Elkarbizitzaren aldeko hezkuntzari buruzko prestakuntza-programak askotariko herritarrendako dira, eta Iruñeko Udaltzaingoak programa horien ikuspuntua aldatu nahi du orain. Elkarbizitza aktiboaren aldeko apustua egin nahi dute, eta horretarako, prebentzio- eta elkarbizitza-programa berri bat jarri nahi dute abian; programa horrek gizarteko egungo beharrei erantzuna ematea du helburu. Programa berriak edukiak eguneratuko ditu, eta prebentzio integralean oinarritutako eta egungo erronkei egokitutako lan-filosofia berri bat jarriko du abian.
2024an Udaltzaingoko Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak 740 prestakuntza-saio egin zituen, eta 17.300 bat lagunek parte hartu zuten. Endika Alonso Irisarri Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzi ordezkariak eta Antonio Rodríguez Murugarren Udaltzaingoko Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeko inspektoreorde buruak programaren kontzeptualizazio berria azaldu dute: hezkuntza, prebentzioa eta herritarrekiko gertutasuna dira programaren ardatz nagusiak. Estrategia berri hori ebidentzian eta komunitatearen parte-hartze aktiboan dago oinarrituta, eta helburu du segurtasuna indartzeko tresna eraginkorrak eskaintzea eta hiriko eta auzoetako elkarbizitza hobetzea. Gainera, aldaketa esanguratsu bat da Iruñeko segurtasunari eta elkarbizitzari heltzeko moduari dagokionez.
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea Soziologia zerbitzuarekin elkarlanean ari da, honako helburu hauekin: prestakuntza sakonagoa eskaintzea, hiriko gizarte-dinamikak hobeki ulertzeko eremu-ikerketak egitea eta errealitatera hobeki egokitutako esku hartzeko estrategiak diseinatzea. Lankidetza horri esker, proiektu hauek egin dituzte: Jaietatik haratago, Adinik gabeko errespetua eta Pantailez haratago. Ekimen horiek guztiek modu espezifikoan jorratzen dituzte honako gai hauek: festaguneetako alkohol-kontsumoa, belaunaldien arteko elkarbizitza eta gure gizartearen digitalizazioa.
Aipatu moduan, programak Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak ematen ditu programak, eta hezkuntzaren eta gizartearen alorretan esperientzia zabala duen diziplina anitzeko langile-talde batek osatzen du talde hori. Gainera, modu koordinatuan lan egiten du taldeak, publiko mota desberdinei zuzendutako programak eta lantegiak diseinatu eta emateko xedez.
‘Elkarbizitza aktiboa’ programa bat dator Ikastetxeetan eta Inguruneetako Elkarbizitza sustatu eta Segurtasuna hobetzeko eta Plan Zuzentzailearekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH); izan ere, programak gizarte inklusiboagoa, seguruagoa, erresilientegoa eta jasangarriagoa sustatzen du. Hain zuzen ere, GJH hauek indartzen ditu programak: 4. GJHa (Kalitatezko hezkuntza), programak prestakuntza eskaintzen baitu balioetan, segurtasunean eta elkarbizitzan; 11. GJHa (Hiri eta komunitate jasangarriak), programak joan-etorri seguruak eta hiri-espazioen bizikidetza sustatzen baititu; eta 16. GJHa (Bakea, justizia eta erakunde sendoak), gizarteko gatazkak modu baketsuan konpontzea eta elkarrekiko errespetua sustatzen baitu programak.
Bide-segurtasuneko hezkuntza lehen, elkarbizitzaren aldeko heziketa gero
Hasiera batean, duela urte batzuk, Udaltzaingoaren zeregina bide-segurtasunean oinarritzen zen: adin desberdinei egokitutako programak eskaintzen zituzten, Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarte. Bide-segurtasuneko programa horien helburua mugikortasun seguruagoa eta arduratsuagoa sustatzea zen. Denbora pasatu ahala, programa eraldatzen joan zen gizarteko behar sozial berriei erantzuteko. 1999an, Volkswagen fundazioari esker, Polo Parkea inauguratu zuten, bide-segurtasun praktikoa lantzeko gune bat sortzeko xedez. Mugarri hori inflexio-puntu bat izan zen, Iruñeko Udaltzaingoaren hezkuntza-lana finkatu baitzuen, bai eta haren irismena handitu ere.
2016an bere helburuak zabaldu zituen taldeak, herritarrek hala eskatuta, eta elkarbizitzarekin lotutako gai zabalagoei heltzeko beharra zela medio. Bide-segurtasuneko hezkuntza eta gizabidezko hezkuntza batu zituzten, ikuspuntu integralagoa izateko xedez. Ordutik, elkarbizitzaren aldeko hezkuntza ezinbestekoa da gizartean; izan ere, gizabidea ezinbestekoa da joan-etorri seguruak bermatu eta elkarbizitza harmoniatsua sustatzeko.
Bide-segurtasuna eta gizabidezko hezkuntza
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak hainbat programa garatzen ditu, gizarteko kolektibo jakin batzuen arazoei heltzeko. Hauek dira kolektibo horiek: besteak beste, ikastetxeak, hezkuntza-behar bereziak dituztenei arreta emateko zentroak eta adinekoen taldeak. Programa horiek bi alor nagusi dituzte oinarri: bide-segurtasuna eta gizabidezko hezkuntza.
Saioek ikuspuntu praktikoa dute, eta parte-hartzaile bakoitzaren behar zehatzetara egokitzen dira. Askotariko metodologia parte-hartzaileak erabiltzen dituzte, adinetara eta gaietara moldatuta. Besteak beste, honako hauek egiten dituzte: rol-jokoak, inguruaren behaketa zuzena, hitzaldi interaktiboak, eztabaidak, kasu praktikoen analisia eta talde-dinamikak. Azken finean, honako hauek sustatu nahi dira: hausnarketarako guneak, pentsamendu kritikoa, eta parte-hartzaileen parte-hartze aktiboa, betiere beren ikaskuntza-prozesua aintzat hartuta.
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak aholkularitza eta babesa eskaintzen du, eta ezinbesteko zubia da kolektibo bakoitzaren beharren eta Poliziaren eta beste instituzio batzuen baliabideen artean. Hala, komunitatearen beharrei arreta integrala emateko aukera eskaintzen da, gerta litezkeen arazoei aterabidea bilatzeko programak eta jarduerak eskainita.
Askotariko herritarrei zuzendutako programak
Ikastetxeetan, taldeak ikasleekin egiten du lan, baita guraso-elkarteekin ere; besteak beste, gai hauek jorratzen dituzte: garapena eta ongizatea, jazarpenaren eta ziberjazarpenaren prebentzioa eta jarduketa, Internetekin lotutako delituak eta sare sozialen erabilera seguru eta arduratsua. Batez ere, pribatutasunean eta genero-indarkerian jartzen dute enfasirik handiena. Hori horrela, legez kanpoko drogen eta beste adikzio batzuen berri ematen eta sentsibilizatzen dute, hala nola bideojokoak eta apustuak. Hain zuzen ere, pantailekiko adikzioari aurre egiteko Pantailetatik haratago programa funtsezkoa da, gailu elektronikoak gehiegi erabiltzearen arriskuei buruz kontzientziatu, eta aztura osasungarriak sustatzen baititu.
Behar bereziak dituztenendako zentroei dagokienez, Hesirik gabeko segurtasuna programa aipatu beharra dago: bide-segurtasunarekin eta segurtasun digitalarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, bai eta arrisku sozialen prebentzioa ere, betiere irisgarritasunaren eta inklusioaren ikuspuntutik abiatuta. Egokitutako erakusketak, lantegi praktikoak, pertsona horiek ahalduntzeko eta haien inguruan konfiantzaz eta eroso aritu daitezen material irisgarriak eskaintzen dituzte. Halaber, baimenari eta norbanakoen mugei buruzko prestakuntza ematen da.
Adinekoei dagokienez, Prebentzio aktiboa programak etxean, kalean eta online babesteko tresnak eskaintzen ditu; Adinik gabeko errespetua programak, berriz, tratu txarren prebentzioa jorratzen du. Bide-segurtasuna hobetzea da helburua, bai eta teknologiaren erabilera segurua sustatzea eta eguneroko bizitzako arrisku-egoerei aurrea hartzea ere. Horretarako, material irisgarri eta ulergarriak erabiltzen dira.