Udaltzaingoak patinete elektrikoen eta bizikleten gaineko kontrola areagotuko du hilabete honetatik aurrera, ordenantza errespetatu eta espaloietan barna zirkulatu ez dezaten

Udaltzaingoak patinete elektrikoen eta bizikleten gaineko kontrola areagotuko du hilabete honetatik aurrera, ordenantza errespetatu eta espaloietan barna zirkulatu ez dezaten
200 euro bitarteko isunak jarriko dira, besteak beste, arrazoi hauengatik: espaloietan barna zirkulatzeagatik, elementu islatzaileak eta kaskoa ez izateagatik –nahitaezkoa 16 urtetik beherakoendako– eta seinaleak ez errespetatzeagatik
Irudia
Irudia
Irudia

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen arau-hausteen eta istripuen kopuruak gora egin du, eta horren ondorioz, Iruñeko Udaltzaingoak kanpaina bat jarriko du martxan urritik aurrera, patinete elektrikoen eta bizikleten zirkulazioaren ordenantza betetzen dela kontrolatzeko. Kanpaina gaur (astelehena) jarri da abian, eta 30 eta 200 euro bitarteko isun ekonomikoak barne hartzen ditu, arau-haustearen arabera.

Endika Alonso Irisarri Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako zinegotziak prentsaurrekoan eman du kanpainaren hasieraren berri: istripu-kopurua murriztea da asmoa, maiz araudiarekin lotutako arau-hausteengatik gertatzen baitira. Izan ere, patinete elektrikoen istripuei dagokienez, 2025eko lehen bederatzi hilabetetan 2024 osoko zifrak gainditu dira. 2024an 104 istripu izan ziren guztira, eta dagoeneko 127 istripu erregistratu dira 2025eko urtarriletik irailera bitarte. Istripuen % 66an mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek izan dute ardura, urtebete lehenago baino 10 puntu gehiago (urte horretan istripuen % 56an izan zuten ardura).

Horregatik guztiagatik, bi astez, Iruñeko Udaltzaingoaren agenteek mugikortasunaren ordenantza betetzeari arreta berezia eskainiko diote; hain zuzen ere, ordenantzak garraiobide bakoitzarendako guneak ezartzen ditu, baita bizikidetza-arauak eta eremu bakoitzaren abiadura ere. Horren harira, kanpainaren bidez, gizalegearen kontrako jokabideak zuzendu nahi dira, ordenantzaren kontrakoak baitira; besteak beste, hauek dira jokabide horiek: bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak espaloietan barna zirkulatzea eta entzungailuak jarrita, mugikorra erabilita, kaskorik gabe edo abiadura desegokian gidatzea. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, kaskoa soilik 16 urtetik beherako ziklistendako da nahitaezkoa. Halaber, zirkulazio-araudia betetzen dela bermatuko da, arau-hauste hauek kontrolatuta: semaforoak gorri daudenean aurrera egitea, horretarako gaituta ez dauden oinezkoen pasabideetan ibilgailuen gainean zirkulatzea eta oinezkoekiko 1,5 metroko gutxieneko distantzia ez errespetatzea bizitegi-kaleetan eta parkeetan.

Hilabete honetatik aitzina, Trafikoko Taldeak, Bide Mugikortasuneko Brigadak eta Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko Brigadak zirkulazio-kontrolak areagotuko dituzte goizez, arratsaldez eta gauez, arreta berezia eskainita errepidean ibilgailu gehien dauden ordu-tarteetan; hau da, lanera eta ikastetxeetara sartu eta handik ateratzeko orduetan eta aisiarako eremuetan, Gaztelugibelean eta Arga Ibaiaren pasealekuan, kasurako. Gainera, gauez, argi-sistema eta txaleko islatzaileak kontrolatuko dira. Guneei dagokienez, arreta berezia jarriko dute Iruñeko Zabalguneetan, Nafarroa etorbidean Sanduzelaiko tartean, Txantreako Aita Adoain kalean, Arga Ibaiaren pasealekuan eta Barañaingo etorbidean; hain zuzen ere, azken horri dagokionez, herritarren kexa asko jaso dira, araua behin eta berriz hausteagatik.

Nolanahi ere, orain martxan jarri dena ez da informazio-kanpaina bat, kontrolatzeko kanpaina bat baizik, eta, beraz, arau-haustea egiten dutenei 30 eta 200 euro bitarteko isuna jarriko zaie, egindako arau-haustearen arabera. Arau-hauste larri hauek 200 euroko isuna izanen dute: kaskorik gabe eta argirik gabe zirkulatzea, oinezkoen pasabideetan oinezkoen lehentasuna ez errespetatzea eta semaforo gorria ez errespetatzea. 30 euroko isunak jarriko dira, besteak beste, bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuan espaloian barna zirkulatzeagatik eta ibilgailuak dituen plaza-kopurua baino pertsona gehiagorekin zirkulatzeagatik.

Kanpaina bat hilabetero eta 489 salaketa orain arte
Udaltzaingoak mota horretako kanpaina bat egiteko joera izaten du hilero, herritarrak kontzientziatu eta ordenantza betetzen dela egiaztatzeko. Urtarrilean izan ezik, orain arte zortzi kanpaina egin dira 2025ean. Kanpainetan 11.039 mugikortasun pertsonaleko ibilgailu eta bizikleta izan dira kontrolpean, eta horietatik 489k salaketak jaso zituzten arau-hausteengatik.

Azken finean, istripu-tasa murriztea da helburua, patinete elektrikoen kasuan esponentzialki egin baitu gora: 2024 osoan 104 istripu erregistratu ziren eta 2025eko urtarriletik irailera, 217. Istripu-tasa altuena auzo hauek izan dute: Iturrama eta Arrotxapea (15 istripu bakoitzak), Donibane (14) eta Buztintxuri, Alde Zaharra eta Arrosadia (10 istripu bakoitzak). Horrez gain, bizikletak tartean dituzten 114 istripu gertatu dira aurten, batez ere Donibanen (20), II. Zabalgunean (15), Iturraman (13) eta Arrotxapean (10). 2024 osoan 189 izan ziren guztira.

Patinete elektrikoen 127 istripuak arrazoi hauengatik gertatu dira 2025ean: 79 istripu alboko talkengatik (horietatik 14, oinezkoen pasabideetan eta beste 4, bizikletendako pasabideetan) eta beste 35, erorikoengatik. Halaber, bederatzi istripu harrapatzeak izan dira, eta beste lau oztopoen kontra talka egiteagatik gertatu dira. Bizikletekin lotutako istripuei dagokienez, 36 atestatu bizikleten eta patinete elektrikoen artean zeuden autoen ondorioz erregistratu dira, eta 31 alboko talkengatik (horietatik 15, oinezkoen pasabideetan).

¿Te ha sido útil esta página?