzaingoaren Bitartekaritza Komunitarioko eta Bizikidetzako Taldea zerbitzu hori eskaintzeko sortu zuten, eta herritarren bizikidetzaren eta gatazkak modu baketsuan konpontzearen aldeko konpromisoa indartzen jarraitzen du.
Bitartekaritza modu egokian egin ahal izateko, Julián Gayarre kaleko beheko solairuan hiru gune bereizi sortzen ari dira: bulego bat, itxarongune bat eta komun bat. Forjaketa egiten ari dira orain, metalezko egitura bat eta urkizko kontratxapatu laminatua baliatuta; hain zuzen, kontratxapatu horretatik 2,40 metroko altuerako pladurrezko sabai aizun akustikoa esekiko dute. Fatxadaren itxitura egiteko aluminiozko panelak erabiliko dituzte. Halaber, barne-estaldurak jarri dituzte hormetan eta lurzoruan, eta komunak egokitu dituzte indarrean dagoen araudia betetzeko. UG Estudio Pamplona SL enpresa ari da lanak egiten, 47.977,87 milioi euroan.
Hamar bitartekaritza-prozesu jorratu dituzte dagoeneko
Iruñeko Udaleko Udaltzaingoaren Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoak urte bat beteko du urrian. Irunlarrea kalean ireki zuten 2024an, eta jada 10 bitartekaritza-prozesu osatu dituzte: gehienetan emaitza onak izan dituzte prozesuek. Bitartekaritza-lanetan aritzeaz gain, bitartekaritzarekin lotutako entitateekin bilerak egin dituzte, eta zerbitzua eskatu duten herritarrei arreta eman diete.
Aurrez ordua eskatu behar da Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoan arreta jaso ahal izateko. Hiru modu daude horretarako: 669 949 679 telefonora deituta edo telefono horretara whatsapp bat bidalita, mediacioncomunitaria@pamplona.es helbide elektronikora mezu bat bidalita eta udal-erregistroetan edo Egoitza Elektronikoaren bidez eskabide orokorra aurkeztuta.
Bitartekaritzetan jorratutako gatazkak komunitate bereko auzotarren bizikidetza-arazoekin egon dira lotuta, baita aldez aurretiko harremanik ez duten herritarren-bizikidetza arazoekin ere; gatazka eta arazo horiek guztiak komunikazio eskas eta hutsalaren ondorio dira. Gatazka hauek dira ohikoenak: zaraten ondorioz sortutako liskarrak, herri-higiezinekin izandako arazoak, txakurren zaunkak eta bizikidetzan eragina duten gaizki-ulertu pertsonalak.