Iruñeko Udaltzaingoak hamabi bat patruila-autotan instalatutako gailu informatikoak eguneratu ditu, haien eraginkortasuna eta konektagarritasuna hobetu eta larrialdi-abisuei erantzun azkarragoa eta eraginkorragoa emateko. Hamabi patruila-autok tableta ibilgailuragarriak dituzte 2023az geroztik, eta orain berritu egin dira.
Zehazki, tableten eta ibilgailuen aurreko panelean kokatutako kameren sistema eragilea eguneratu da, irudiak jaso eta erregistratzeko sistema digitala hobetu da, baita patruila-autoen geoposizionamendu-sistema ere. Horrek guztiak ahalbidetzen du esku-hartze azkarragoak egitea eta intzidentzien izapidetzea azkartzea.
Gainera, egin diren azken eguneratzeei esker, poliziaren ibilgailuen eta Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroaren arteko konexioa hobetu da. Hala, zentroak hautemandako intzidentziari buruzko informazioa eta fitxategiak zuzenean helarazten zaizkio intzidentzia-eremura joaten den brigadari. Informazio hori berehala eguneratzen ahal da, eta horrek agenteek esku hartu behar duten gaiari buruz jakin dezaten errazten du. Era berean, patruilak zuzenean igortzen ahalko dio bildutako informazioa Koordinazio Zentroari, eta zentroak zuzenean ikusten ahalko ditu ibilgailuaren kamerak, haren kokapena eta esku hartu behar duten intzidentzia nola garatzen den jakiteko. Halaber, tabletak hainbat datu-baserekin interkonektatuta daude, eta horrek esku hartu behar duten ibilgailuen matrikula kontsultatzea errazten du, baita informazioa helaraztea ere.
Horrek guztiak giza-baliabideak eta baliabide materialak optimizatzea ekartzen du, baita herritarrei ematen zaien arreta hobetzea ere.
Bide-segurtasuna eta herritarrendako arreta
Gailu horiek Hurbiltasuneko eta Prebentzioko Brigadaren hamar ibilgailutan daude erabilgarri gaur egun, eta Bide Segurtasuneko Arloko Zirkulazioko Brigadaren bi ibilgailutan ere instalatu dira.
Ibilgailuetan instalatu diren ordenagailuen bidez, agenteek ibilgailuan bertan eta polizia-egoitzetan baleude bezala izapidetzen ahal dituzte kudeaketa administratiboak, parteak, intzidentziak, atestatuak eta txostenak. Tabletak ez ezik, ibilgailuek ikusmen subjektiboko kamerak dituzte aurreko paneletan, egiten diren esku-hartzeak erregistratu eta esku-hartze horiek segurtasun juridiko handiagoz hornitzeko, bai agenteendako, bai tartean sartuta dauden pertsonendako. Kamerek grabatutakoa zuzenean igortzen denez, Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroan bertan ikusten ahal dira esku-hartzeak, eta beste agente batzuek laguntza eta aholkuak eman eta sendotzen ahal dute esku-hartzea.
Gainera, ibilgailuek OCR matrikula-irakurgailuak dituzte konektatuta Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datu-basearekin, mugimenduan zein geldi dauden ibilgailuen kontrolak egin eta arau-hausteak hautemateko, hala nola asegururik ez izatea eta gidabaimeneko punturik ez duten edo IATa iraungita duten pertsonekin lotura izatea.