Udaltzaingoak ibilgailu elektriko gehiago eskuratu ditu, Udalak jasangarritasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri. Hiru auto, bi furgoi arin eta moto elektriko bat eskuratu dituzte zehazki. Hala, Udaltzaingoaren joan-etorriek bat eginen dute Iruñeko Udalak bere egin eta bultzatzen duen estrategiarekin: mugikortasun jasangarria, ingurumenarekiko errespetua eta 2030 Agendaren helburuak betetzea. Gainera, Udaltzaingoaren irudi korporatibo publikoa ere estrategia horrekin lotuta egonen da.
221.168,06 euro behar izan dituzte ibilgailu horiek erosteko, eta horiez gain, beste sei furgoi ere eskuratu dituzte renting sistemaren bidez: hurbileko patruila-lanek sortzen dituzten beharrei erantzuteko erabiliko dituzte.
Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordea gaur izan da ibilgailu berriak ikusten poliziaren instalazioetan. % 100 elektrikoak dira, eta erabilera bat emanen diote mota bakoitzari: bi auto Mugikortasuneko Brigadaren joan-etorrietarako erabiliko dituzte, eta bi furgoneta arinak, berriz, bide-segurtasuneko brigadak erabiltzeko izanen dira. Beste autoa Udaltzaingoaren Burutzarentzat izanen da. Moto elektriko berria trafikozainendako izanen da, baina, ibilgailu moldakorra denez, beste erabilera batzuk ere emanen dizkiote, hala nola parkeetan eta zelaietan ibiltzeko, trakzio egokia baitauka horretarako.
Esan bezala, sei furgoi eskuratu dituzte renting sistemaren bidez: lau urterako izanen dira, eta Hurbiltasuneko Brigadak erabiliko ditu. 2024an amaitu zen renting kontratu baten jarraipen bat da erosketa hori, eta 572.956 euroko kontratua izan da oraingoa.
Orain arte, Udaltzaingoaren 93 ibilgailuetatik bi bakarrik ziren elektrikoak. Aurreikuspenen arabera, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak ibilgailuak berritzeko lizitazio gehiago eginen ditu aurrerantzean, eta erabat elektrikoak direnekin ordezkatuko dituzte erregaia behar duten ibilgailuak: hala, ingurumena zaintzeaz gain, asko aurreztuko dute.
Oraintxe bertan, Iruñeko Udaltzaingoak 93 ibilgailu ditu guztira: 30 motozikleta, 31 auto, 23 monobolumen edo furgoneta arin, 8 furgoi eta lur orotako ibilgailu bat. Horietatik 8 elektrikoak dira, 4 Dornier enpresak utzitakoak dira (renting sistemaren bidez) eta 10 alokairuan dauzkate (renting bidez horiek ere).