Udaltzaingoak kontrolak areagotu ditu azken asteotan kutsatze gehien dituzten eremuetan, eta 632 ikuskapen egin ditu Milagrosan eta Sanduzelain

Udaltzaingoak kontrolak areagotu ditu azken asteotan kutsatze gehien dituzten eremuetan, eta 632 ikuskapen egin ditu Milagrosan eta Sanduzelain
COVID-19aren Batzordearen bileran informazioa eman da ostalaritzaren lan-planaren eta Hilerrian Domu Santu egunean hartuko diren neurrien inguruan

Comisión COVID 19

Iruñeko Udaltzaingoak 632 ikuskapen berezi egin ditu osasun-krisiarekin lotuta Milagrosan eta Sanduzelain, gaur goizean COVID-19aren Batzordearen hirugarren bileran eman dituzten datuen arabera. Aurreko saioan hirian kutsatze-portzentajerik handienak zituzten eremuetan kontrolak areagotuko zituztela jakinarazi zuten. Bileran informazioa eman da ostalaritzaren lan-planaren, Hilerrian Domu Santu egunean hartuko diren neurrien eta Udaleko Osoko Bilkuren garapen berriaren inguruan. Osoko Bilkuren aretoko edukiera murrizketak kontuan hartuta, Udalbatzako kideen erdiak Osoko Bilkurak aurrez aurre jarraituko ditu, eta beste erdiak, telematikoki. Zinegotzi guztien parte-hartzeak jarraitu ahal izateko, pantaila erraldoi bat jarriko da aretoan. Azaroaren 5ean abiatuko sistema misto berria.
 

Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak azaldu du urriaren 13tik 21era bitarte egindako aparteko zerbitzuetan 192 zehapen-proposamen egin zaizkiela partikularrei (gehienak maskara ez eramateagatik edo segurtasun-tartea mantendu gabe erretzeagatik), eta horrez gain, 15 salaketa-proposamen ezarri zaizkie saltokiei.
 

Kutsatze gehien dituzten Iruñeko eremuetako dispositibo bereziak honako hauek kontrolatzea hartu du ardatz: ikastetxeak, kulturguneak, kirolguneak eta osasun-zentroak; saltokiak, bereziki elikagai-dendak; hiri-autobusak eta ibilgailuak; txakurrendako eremuak, eta taldeak bildu ohi diren espazioak. Auzoka, Sanduzelain 347 ikuskapen egin dira, 99 zehapen-proposamen partikularrei eta 8, dendei. Milagrosan 285 ikuskapen egin dira, 93 salaketa partikularrei eta 7, saltokiei.
 

Saio berean azaldu da Domu Santu egunerako San José Hilerrian ezarritako protokoloa. Gehienez ere 2.000 pertsona egon ahalko dira barruan, ate nagusitik sartu beharko dute, familia-nukleo bereko 4 laguneko taldeetan. Irteteko ibai aldeko atea erabili beharko dute. Bisitek gehienez ere ordu beteko iraupena izanen dute. Maskara eta gela erabili beharko dira nahitaez, eta segurtasun-tartea gorde uneoro, tenperatura neurtzeaz gain. Egungo osasun-krisiaren egoera aintzat hartuta, Iruñeko Udalak gomendatu du Hilerrira egindako bisitak ahalik eta gehien banantzea, eta urriaren 30 eta 31n eta azaroaren 1ean ez joaten saiatzea.
 

Ostalaritza-establezimenduetako jarduera ekonomikoa mantentzea
 

Iruñeko alkateak asteartean AEHN eta ANAPEH elkarteekin izandako bileraren ostean ostalariekin ezarritako lan-plana izan da landutako beste gaietako bat. Une hauetan hainbat aukera lantzen ari dira ostalaritza-establezimenduen jarduera ekonomikoa mantentzea sustatzeko behin berriz ere ireki eta gero, osasun-krisiak arlo ekonomikoan, eta gizarte- zein lan-arloan duen eragina gutxitzen saiatzeko borondateaz.
 

Batzordearen gai-zerrendan ere puntu bat txertatu da Iruñeko egoerari buruz, indarrean sartu ostean 57/2020 Foru Agindua, urriaren 21ekoa, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.
 

Ezohiko garbiketaren eta deskontaminazio biologikoaren egutegia
 

Halaber, kutsatze-arriskua murrizteko Udala egiten ari den ezohiko garbiketaren eta deskontaminazio biologikoaren egutegia azaldu dute. Beste zenbait neurriren artean, kaleak garbitzeko eta oinezkoen guneak desinfektatzeko lanak indartu eta espaloiak urez garbitzekoak areagotu dira. Esate baterako, urriaren 16an, ostiralarekin, Sanduzelai, Donibane, Milagrosa eta Azpilagañan aritu ziren bereziki lanean. Astelehenean ospitalegunea eta Iturramaren zati bat hartu zuten ardatz, eta asteartean, Arrotxapea, Txantrea, Santa María la Real eta Mendebaldea. Asteazkenean Zabalguneak eta Iturramako gainerako zatia garbitu ziren bereziki.
 

Azkenik, Udaleko langileen osasun-egoeraren berri eman dute. Gaur egun 17 langile dauden bajan COVIDa dela-eta. Hori Udaleko eta bere erakunde autonomoetako plantillaren %1 baino gutxiago da. Bigarren olatu honetan, irailaz geroztik, guztira konfirmatutako kasuak 41 dira (% 2,3).

¿Te ha sido útil esta página?