Udaltzaingoan jarritako salaketak % 48 jaitsi dira jaien bigarren egunean, eta sanferminetan bildutako zaborra eta beira ia % 4 handitu da

Udaltzaingoan jarritako salaketak % 48 jaitsi dira jaien bigarren egunean, eta sanferminetan bildutako zaborra eta beira ia % 4 handitu da
Objektu Galduen Bulegoak 250 objektu baino gehiago erregistratu ditu, eta horietatik % 20 jabeei itzuli zaizkie
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaur goizean egin da Babes Zibileko Tokiko Batzordearen lehen bilera. Herritarren Segurtasuneko Alorreko bulegoetan egin da, eta Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea izan da batzordeburu. Jaien bigarren egunak lehenbizikoaren joera orokorrari eutsi dio, eta Udaltzaingoan erregistratutako salaketen kopurua % 48 jaitsi da. Uztailaren 7an (astelehena) 49 salaketa jaso ziren; iaz, aldiz, 94 jaso ziren, baina igandea izan zen.

Atzo, Udaltzaingoak sei pertsona atxilotu zituen, salatutako delitu horietako batzuen ustezko egileak zirelakoan. Berriz ere, ebasketak dira jaietan salatzen den delitu nagusia; hain zuzen, Iruñeko Udaltzaingoan jasotako 49 salaketetatik, 42 ebasketen ingurukoak dira. Era berean, hainbat salaketa jarri ziren indarra erabiliz egindako lapurretagatik, agintaritzaren aurkako atentatuagatik, erresistentzia eta desobedientziagatik, kalteengatik, osasun publikoaren aurkako delituengatik eta beste delitu batzuengatik. 

Atzoko gertakarien artean, Babes Zibileko Tokiko Batzordean jakitera eman da pertsona bat atxilotu dutela, sastakada baten ustezko egilea delakoan. Iruñeko Udaltzaingoak oso azkar esku hartu zuen, eta horri esker, erasotuari bizia salbatu zioten; izan ere, sastakada femoraletik gertu izan zen. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman aurretik, Udaltzaingoak biktima egonkortzea lortu zuen. Erasoa gertatu eta gutxira, Polizia Nazionalak etxe batean atxilotu zuen ustezko egilea.

Bildutako zaborrari eta hiriaren garbiketari dagokionez, jaien bigarren eguneko (uztailak 7) datuetan jasotakoaren arabera, beiraren bilketa % 39,4 handitu da; era berean, % 14 jaitsi da bai Iruñerriko Mankomunitateak egiten duen zabor-bilketa, bai Iruñeko Udalak egiten duen ekorketa eta gainerako garbiketa. Hori horrela, sanferminetan 117.620 kilo beira bildu dira, 2024an baino % 25,5 gehiago; 86.420 kilo zabor bildu dira, iazko sanferminetan baino % 9,2 gutxiago; eta Udalak egiten duen bide-garbiketari dagokionez, 62.200 kilo bildu dira, iaz baino % 7,36 gutxiago. Guztira, 266.240 kilo zabor bildu dira, 2024ko jaietan uztailaren 7ra arte bildu ziren 256.240 kiloak baino % 3,98 gehiago.

Ikerketa, alkateari egindako eraso-saiakeraren harira
Iruñeko Udaltzaingoa Iruñeko alkateari egindako eraso-saiakera bat ikertzen ari da. Segizioaren eta udalbatzaren itzuleran gertatu zen, San Ferminen omenezko prozesioaren eta mezaren ostean. Eraso-saiakera San Zernin elizaren parean egin zen, eskuineko aldean, prozesioaren noranzkoan. Horrez gain, alkateari irain larriak egin zizkioten. Gertatukoa ikertzen ari da Udaltzaingoa, eta erasotzailea eta inguruan zituenak identifikatzen ari da. Izan ere, horiek ere irain larriak egin zizkioten alkateari. Dagozkien zehapenak ezarriko zaizkie. 

Babes Zibileko Tokiko Batzordearen lehen bileran emakumeen sexu-askatasunaren kontrako bi indarkeria kasuren berri eman da; biak intentsitate apalekoak izan dira, ukituengatik, eta bi erasoen ustezko egileak atxilotu dituzte. Bi kasuetan, polizian salaketa jarri da, baina atzoko kasuak dira. Bi horiei, jaien lehen egunean egindako salaketa gehitu behar zaio. Intentsitate apaleko kasu bat izan zen, ukituengatik, polizia-kidegoetan salaketa jarri zen eta ustezko egilea atxilotu zuten.

Gainera, jaien bigarren egunean 1.892 lagun pasa ziren Gazteluko plazan kokatutako Eraso sexistarik gabe, Iruña aske kanpainaren argibide-gunetik; horietatik, 1.360 emakumeak ziren, 527 gizonak, eta 5 pertsona binarioak. Sexu-erasoen aurrean informatzeko, sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta jarduteko argibide-gunea da, bai eta entzute aktiborako eta gorabeherak erregistratzeko erreferentziazko tokia ere. 

250 objektu baino gehiago galdu dira jaien lehen egunetan
Jaien lehen bi egunetan, Objektu Galduen Bulegoan 251 elementu eta objektu erregistratu dituzte. Batez ere agiri pertsonalak eta telefono mugikorrak dira. Giltzak ez dira sartzen galdutako objektuen kopuru horretan. Sanferminetan galdutako objektu horien ia % 20 jabeei itzuli zaizkie jada. Telefono mugikorrei dagokienez, ia % 50 itzuli dira. Objektu Galduen Bulegoan 41 telefono mugikor erregistratu dira, eta horietatik 19 jabeei itzuli zaizkie.

Bulegoa 24 orduz zabalik dago sanferminetan, Herritarren Segurtasuneko Alorreko bulegoetan, Iratxeko Monasterioaren kalearen 2.ean. Jabea identifikatzeko aukera ematen duten agiriez edo ondasunez bezainbatean, jabea aurkitzen saiatzen da, ondasunak bulegoan jaso ditzan. Ezin bada jabea identifikatu, produktua biltegiratu egiten da, harik eta eskatu arte eta jabeak bere legezko jabea dela egiaztatu arte.

Azkenik, sanferminetako zaldi-aziendaren ferian izandako parte-hartzaileen eta salmenten inguruko datuen berri eman da. Feria atzo goizean egin zen Udalak Agustindarren industrialdean duen lurzati batean. 307 animalia jarri ziren erakusgai salerosketarako, eta guztira 280 saldu zituzten.

 

¿Te ha sido útil esta página?