Udaltzaingoak eta Iruñerriko Mankomunitateak taxilarien larrialdietarako alerta-sistema bat jarri dute martxan

Udaltzaingoak eta Iruñerriko Mankomunitateak taxilarien larrialdietarako alerta-sistema bat jarri dute martxan
Ekimen horri esker, kasu hauetan esku hartuko da: indarra erabiliz egindako lapurretetan, bizitza arriskuan dagoenean eta osasun-larrialdietan
Fitxategi



Udaltzaingoak eta Iruñerriko Mankomunitateak taxilarien larrialdietarako alerta-sistema bat jarri dute martxan, erabiltzaileen eta taxilarien segurtasuna bermatzeko. PaMplona Alert tresna berriak taxiak geolokalizatzen ditu, eta larrialdi kasuetan poliziek azkar esku hartu dezaten errazten du.  Proposamena gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dute Endika Alonso Irisarri Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzi ordezkariak, Idoia Aritzala Etxarren Iruñeko Mankomunitateko lehendakariordeak, José Viruel Zozaya Udaltzaingoaren EKZko Taldeko inspektoreorde buruak eta José Manuel Bergasa Etayo Teletaxi San Fermín enpresaren presidenteak. 

PaMplona Alert delakoa mugikorrerako aplikazio bat da, eta zuzenean konektatzen da Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroarekin.    Botoi bat sakatu eta taxia geolokalizatzen dute, eta gero, patruilak taxia dagoen lekura joaten dira, taxilariei eta erabiltzaileei arreta emateko.  Segurtasuna bermatzeko baliabide bat da, eta taxilarien eskariari erantzuna emateko modu bat ere bai, hainbat arrisku-egoera bizi baitituzte. Dena den, soilik taxilarien eta erabiltzaileen bizitza eta osotasun fisikoa arriskuan dagoenean erabiliko da.  

Horrenbestez, kasu hauetan erabiliko da: indarkeriaz, larderiaz edo indarra erabiliz egindako lapurretetan eta osasun-larrialdietan. 
Aplikazioa edozein unetan erabil daiteke. Gaur egun, tresna 18 taxitan jarri dute martxan; Iruñeko Udalak 15.000 euro inbertitu ditu tresna hori sortzeko. Urrian hasi ziren tresna sortzen, eta aurretiko analisi bat egin zuten: Iruñerriko garraio publiko guztiari zuzendutako tresna batean pentsatu zuten, taxietan eta autobusetan erabiltzeko modukoa.  Lehen fasean, Iruñeko eta Iruñerriko 328 taxitan jarri nahi dute tresna. Gainera, villavesetan ere gaituko dute, baina ibilgailu mota horien berezitasunak aintzat hartuta: autobusetan tresna hori jartzea konplexuagoa da teknikoki, eta zailagoa da epe zehatz bat ezartzea.     

Alerta-sistema martxan jartzeko orduan, kontuan izan dute taxien eta hiri-autobusen zerbitzua Iruñerri osoan eskaintzen dela, eta ez bakarrik Iruñeko udal-mugartean.  Ildo horretan, PaMplona Alert sistemaren eragin-eremua geografikoki mugatu dute, eta beraz, ezinbestekoa izanen da herri eta hiri guztietako polizia-kidegoen eta larrialdi-zerbitzuaren arteko elkarlana. José Viruel Zozaya Iruñeko Udaltzaingoaren EKZko Taldeko inspektoreorde buruak azpimarratu duen moduan, larrialdiei beti ematen zaie arreta, taxia udal-mugarteko edozein udalerritan egonda ere.  

Botoiak erantzuna aktibatzen du
Zerbitzu hori erabili ahal izateko, Android eta IOS gailuetan deskargatzen ahal da PaMplona Alert mugikorrerako aplikazioa; jarraian, sisteman erregistratu beharra dago, taxilariaren telefono-zenbakia eta datuak eta ibilgailuarenak idatzita. Udaltzaingoak eman behar du baimena azken erregistroa egiteko, gaur egun taxilariek soilik erabiltzen baitute zerbitzua. Behin aplikazioa aktibatuta, Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroak beharrezko datuak ditu larrialdi kasuetan taxilariak eta taxiak identifikatu eta geolokalizatzeko. 

Alerta-sistema aktibatzen denean, alarma bat jasotzen du EKZak, eta taxia denbora errealean geolokalizatu dezake. Behin geolokalizatuta, gertuen dauden Udaltzaingoaren patruilak bertaratuko dira, ahalik eta lasterren esku hartu ahal izateko. Patruilak ibilgailua geldiaraziko du, eta egoera bakoitzean egin beharrekoa eginen du.  Esku-hartzea udal-mugartetik kanpo egiten badute, patruilak ibilgailua geldiaraziko du, baina beste polizia-kidego batzuekin elkarlanean arituko da.

Isileko alerta darabilen zerbitzu bat da, eta horri esker, erasotzaileak ez daki alarma aktibatu dela. Beraz, ez da beharrezkoa arriskuaren berri ematea, geolokalizazioa automatikoki aktibatzen baita. Aplikazioak, berriz, komunikazio-sistema zabal bat sortzeko aukera ematen dio Udaltzaingoari, batez ere trafiko-mozketak edo zirkulazioan gorabeherak daudela jakinarazteko. 

Iaz, 33 esku-hartze polizial taxietan
Alerta-sistemaren bidez, taxilarien eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi da, taxiaren gremioak egindako eskaerari erantzuteko xedez. Udaltzaingoak taxiekin lotutako 33 esku-hartze egin zituen 2024an. Horietatik 17 zerbitzua ez ordaintzeagatik gertatu ziren, eta hori iruzurtzat jotzen da. Gainera, beste 10 kasu bezeroekin izandako arazoekin egon ziren lotuta. Halaber, beste 5 kasutan esku hartu zuten, taxi ilegalen ondorioz. 2023an 40 esku-hartze egin zituzten, 2024an baino gehiago. 40 horietatik 13 taxi ilegalengatik izan ziren; iruzurrekin lotutako delituetan eta bezeroekin izandako arazoetan ere esku hartu zuten (11 esku-hartze bakoitzak).  
 
Halaber, beste kasu hauetan ematen diote abisua taxilariek Udaltzaingoari: bikote-erasoen kasuetan, sexu-askatasunaren kontrako jokabideak gertatzen direnean, emakumeen kontrako larderia erabiltzen denean eta borrokak gertatzen direnean.    

 

¿Te ha sido útil esta página?